Txu-txu trena erabiltzeko udako bonua salgai jarriko dute ekainaren 3an

Julene Sorarrain 2025ko mai. 29a, 08:59

Udako txu-txu trena kalean barrena. (Orioko Udala)

Txu-txu trenaren zerbitzua egunero eskainiko dute, 11:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era. Udako bonuak ekainaren 3tik aurrera egongo dira eskuragai turismo bulegoan, 10 euroren truke. Aldiz, uztailaren 1etik aurrera erosiz gero, 20 euro balioko dute. Hortaz, bonua erdi prezioan erosi ahal izateko azken eguna ekainaren 30a izango da.

Orioko Udalak aste honetan jakinarazi du herrigunea eta hondartza lotzeko txu-txu trenaren zerbitzua eskainiko duela uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte. Trena egunero hartu ahal izango da, 11:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era. Gainera, "txartelen salmenta errazteko", aurten ere uda osoko bonuak eskainiko dituzte.

Txu-txu trenaren zerbitzua kanpoko enpresa batek kudeatzen du, eta udalak "trenaren berritasuna eta irisgarritasuna" lehenetsi ditu zerbitzua adjudikatzeko lizitazioan. Beraz, trenak gurpildun aulkiak igotzeko aukera emango du aurten. "Hala ere, altuera dela-eta, ezingo da N-634 errepide azpitik igaro, Ibai Ondo kalean, eta ez da, beraz, Anibarko Portura iritsiko; hondartzatik bueltan Ikastola pareko plazan egingo du itzulia", azaldu dute.

Udako bonuak ekainaren 3tik aurrera egongo dira eskuragai turismo bulegoan, 10 euroren truke. Aldiz, uztailaren 1etik aurrera erosiz gero, 20 euro balioko dute. Hortaz, bonua erdi prezioan erosi ahal izateko azken eguna ekainaren 30a izango da. Bonu horrekin nahi adina bidaia egin ahal izango dituzte herritarrek, eta erosteko eskaera orri bat bete beharko dute turismo bulegoan, baita karnet tamainako argazki bat aurkeztu ere.

Aurten, berrikuntza bezala, joaneko txartelak izango dira eta euro bat balioko dute. Hau da, herrigunetik hondartzara joateko edo itzultzeko erabili ahal izango da joaneko txartel bakoitza. Horrez gain, 15 joaneko txartel-sorta erosi ahal izango da 10 euroan. Gidariak berak ere izango ditu salgai, eta hauek kreditu txartelarekin bakarrik erosi ahal izango dira trenean. Turismo bulegoan eta kanpinean ere izango dira salgai. 3 urtetik beherako haurrek, aldiz, doan bidaiatuko dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide