Idoia Urkizu: "Hunkigarria da Gabon kantak ospitalean dauden umeekin abestea"

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 18a, 08:00

Idoia Urkizu. (Onintza Lete Arrieta)

Apirileko Aia-Orio Guka aldizkariko Hitz Tantak ataleko elkarrizketa da honakoa.

Musikari peto-petoa da Idoia Urkizu (Orio, 1968). Txikitan hasi zen musika ikasten Patxi Danbolin-ekin, eta laster hiru hamarkada beteko ditu Salatxo herriko abesbatzan. Azken urteetan, koru bereziago bateko kide ere bada oriotarra: Osakidetzako Kantakidetza abesbatzakoa.

Askok ez dute jakingo Osakidetzak abesbatza propioa duenik...

Ez, ezezaguna da, baina 2009tik dago martxan Kantakidetza abesbatza, eta urtean zehar hainbat kontzertu ematen ditu: besteak beste, Osakidetzako erretiratuei agurra kantatzen die, osasun kongresuetan parte hartzen du, adinekoen egoitzetan elkartasun emanaldiak eskaintzen ditu eta Gabonetako kontzertua eskaintzen die ospitaleetako langileei eta gaixoei.

Nolatan sortu zen?

Munduarekiko maitasuna zuten Osakidetzako langile batzuek sortu zuten, esan bezala, 2009an. Hasieran, Gabonetan kontzertua ematea zen zuten asmo bakarra. 60 laguneko taldea elkartu zen, eta gaur egun, ehun gizon-emakume inguruk osatzen dugu korua: medikuek, erizainek, laguntzaileek, administrariek... Igor Arroyo da zuzendaria, Salatxo abesbatzaren zuzendaria; esan nahi nuke musikari profesional bikaina dela.

Kontzertu xumeak nahiz inportanteak eskaini izan dituzue, Donostian bertan nahiz handik kanpo, ezta?

Hala da. Abestu izan dugu Donostiako Artzain Onaren katedralean nahiz San Telmo museoan, Bilboko Euskalduna jauregian nahiz Untzi Museoan, baita Espainiako hainbat tokitan ere, Segoviako Alcazarrean nahiz Avilako auditorioan, esaterako. Dena den, beste guztien artean, 2023an Donostian bertan emandako kontzertu bat goraipatuko nuke.

Zergatik?

Nagusilan adinekoen elkarteak elkartasun kontzertu bat antolatu zuen, pandemiaren unerik txarrenean lehen lerroan egon ziren langile soziosanitarioei eskainitakoa, adinekoei emandako arreta eskertzeko. Hala, Beethovenen 9. Sinfonia eskaini genuen hainbat taldek elkarlanean: Musikeneko ikasleek eta ikasle ohiek osatu zuten orkestra, eta kantuan, berriz, Kantakidetza eta Salatxo abesbatzez gain, Hernaniko Kantuz eta Astigarragako Aiztondo ere aritu ziren. 170 lagun aritu ginen kantuan, guztira. Abesbatza horiek denak Arroyok berak gidatzen ditu. Kontzertu hura erronka handia izan zen Osakidetzako abesbatzarentzat, obra indartsua eta konplexua delako.

Zu zergatik hasi zinen Kantakidetzan abesten?

Urte batzuetan Mendaroko ospitalean lan egin ondoren, 2008an hasi nintzen Donostia Ospitalean administrari lanetan. Askotan, komunean kantari aritzen nintzen, eta behin, laborategietako langile batek esan zidan oso ondo abesten nuela eta berak Kantakidetzan kantatzen zuela. Hala izan nuen abesbatza haren berri, baina garai hartan ume txikiak nituen, eta 2017an animatu nintzen koruan parte hartzera. Javier Etxeberria zen orduan zuzendaria. Ordurako urteak neramatzan Salatxo abesbatzan, eta solfeoa ere banekien. Txikitatik ibili naiz musikaren munduan, Patxi Danbolin-ekin hasita.

Oso desberdinak izango dira bi abesbatzak...

Bai. Osakidetzakoan, askok ez dakizkigu elkarren izenak ere; hori bai, oso atseginak dira denak eta oso ondo pasatzen dugu. Gainera, emanaldi batzuk oso hunkigarriak izaten dira: esaterako, Gabonetan ospitalearen atarian egiten dugunera ospitaleratuta dauden haurrak jaisten dira. Gabon kantak elkarrekin abesten ditugu, eta hunkigarria izaten da.

Zer ematen dizu kantuak?

Barrua husten laguntzen dit. Askotan, lanetik atera eta irrikaz joaten naiz entseguetara, dena kanporatzera. Izan ere, lasaitasuna ematen dit. Gustatu egin behar zaizu, hori bizitzeko.

Etxean kantu zaleak al ziren?

Aita [Juan Urkizu] eta osabak bai. Aita Salatxon ibili da oraintsu arte, eta lehenago otxote batean ere kantatzen zuen. Harengandik jaso dut kanturako zaletasuna.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide