Markel Elias: "Garbi daukagu gure ibilbidea ez dagoela bukatuta"

Aitziber Arzallus 2025ko mai. 14a, 14:00

The Friday's Crew taldea. Ezkerretik bigarrena da Markel Elias abeslaria. (Utzitakoa)

Urte batzuetan agertokietatik kanpo ibili eta gero, The Friday's Crew taldea Sanagustingo oholtzara igoko da larunbatean, Etxera Egunez, Su ta Gar eta Trikidantzen aurretik. Ikusmina sortu du itzulerak. 21:00etan hasiko da kontzertua, eta sarrera doakoa izango da.

Urte batzuetako geldialdiaren ostean, datozen asteetarako hiru kontzertu iragarri ditu The Friday's Crew taldeak. Horietatik aurrena zapatuan izango da, Azpeitian, Etxera Eguneko egitarauaren barruan, Su ta Gar eta Trikidantzen aurretik. Markel Elias (Azpeitia, 1982) taldeko abeslariak azaldu dizkio Gukari itzuleraren nondik norakoak.

Nolatan erabaki duzue agertokietara bueltatzea?

Ez da izan asko pentsatuta erabaki dugun zerbait. Garbi daukagu gure ibilbidea ez dagoela bukatuta, baita benetan erakartzen gaituzten espazioetan bakarrik joko dugula ere. Momentuz, 2025ean hiru kontzertu emateko asmoa dugu, eta hurrengoa nork daki noiz eta non izango den. Oso argi daukaguna da lehengo erritmo hartara ez dugula bueltatu nahi, astero edo hamabostero jotzera. Umerik ez duzuenean eta zure pasioa punk-oi musika denean erraz egiten duzu hori; erraz eta gustura, gainera. Asteburuero mundu horretan egindako lagunekin topo egitea eta elkartzea gozamena izaten zen. Gaur egun, ordea, taldekide guztion artean zortzi seme-alaba ditugu, eta oraintxe bertan gure lehentasuna familia da. Dena dela, eta hori dena kontuan izanda, geure artean hitz eginda geneukan eskaintza politen bat jasotzen genuenean pentsatu behintzat egingo genuela.

"Hitz eginda geneukan eskaintza politen bat jasotzen genuenean pentsatu behintzat egingo genuela"

Asko kostatu al zaizue berriz martxa hartzea?

Martxan hastea ez zitzaigun gehiegi kostatu; bai, ordea, jarraikortasuna ematea, entseatzeaz aparte denok ditugulako bestelako betebeharrak. Hasteko eta behin, zortzi seme-alaba, eta horietatik bi, Ekhi eta Liher, jaioberriak eta bikiak. Gero, badira beste talde batzuetan jotzen dutenak ere. Adibidez, Harri Apunta taldeko kidea ere bada, eta haiek ere aurten bueltatzekoak dira pare bat kontzerturekin. Iosuk, berriz, Azpeitiko Musika Bandan eta Trini Foxen ere jotzen du, eta azken hilabeteetan diskoaren grabaketan eta zuzenekoak prestatzen aritu dira buru-belarri. Gainera, Harrik eta biok tarteka atzerrira joan behar izaten dugu lanera. Eta horietaz guztietaz aparte, norberak bere zaletasunak eta gorabehera pertsonalak ditu. Gauza asko dira, eta ez zaigu nahiko genukeena bezain erraza egin dena uztartu ahal izatea.

Oraingoz hiru kontzertu iragarri dituzue, baina proposamen gehiago ere jaso dituzue, ezta? Zergatik erabaki duzue hiru horiek onartzea?

Lehenengo, maiatzaren bukaeran Bergaran [Gipuzkoa] egingo den Ekinez jaialdiaren antolatzaileek deitu ziguten. Taldekideok elkar konbentzitzen aritu ginen, eta, azkenean, proposamena onartzea eta baiezkoa ematea erabaki genuen. Ondoren, Arrasaten [Gipuzkoa] uztailaren hasieran egingo den Mondra&Roll jaialditik deitu ziguten. Bi jaialdien artean hilabeteko epea besterik ez dagoenez eta bietan jotzeak gehiago entseatu beharrik eskatzen ez digunez, haiei ere baiezkoa eman genien. Aurten bi kontzertu horiekin nahikoa izango genuela pentsatzen genuen, baina jaialdi horietako kartelak atera zituztenean gure presentzia iragarriz, batetik eta bestetik hoska hasi zitzaizkigun. Egia esan, toki askotatik deitu digute, eta denei ezezkoa eman diegu, baina Etxera Egunean jotzeko proposamenari ezin ezetz esan. Pixka bat kostatu zitzaigun erabakitzea, baina, azkenean, aurrera egitea erabaki genuen.

"Ilusio handiena egiten diguna da gure seme-alabek, familiakoek eta lagunek gu ikustera etortzeko aukera izango dutela"

Itzulera herrian izatea berezia izango al da?

Bai, noski; Azkoiti-Azpeitikoak gara taldekide denok, eta beti da berezia norbere herrian jotzea. Azpeitian kontzertu asko emandakoak gara; garai batean, urtean bat edo bi bai. Gaztetxean asko jotakoak gara; plazan, Sanagustinen eta Sanjuandegin ere bai; baina, batez ere, Txarrantxan. Hura zen gure bigarren etxea, nahiz eta, pena handiz, badiren urte batzuk itxi zutela. Larunbatean Sanagustinen ariko gara, eta hura bezalako areto batean jotzea beti da gozamena. Hala ere, ilusio handiena egiten diguna da gure seme-alabek, familiakoek eta lagunek gu ikustera etortzeko aukera izango dutela. Herritik kanpo jotzen dugunean zaila da seme-alabak-eta etortzea, logistika kontuak zaildu egiten direlako. Oraingoan, ordea, herrian bertan joko dugu, eta, gainera, 21:00etan; ezin hobeto, beraz.

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide