Iker Urdangarin: "Niretzat plazera da jendeari bidaia erosoa eskaini ahal izatea"

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 6a, 10:00

Iker Urdangarin. (utzitakoa)

Martxoko Aia-Orio Guka aldizkariko Hitz Tantak ataleko elkarrizketa da honakoa.

Kabinako tripulantea da Iker Urdangarin (Orio, 1998); hau da, bidaiarien segurtasuna bermatzea da bere lana, "kanpotik begiratuta aireko zerbitzariak garela eman arren". Hegaldi motzak eginez aritu da hiru urtez Vueling konpainiarekin, baina hura utzi, eta otsailaren hondarrean hasi da bidaia luzeetan lanean, ilusioz.

Nolakoa da zure lanegun bat?

Aireportuko fitxatzeko gelan elkartzen gara hegaldia egingo dugun talde osoa. Eguna nolakoa izango den azaltzen digute, hegaldiek zenbat iraungo duten, zenbat bidaiari izango ditugun eta zer eguraldi edukiko dugun. Pare bat larrialdi egoera errepasatzen ditugu, eta ondoren, hegazkinean, material guztia ondo dagoen begiratzen dugu eta ondo funtzionatzen duen. Hori ziurtatutakoan, jendea hegazkinera sartzen hasten da. Hegaldia amaitu eta bidaiariak hegazkinetik ateratzen direnean, hurrengo hegaldirako prestatzen gara.

Nolatan aukeratu zenuen lanbide hori?

Txikitan Youtuben ikusten nituen hegaldien eta azafaten bideoak, eta filmetan ikusten nituenean ere oso guayak iruditzen zitzaidan, baina nik lortzeko oso urrun zegoen lanbidetzat neukan, Orion ez nuelako ezagutzen lanbide hori zuen inor. Denborarekin, informatu egin nintzen, eta pandemia ondoren hasi nintzen eskolak hartzen, Bartzelonan. Amaitu, eta dena borobil atera zitzaidan.

Zer gustatzen zaizu gehien?

Lagunarteko pertsona naiz, eta jendearekiko tratua da gehien gustatzen zaidana. Jendea eroso joatea gustatzen zait, niretzat plazer bat da jendeari hori eskaini ahal izatea. Bete egiten nau urte osoa aurrezten pasatu ondoren oporretara ilusioz doan familia bati laguntzeak. Gainera, lantokia ere ez da ohikoa, eta hori ere asko gustatzen zait. Bitxikeria asko gertatuko dira hor goian... Bai, bai. Era askotako jendea etortzen da, eta ez dugu jakiten bakoitza zergatik ari den bidaiatzen: agian bere bizitzako oporraldia pasatzera doa, edo agian, hileta batera. Jende famatu asko eramaten dugu. Behin, adibidez, Jon Kortajarena modeloak balium bat eskatu zidan, beldur zelako. Elena Borboikoa eramatea ere tokatu zitzaidan behin, eta nire abizena Urdangarin denez, lankideok tentelkeriak esaten aritu ginen geure artean, bere iloba nintzela eta ez nintzela, barrez.

Athletic futbol taldeak hegazkina estreinatu zuenean ere bertan zinen zeu, ezta?

Vueling konpainia Athleticen laguntzailea denez, hegazkin bat apaindu zuten haientzat. UEFAko partida bat jokatzera Turkiara joateko estreinatu zuten, eta han joatea tokatu zitzaidan. Kanpoan bizita, euskal herritar bezala, ilusioa egin zidan. Partida irabazi egin zutenez, itzulerako bidaian Vuelingeko langileok esaldi batzuk esan behar genituen, baina gaztelaniaz jartzen zuen guztia, eta megafonoa hartu eta euskaraz hasi nintzen. Ilusioa egin zien.

Hegaldi motzak egitetik luzeak egitera pasatuko zara laster, ezta?

Bai. Gustura ibili naiz, baina probatu nahi nuen nolakoa den hegaldi luzeetan lan egitea, asko aldatzen delako dena. Nire ametsetako bat zen, aukera suertatu zitzaidan, eta otsail bukaeran hasi naiz.

Baduzu beste ametsik?

Lankide berriak etortzen direnean haien irakasle aritzea gustatuko litzaidake, eta pixkanaka-pixkanaka lortuko dut.

Eta aholkurik?

Jendeari errespetu handiagoa eskatuko nioke. Ulertzen dut airelineen aurpegia garela, baina asko harritu izan nau jendearen enpatia eta errespetu faltak. Dena kexa izaten da, eta ahaztu egiten zaie gu lanean ari garela, pertsonak garela, eta laguntzeko gaudela. Gero zerbait gertatu eta lagundu beharra egokitzen bazait... aurpegiak ez zaizkit ahazten... (barrez). Jendeari esango nioke lanbide oso polita dela, ez ditugula erreferente asko, eta nahi izanez gero, dena lor daitekeela.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide