Orioko Udalak eta parapente zaleek azken urteetan egindako bileren ondorioz, kirol portuaren ondoko eremu bat egokitzea erabaki dute "proba moduan", parapente zaleek lur hartzeko. Babestutako duna eremuaz kanpo dago eremu hori, eta dagoeneko belarra moztu eta lekua egokitu du udalak. Uda honetan martxan izango da.
"Orio aspalditik izan da Euskal Herriko parapente zaleen txokorik preziatuenetako bat; batez ere, herriaren ezaugarri geografikoengatik eta haizeagatik. Kukuarri ingurutik salto egin, eta paisaia berde-urdinaz gozatzeko talaia paregabea eskaintzen du", azaldu du udalak. Hala eta guztiz ere, udalak "zaleen arriskua gutxitzeko eta kirolari eta oinezkoen arteko bizikidetza hobetzeko" asmoarekin, beharrezkoa ikusi du lur hartzeko "leku apropos bat" bermatzea.
Parapentearen alderik arriskutsuena lur hartzea dela argitu du udalak, eta hori orain arte "egoki arautu gabe" egon baita. Izan ere, Europako eta Espainiako aireko nabigazio-legeek modu oso sinplean arautzen dituzte parapenteen hegaldi eta lur hartzeak: ez dute lizentzia aeronautiko berezirik behar, aeronabigatzeko baldintza berezirik ez dute behar, hegaldiak ez zaizkio nabigazio-autoritateei jakinarazi behar eta aireratze eta lur hartze eremuek ez dute baldintza espezifikorik bete behar. Legeak aipatzen duen baldintza bakarra, ordea, lur hartzeko eremuak aglomerazioetatik kanpo egon behar direla baita. Horretarako, udalak egokitzat ikusi du kirol portuaren ondoan dagoen zabalgunearen zati bat mugatzea. "Azken 20 urteetan eremu hori bideratuta egon da duna eremu bihurtzeko, baina egin den saiakerak ez ditu esperotako emaitzak izan".
Eremu horretan lur hartzeko, udalak Gipuzkoako Kirol Aire federazioarekin adostu ditu baldintzak: erabiltzaileek federatuta egon beharko dute, eta erantzukizun zibileko asegurua indarrean eduki.