Orio eremu tentsionagarrien zerrendan sartu du Eusko Jaurlaritzak

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 5a, 15:39

Orioko hondartza eta hondartzako lehen lerroko etxe ilara. (Onintza Lete Arrieta)

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak gaur argitaratu du eremu tentsionatu izateko irizpieak betetzen dituzten udalerrien zerrenda eguneratua, eta Urola Kostako hainbat herritan aldaketak eragin ditu eguneraketa horrek.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak gaur aurkeztu du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eremu tentsionatu izendatu daitezkeen udalerrien zerrenda eguneratua, eta txosten horrekin batera, webgune berri bat martxan jarri dutela jakinarazi du, herritarrei horrelako arloetan maizter edo jabe gisa dituzten eskubide eta betebeharren berri emateko.

Udalerrien zerrenda eguneratu horretan, Urola Kosta eskualdeko hainbat ageri dira. Batetik, Orio aurreneko aldiz izendatu dituzte eremu tentsionagarri Getariarekin batera, eta Zarautz, partzialki eremu tentsionatu izatetik erabat tentsionatua izatera pasatu da. Bestetik, Zestoak eremu tentsionatu kalifikazioa galdu du –izapideak martxan zituen eta irailean zen izendapena jasotzekoa–. Azkoitiari eta Zumaiari dagokienez –horiek ere martxan dituzte eremu tentsionatu izendatzeko izapideak– Azkoitiari buruzko zehaztapenik ez dute eman gaur argitaratutako prentsa oharrean, nahiz eta irizpideak betetzen dituzten herrien zerrendan agertzen den. Zumaia, berriz, eremu tentsionatuen zerrendan sartu dute jada.

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak gaur argitaratu duenez, eremu tentsionatu izateko legez ezarritako hiru irizpideetako bat gutxienez betetzen duten 32 udalerri identifikatu dituzte guztira Euskal Autonomia Erkidegoan. Honakoak dira irizpide horiek: alokairu edo salerosketa prezioen igoera handia, edo familia-errentaren % 30etik gorako ahalegin ekonomikoa. Udalerri horiek 1,48 milioi pertsona baino gehiago biltzen dituztela esan du Jaurlaritzak, hau da, EAEko biztanleriaren % 67,3. Kalkulu hori egiteko, udalerri tentsionagarrien zerrendan sartu dituzte dagoeneko izendatu direnak edo izapidetze-prozesuan daudenak, tartean: Errenteria, Zumaia, Lasarte-Oria, Barakaldo, Irun, Galdakao (2. barrutia), Donostia, Astigarraga, Hernani, Usurbil eta Lezo.

Tentsio handiko eremu izendapenaren helburua zera da, alokairu prezioen igoeraren aurrean erakundeek esku hartu ahal izatea. Espainiako Kongresuak 2023an onartu zuen Etxebizitza Legeak jasotzen du alokairuen prezioen igoera balaztatzeko neurri hori.

Elkarlanerako deia

Prentsaurrekoa Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, Miguel de los Toyos Hirigintza sailburuordeak eta Mario Yoldi Etxebizitza Plangintza zuzendariak eman dute, eta Itxasok azaldu du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak eremu tentsionatuak izendatzeko eredu bat aukeratu duela "udalekin egindako itunean oinarritua", eta gogorarazi du udalek hiru urteko ekintza plana egin behar dutela prozesu horren barruan: "Plan horren helburu nagusia babestutako etxebizitzen eskaintza handitzea da, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritza prest dago babes ofizialeko etxebizitzak alokairu-erregimenean eraikitzen laguntzeko", azpimarratu du. 

Horregatik, eskaera zuzena egin die udalei, Jaurlaritzari lagundu diezaioten: "Udalei eskatzen diegu lurzoruak detektatzeko eta eskuragarri jartzeko, udal-ordenantzak aldatzeko, etxebizitza hutsen fenomenoari aurre egiteko estrategiak ezartzeko, eta udal-eskumeneko beste neurri batzuk hartzeko, horiek gabe zaila izango bailitzateke tentsionamendutik ateratzea".

Webgune berria herritarrak informatzeko

Bestalde, gaur aurkeztutako webguneak informazio eguneratua jasotzen du eremu tentsionatu izendatutako udalerriei buruz, horietako bakoitzak datozen hiru urteetan bizitegi-tentsioari aurre egiteko garatuko dituen ekintza planei buruz, eta baita gida praktiko bat ere, sarritan egiten diren galderak biltzen dituena eremu tentsionatuek maizter zein jabeei nola eragiten dieten jakiteko.

Udalerri bakoitzeko alokairuaren prezioen bilakaera ere aurki daiteke webgunean (mapa interaktibo bat eskaintzen du) eta euskal herritarrei zuzendutako zerbitzu publikoko informazio guztia, beren politikekin etxebizitzarako sarbidea hobetzen laguntzen duten administrazio guztiei buruzkoa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide