Juan Manuel Frias Eizagirre oriotarra da eta Ingeniaritza Mekanikoa eta Egituren Ingeniaritza ikasketak ditu. Irakasle izandakoa da, baina dagoeneko erretiratuta dago. Orioko AEKn dabil orain, eta ikaskideek elkarrizketa egin diote.
Zergatik eman duzu izena Orioko AEKn?
Gertu neukan hizkuntza zerbitzu bakarra zen. Izena ematera etorri nintzenean, besoak zabalik hartu ninduten, eta nahiz eta itxaron zerrendan aste batez egon, urrian hasi nintzen euskara ikasten.
Zer moduzkoa izaten ari da euskara ikasteko prozesua?
Urrian hasi nintzen eta, nire ustez, prozesua oso ondo eramaten ari naiz, baina onartzen dut motela izaten ari dela. Lagunekin eta kideekin lasaitasunez eta gustura erabiltzen dut euskara, baina batez ere gramatikarekin eta aditzekin zailtasuna eta moteltasuna nabari ditut. Galdera asko nituen, eta horiei erantzuna ematea oso atsegina egiten ari zait.
Zein da euskarazko hitzik politena? Eta itsusiena?
Laguna. Frustrazioarekin, lagun hitzak garrantzi handia hartu du, eta lagunak laguntzeko daude. Hitz politena argi eta garbi esan dut, baina hitz itsusiena aukeratzea zaila egiten zait. Pixka bat hausnartu ostean, bi aurpegi esamoldea askorik ez dudala atsegin esan dezaket.
Zer eman dizu euskarak?
Orain dela bost urte bizitzak muga berri bat jarri zidan, eta pixkanaka hiztegia hartzen noala nabari dut, erdaraz eta euskaraz. Euskara niretzat gertu dago. Beste toki batzuetan erdara erabiltzera ohituta nago eta, beraz, euskarak herria, etxea, gurasoak, familia, lagunak eta, oro har, gertutasuna ematen dizkit.
Euskara garrantzitsua al da zure bizitzan?
Errutina aldaketa handia da. Ohitura berrien asimilazioan, euskara txinparta da.
Zein da zure helburua euskara ikasteari dagokionez?
Ez daukat hizkuntza titulua ateratzeko asmorik. Gizartean parte hartzeko nahi dut euskara, eta herrian erabiltzeko behar dut. Nire helburua, beste ikaskide batzuena bezala, euskara erabiltzeko hizkuntza izatea da.
Euskara zaila dela diote. Hala uste al duzu zuk ere?
Ez. Zaila dela esaten dute, baina niretzat erraza da nire eskemetan jarrita. Eskema onenak errazak direla diote.
Zure lehenengo abizena Frias da. Baduzu horri lotutako pasadizo dibertigarriren bat?
Frias Burgosko [Espainia] herri bat da. Garai batean, ibaiaren gaineko zubia muga bat zen, eta zubi zahar horretan euskara eta erdara nahasten ziren; izan ere, mugaren alde bat Euskal Herria zen, eta bestea, ez; horrela kontatu didate niri, behintzat. Abizena garai hartakoa dela uste dut. Duela urte batzuetatik zentral nuklearragatik famatua da herria, eta horretaz gain, Frias sendia Segoviako [Espainia] familia bat ere bada, eta hortik omen dator abizena. Kontuak kontu, abizenak badu abantaila bat; nonbait, Friasko jaietan Frias abizena duen orok herri bazkaria musu-truk duela esan didate. Friastarrek hori pagotxa!