Orioko Euskaraldiko lantaldeak gaur egingo du batzar irekia

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 29a, 08:42

Aurreko Euskaraldiko pankartak Kultur Etxeko balkoian.

Gerturatzen ari da aurtengo Euskaraldia, eta hura prestatzen jarraitzeko, bilera egingo du gaur arratsaldean lantaldeak Kultur Etxean. Interesa duten herritar guztiak daude bertan parte hartzera gonbidatuta.

Euskaraldia ari da gerturatzen pixkanaka –maiatzaren 15etik 25era izango da– eta Orioko lantaldeak bilera irekia egingo du gaur arratsaldean, eta gaian interesa duten herritar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera. 

Batzarra 18:30ean hasiko da Kultur Etxeko lehenengo solairuko bilera gelan, eta ohi bezala, Joxemari Unanue Euskaraldiko Orioko koordinatzaileak gidatuko du.

Izena emateko eskuorriak, Kultur Etxean

Martxoaren 15ean ireki zuten epea herritarrek Euskaraldian belarriprest eta ahobizi roletan izena emateko, eta online egin daitekeen arren, nahi duenak Kultur Etxean ere eman dezake izena, harreran prest baitaude horretarako kutxatxoa eta eskuorriak. 

Internetez Euskaraldia.eus webgunean eman daiteke, eta rol bakoitzari dagokion txapa jasotzeko informazioa aurrerago emango dutela jakinarazi dute.

Euskaraldiaren laugarren edizioa maiatzaren 15etik 25era izango da, eta Orion apirilaren 5ean aurkeztu zuten aurtengo hamalaukoa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide