Loreak eta labanak Orion

Oriyoko Pakak 2025ko mai. 17a, 09:00

Landare bat hazten harri artean. (Krzysiek/Pixabay)

Maiatzak 17 ditu gaur, LGTBIQ+ fobiaren kontrako nazioarteko eguna da, eta egunaren harira honako iritzia argitaratu du Oriyoko Pakak taldeak maiatzeko Aia-Orio Guka aldizkariko Akuilua hartuta atalean.

Konturatu gara liluratzen gaituela Nakar taldearen Lore eta laban kantak Oriyoko Pakakeko taldekideok. Baina ez dugu doinua bakarrik gustukoa; egiari zor, letrarekin ere enpatia handia dugu. Hain zuzen ere, herrian "batzuetan lore, besteetan laban" bizi gara; halere, oso ondo dakigu "hartu eta eman" dikotomia horretan jokatzen, eta gustatu ere egiten zaigu.

Hari horri jarraituz, horrela hasten da Donostiako taldearen abestia: "Bakarrik dijoa, inork ez du entzuten. Zerbait esan nahi du, ez dakiela isiltzen". Esaldi gordinak; ez, ordea, fikziozkoak. Preseski, genero eta identitate disidenteok askotan isildu egin behar izan dugu. Ez zer esanik ez dugulako, baizik eta indarkeria matxistagatik, beldurra izan dugulako pentsatzen duguna adierazteko eta gure identitatea askatasunez erakusteko.

Ildo beretik, maiatzaren 17a LGTBIQ+fobiaren aurkako eguna dela ekarri nahi dugu gogora. Gainera, inoiz baino garrantzitsuagoa da aurten aliantzak erdigunean jartzea, argi baitago faxismoa sekulako gorakada izaten ari dela. Horren adibide dira, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetan onartutako transexualen aurkako dekretuak edota Europan azken urteotan disidenteon aurka indarrean sartu diren legeak.

Alabaina, LGBTIQ+ kolektiboaren aurkako erasoak ez dira Euskal Herritik kanpo bakarrik jazotzen; aitzitik, Orion ere pairatzen ditugu. Esaterako, gogora ekarriko ditugu iaz kendutako kartelak, eraikin publikoetatik erretiratutako banderak edota eskailerak pintatzerakoan entzun beharreko komentarioak. Haatik, aurten egoera ez da hobera joan, okerrera baizik. Horren erakusle dira, hala nola bizpahiru taldekidek jasotako irainak edota indarkeria zuzena. Are gehiago esango dugu: ekintza horien guztien ostean, herriak beste aldera begiratu du; hau da, egun erasotzaileak inpunitate osoz dabiltza herrian. Hortaz, herritarrei ardurak hartzeko eskatu nahi diegu, errealitatea ahaztea ez baita inoiz sendabidea. Utz diezaiogun "lagun eta etsai" gisa jokatzeari.

Bestalde, ez dugu aipatu gabe utzi nahi zenbait euskal komunikabidek hartutako erabakia. Hain justu, badira identitate disidenteak biltzeko izenean * ikurra erabiltzen duten hainbat elkarte. Ordea, badirudi hedabide batzuentzat ez dela egokia ikur hori erabiltzea, gure aburuz hutsalak diren arrazoiak oinarri hartuta. Horregatik erabaki hori ikusgaitze ariketa dela uste dugu, eta, beste behin ere, kolektibo zaurgarriak zapaltzen dituela nabarmendu nahi dugu. Horren inguruan hausnartzeko eskatzen diegu dagokienei, mesedez.

Hala ere, hasieran aipatutakoa berrartuta, laban artean badira loreak ere. Abagune hau erabili nahi dugu babesa adierazi diguten elkarte eta norbanako guztiei eskerrik beroenak emateko; urte guztian balkoian bandera jarrita izan duzuelako, guri entzuteko interesa erakutsi duzuelako edota gure ongizateaz arduratu zaretelako.

Arestian esan bezala, sistema polarizatzen ari den honetan, ezinbestekoa da herrian aliantzak finkatzea eta berriak sortzea. Beraz, bukatzeko, badakigu: jendartea aldatzen ari da, bai, baina oraindik ez da aldatu. Hori dela eta, saia gaitezen ahalik eta modu oparoenean bizitzen guztiok. Lor dezagun loreak labanei gailentzea, bai hartzerakoan, baita ematerakoan ere. Bitartean, borrokan jarraituko dugula garbi dugu. Gora borroka transfeminista!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide