Aldundiak eta kostaldeko udalek akordioa lortu dute hondartzen kudeaketa indartzeko

Aritz Mutiozabal 2025ko mai. 24a, 10:00

Gipuzkoako Hondartzen Mahaiko ordezkariak eta Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua (Gipuzkoa.eus)

Jasangarritasun Departamentuak 4 milioi pasatxo gehiago bideratuko ditu 2025-2027 aldian. Laguntza ekonomiko gehigarriak udalerri bakoitzeko biztanleriaren araberako proportzionaltasun irizpidez banatuko dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta kostaldeko udalek (Mutriku, Deba, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Hondarribia) garrantzi handiko akordio estrategikoa lortu dute hondartzen kudeaketa ekonomikoki indartzeko. Ondorioz, 2025-2027 aldirako, departamentuak 4,1 milioi euro gehiago bideratuko ditu hondartzetako funtsezko zerbitzuak finantzatzeko.

Akordioa ostegun goizean berretsi zuen Gipuzkoako Hondartzen Mahaian, eta bertan bildu ziren, besteak beste,  Getariako alkate Haritz Alberdi, Orioko alkate Anuska Esnal, Zarauzko Udaleko Zerbitzuen zinegotzi Iban San Martin eta Zumaiako alkate Iñaki Ostolaza, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuarekin batera.

Jasangarritasun Departamentuak 12 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu lurraldeko hondartzen kudeaketa integralerako, kostaldeko udalen eskaerei erantzuna emanaz. Asensio diputatuak balioa eman zion akordioari eta egindako ahalegin ekonomiko garrantzitsuari: “Inbertsio horrekin gure hondartzen kudeaketa integralean eredu bidezkoagoa, koordinatuagoa eta eraginkorragoa lortzeko urrats estruktural eta egonkorra egin dugu”.

Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak, kostaldeko alkateen izenean, "berri pozgarria" dela adierazi zuen, batez ere udal txikienentzat, eta "hasierako eskaerari bere horretan erantzuten ez bazaio ere, aurrerapauso garrantzitsua da”.

Jasangarritasun Departamentuak 1.700.000 euro gehiago emango dizkie kostaldeko udalei 2026ko eta 2027ko hondartza-denboraldiko zerbitzuak finantzatzeko; hau da, sorospena, bainugela egokitua, hondartza-zerbitzuak eta abarretarako. Funtsaren banaketa udalerri bakoitzeko biztanleriaren araberakoa izango da: 5.000 biztanle arteko udalerriei (Getaria) zerbitzuaren kostuaren %80ko diru-laguntza emango zaie; 5.000 eta 10.000 biztanle artekoi  (Mutriku, Deba, Orio) %75koa; 10.000 eta 15.000 biztanle artekoi (Zumaia) %60koa; eta 15.000 biztanletik gorei (Zarautz eta Hondarribia) %50koa.

Halaber. 2025erako aurreikusitako 700.000 euro gehigarriak udalerri horien artean banatuko dituzte, laguntza ekonomiko gisa, proportzionaltasun irizpide berberei jarraituz, finantzaketa eredu berrirako trantsizio bidezkoa bermatzeko.

Bestalde, aipatu finantzaketaz aparte, aldundiak bere gain hartuko du ibai-bokaleetako hondartzetan (Orio, Deba, Zumaia eta Mutriku) hondakinak kudeatzeko kostua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide