Gaizka Uranga eta Joseba Iribar: "Ilusioarekin eta lana eginez, oso gora irits gaitezke"

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 8a, 08:00

Gaizka Uranga eta Joseba Iribar, Mendibeltz futbol zelaian. (Onintza Lete Arrieta)

Futbol denboraldia amaitzear denean, balorazioa egin diote Gukari Orioko Futbol Taldeko Gaizka Uranga (Orio, 2000) presidenteak eta Joseba Iribar (Orio, 2000) kirol zuzendariak. Senior neskek zein mutilek mailaz igotzeko aukera handiak dituzte Gorengo Mailatik Ohorezko Mailara, eta larunbat honetako partida garrantzitsuetarako autobusa jarri du klubak.

Senior neskek zein mutilek liga oso ona egin dute, eta igoera fasean daude. Zer balorazio egiten duzue?

GAIZKA URANGA: Balorazioa oso ona da, bikaina. Urte asko daramatzagu bi taldeak igotzearekin amesten, eta aurten aukera dago. Mutilek igoera larunbat honetan bertan eskuratu dezakete zuzenean, Donostian, Rotetaren aurkako partida irabaziz gero (18:00etan, Martutenen). Neskak eta mutilak oso ondo konektatuta daude beren taldeetan, eta uste dut entrenatzaileekin asmatu dugula. Gure apustua izan zen aurreko entrenatzaileak kentzea eta bi berri jartzea [Aitor Arregi eta Joseba Agirre], eta horrek asko lagundu du. Azken partidetan gure neska-mutilek herriaren babesa behar dute, eta zaleen bultzada funtsezkoa izango da.

Zaleen beharra duzuela esan duzue. Hain zuzen, klubak gutuna argitaratu zuen joan den astean zaleei babesa erakusteko eskaera eginez.

JOSEBA IRIBAR: Zaleei eskerrak eman behar zaizkie, bai, futbol zelaia bete-beteta egon delako irailetik hasi eta bukaerara arte, baina eskatu nahi diegu igoerako aukerak ditugun honetan, bereziki babestea gure taldeak, eta kanpoko partidetara ere animatzea. Bufandak soinean, Mendibeltz fortin bat bihurtzea nahi genuke.

G.U.: Hori da. Zaleei gure esker ona azaldu nahi diegu, astebururo harmailetan egoten den giroa sekulakoa izaten delako. Kanpotik etortzen diren entrenatzaile, jokalari eta gurasoek askotan esaten digute jende asko elkartzen dela Orion. Klubarekiko inoiz baino harreman estuagoa dago herrian, eta horrek horrela izaten segitzea nahi dugu.

Zuzendaritza berria zarete. Zer helburu jarri zenituzten denboraldi honetarako?

G.U.: Hasieratik argi geneukan gure helburua zela Orioko edozein gazteri futbolean aritzeko aukera ematea. Helburu hori transmititu ziguten Maria Eugeniak [Atxega] eta Arkaitzek [Agirre], eta guk bat egiten dugu zeharo. Beste helburu batzuk ere bagenituen: klubaren antolakuntza sendotzea, harremanak zaintzea, gure balioak bultzatzea eta, batez ere, gazteek klubarekiko harrotasun sentimendua izatea. Kirol arloan, gure helburua zen bai neskak, bai mutilak, mailaz igotzea, uste dugulako harrobiarentzat erreferente direla eta motibazio itzela dela beraientzat. Bestalde, aurten egin ditugun aldaketekin, dela arropa, lan egiteko era nahiz autobusen antolaketa, ikusten ari gara gurasoen babesa dugula , eta eskertzekoa da beraien ulermena eta laguntza.

Zer balorazio egiten duzue?

G.U.: Oro har, balorazio oso positiboa egiten dugu, klubaren inguruan giro oso polita sortu delako eta dinamika ona dugulako. Herriak gero eta gehiago sentitzen du kluba beraiena dela, eta hori da gure ideia eta gure bidea.

J.I.: Nire arloari dagokionez, denboraldiaz oso harro gaudela esan behar dut. Infantilen bost talde ditugu, horietako bat infantil 8a, neskena, eta horiek oso ondo lehiatu dituzte partida guztiak, eta azpimarratzekoa da infantil txiki eta infantil handi mailetako taldeak Gipuzkoako klub handienen kontra aritu direla ere. Kadeteetan ere hiru talde ditugu, horietako bat, mutilena, Gipuzkoan dagoen liga altuenean, eta neskena erronka politarekin aritu da, eta igoera fasean daude. Jubenilekin ere oso gustura gaude, horiek ere Gipuzkoako maila altuenean daudelako eta lortu dugulako mailari eustea. Azkenik, seniorren taldeei buruz azpimarratu nahiko nuke beste talde guztientzat eredu izatea nahi dugula, eta ilusio handia egingo ligukeela biak mailaz igotzea. Horren lehian gaude eta ea bukaera polita ematen diogun eta bi taldeak igotzeko aukera izaten dugun. Honek erakusten diguna da aurreko zuzendaritzak lan oso ona egin duela harrobiarekin; egindako lanaren fruitua da hau.

Senior nesken zein mutilen entrenatzaileak berriak dira. Zer azpimarratuko zenukete haiei buruz?

J.I.: Sekulako dedikazioarekin aritu dira, eta uste dut bere fruitua ari dela ematen. Bestalde, klubeko entrenatzaile guztien lana azpimarratu nahi genuke. Esango nuke beraiek direla klubean ditugun benetako erreferenteak. Erabat harro nago egunerokotasunean erakusten duten konpromiso, sakrifizio, gogo eta pasioagatik. Umeekiko duten jarrera sekulakoa da, baita gurasoekiko ulermena ere. Uste dut bete-betean asmatu dugula entrenatzaileekin, eta uste dut Gipuzkoako entrenatzaile onenak ditugula.

Bateren bat, gainera, urte askoren ondoren itzuli da klubera, ezta?

J.I.: Hala da, bai. Hiru talde gehiago atera ditugunez –nesken infantil futbol 8a eta mutilen infantil eta erregional talde bana–, entrenatzaile gehiago behar genituen, eta ikusi dugu kanpoan entrenatzen bagenituela berez Orio beren etxea duten batzuk, eta horiek ekartzen saiatu gara; esaterako, Patxi Barrenetxea. Aurten bueltatu da eta oso gustura gaude. Ea hurrengo urteetan Oriotik kanpo dabilen beste entrenatzaile bat edo beste ere ekar dezakegun. Jokalariez, beste horrenbeste: gure helburuetako bat bada Oriotik kanpo dabiltzan jokalari oriotarrak berreskuratzea proiektu polit bat erakutsiz eta beraien herria defendatzeko ilusioa piztuaraziz. Hortaz, norbaitek nahiko balu klubera etorri, guregana lasai jotzeko esango nioke.

G.U.: Datorren denboraldian, gainera, talde berri bat edukiko dugu klubean: jubenilen bigarren talde bat.

Jokalariei buruz zer iritzi duzue?

J.I.: Neska seniorren aurtengo taldea oso talde itxura polita ari dira ematen eta entrenatzera beste urteetan baino gehiago etortzen ari direla esango nuke; talde egonkorra sortu da. Mutilen taldea, berriz, oso gaztea da, baina uste dut aspaldi utzi ziola talde huts bat izateari. Neuk beraiekin hainbat urtez jokatu dut futbolean, eta badakit urte askoan aritu direla igoeragatik borrokan. Niretzat bigarren familia bat da, eta zuzendaritzako kide bezala ez ezik, pertsonalki ere asko poztuko nintzateke igoera lortuko balute.

Futbol federatuan 300 jokalari dauzkazue.

G.U.: Futbol federatua gora doa urtetik urtera; azken denboraldi honetan hiru talde berri sortu ditugu, helburua zelako, lehen esan bezala, Orioko edozein gazteri aukera ematea futbolean aritzekoa. Futbol eskolan 150 haur inguru ditugu, eta futbol federatuan, 300 jokalari. Horiei gehitu behar zaizkie entrenatzaileak, gutxienez bi talde bakoitzeko, eta pozten gaituena da asko oriotarrak direla.

Futbol eskolaz zer balorazio egiten duzue?

G.U.: Futbol eskolan sekulako lana egiten ari gara azken urteetan, eta hori nabaritu egiten da gero goragoko kategorietan; emaitza onak beherago egindako lanaren fruituak dira. Inaxio Alguacil da eskola kiroleko koordinatzailea, eta lan ezin hobea ari da egiten guztia antolatzen. Gurasoen laguntza ere handia da, azken batean, entrenatzaileak gurasoak direlako.

Aldaketa asko egin dituzue. Tabernak, berriz, esku berdinetan jarraitzen du.

G.U.: Bai. Maria Eugeniak eramaten du, ez genuen ulertzen taberna beste norbaitek hartzea; ezin hobea da lan horretarako. Urte asko daramatza laguntzen, eta guretzat ezinbesteko figura da klubean. Klubaren irudia da, eta gure errespetu osoa dauka.

Azpiegiturei dagokienez, beharrik badu klubak?

G.U.: Zelaiko belarra berritu zen orain urte batzuk, eta udala asko ari zaigu laguntzen hobekuntzak egiten: laster edukiko ditugu langa berriak, bozgorailuak ere jarriko dira –oraingoek ez dutelako funtzionatzen–, harmailak ere margotu genituen horiz eta beltzez, eta beheko gimnasioa berritu egingo dutenez kirol arloko lizitazio berria dela eta, lan fisikoa egin ahal izango dugu Mendibeltzen bertan, eta lesioetatik hobeto errekuperatuko gara. Geure kabuz, trastez betetako gela bat hustu dugu, eta bideo gela bat ari gara sortzen, entrenatzaileek beren partidak ikusi eta jokalariekin akatsak zuzentzeko. Izan ere, datorren denboraldian grabatu egingo ditugu partidak. Hori aurrerapauso handia izango dela uste dut. Azkenik, borrokan ari gara aldagelen sarrera tokiz aldatzeko, harmailen toki onenen parean daudelako eta zelaia ikusten ez dutelako uzten.

Zein dira hurrengo denboraldirako erronka nagusiak?

G.U.: Erronka nagusia da klubak hazten jarraitzea kirol arloan eta pauso sendoak ematen jarraitzea, eta uste dut norabide onean goazela. Ekonomikoki ere sendotzen jarraitu nahi dugu, eta zentzu horretan, sekulako lana egin dugu aurten babesleekin. Orioko Futbol Taldea herri osoarentzat berezia izatea nahiko genuke. Bestalde, hau guztia hasiera besterik ez da, oraindik bide luzea dugu egiteko, eta ilusioarekin eta lana eginez, oso gora iritsi gaitezke.

Ekaina gerturatzen ari da, eta horrekin, baita klubaren eguna ere.

J.I.: Bai, eta aurten egun berezia izatea nahi dugu. Ikusi dugu klubeko ume bakoitzak nolako konpromisoa izan duen denboraldi osoan zehar, eta horri esker ona erakutsiz, klubak ume eta laguntzaile guztiak gonbidatu nahi ditu bazkari eta festa horretara. Eguna zehaztutakoan jakinaraziko dugu dena xeheasun gehiagoz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide