Adierazpen bateratua kaleratu dute Orioko Pakak taldeak, Orioko Futbol Taldeak eta Orioko Udalak joan den asteburuko gertakarien harira

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 17a, 14:39

Orioko udaletxea.

Bost puntuko adierazpena sinatu dute. Besteak beste, konpromisoa hartu dute komunikazio publiko arduratsua egiteko, baita lanean jarraitzeko ere "Orio berdinzaleago, justuago eta askeago baten alde".

Joan den larunbatean, LGTBIQ+ kolektiboaren aldarrikapenak eta festa uztartuz, Paka Fest jaia antolatu zuen Orioko Pakak taldeak. Egun horretan bertan, Orioko Futbol Taldeko gizonezko seniorrek Ohorezko Mailara igotzea lortu zuten, eta lorpen hori ospatu zuten futbol zelaian eta kalean. Hurrengo egunetan, LGTBIQ+ kolektibokoek erasoak salatu zituzten sare sozialetan, eta haiei publikoki erantzun zieten futbol klubekoek, seinalatuak sentitu zirelako.

Gaur, idatzi bateratua kaleratu dute Orioko Udalak, Orioko Futbol Taldeak eta Orioko Pakak taldeak. Idatzian, aurrena gertatutakoa azaldu dute, zehatz: larunbat gauean, "futbol taldeko bufandak jantzita zituzten herritar batzuek, tartean futbolari bat, oldarkor, Paka Fest iragartzen zuten kartelak eta LGTBIQ+ kolektiboaren aldeko pankartak kendu zituzten, herriaren sarreran, "PakaFest ez" oihu eginez. Paka Festetik zetozen mugimendu feministako herritar batzuek ikusi eta kargua hartu zieten. Ondoren, mugimendu feministako hiru kide kendutako pankarta bat berriz jartzen ari zirela, txistuak eta irainak jaso zituzten taberna inguruan zeuden zenbait herritarrengandik. Grabatuta dago gertatutakoa. Gau hartan bertan, Saregile emakumeen etxeko atea txistuz eta karkaxaz zikindu zuten", esan dute.

Herriko bi talde horiek publikoki egindako adierazpenak kontuan hartuta eta "egoera gaiztotzen ari zela ikusita", udalak bilerara deitu ditu aste honetan bi taldeak, "gaizki ulertuak argitu eta indarrak herri hobeago baten alde batzeko".

Bost puntuko adierazpena

Bilera horien emaitza bost puntuko adierazpen bat da, hiru aldeek sinatu dutena. Aurreneko puntuan jaso dute erabat gaitzesten dutela Orioko Pakak taldeak jarritako pankarta kentzea, Paka Festen kontrako oihuak egitea eta Saregile etxea txistuz zikintzea, "adierazpen askatasunaren kontrako eraso larri bat delako eta LGTBIfobiaren erakusgarri garbia delako. Horrelako jarrerek ez dute lekurik gure herrian. Zoritxarrez, ez da lehen aldia".

Bigarren puntuan, esan dute "arduraz eta kezkaz" bizi dituztela garaipen festetan hartzen diren zenbait jarrera. "Egindakoaren ardura pertsona horiena da, baina herri eragileok jarrera erasokorrei erantzuteko ardura daukagu", esan dute.

Hirugarren puntuan, konpromisoa hartu dute halakorik errepika ez dadin lan egiteko, eta aldi berean, sare sozialak arduraz erabiltzeko: "Gure esku dagoen guztia egingo dugu horrelakorik berriro ez gertatzeko, eta herritarrei eskatzen diegu, bereziki, oso arduratsuak izan daitezela sare sozialak erabiltzerakoan. Momentuko berotasunean esan edo idatzitako gauzek mina sortu dezakete eta oso eragin kaltegarria izan herriko elkarbizitzan".  Horren harira, laugarren puntuan zehatzago jaso dute adierazpen publikoak tentuz egitearen garrantzia: "Sinatzaileok konpromisoa hartzen dugu, herriko talde edo kolektiboen ordezkari garen neurrian, komunikazio publiko arduratsua egiteko".

Azkenik, hiru sinatzaileek lanean jarraitzeko konpromisoa erakutsi dute "Orio berdinzaleago, justuago eta askeago baten alde".

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide