Orioko Udalak martxoko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, osteguna. Sei puntuko eguneko zerrenda izan zuten bilkuran hizpide EH Bilduko eta EAJko zinegotziek, baina, bereziki, Orioko herria klima aldaketara egokitzeko planaren onarpena izan zen arratsaldeko gairik garrantzitsuena. Bi udal taldeetako zinegotzi guztien aldeko botoekin aho batez eman zioten baietza erakundeak garatu eta egokitutako plangintzari. "Gaia garrantzizkoa da eta merezi du ikuspegi global eta koherente batetik lantzea", azaldu du udalak.
Jon Carrera udaleko kontu hartzaile idazkariak eman zituen plan horri buruzko zenbait xehetasun. Bereziki, planak jasotzen duena puntuz puntu azaldu zuen hark, "funtsa han" dagoela iritzita. Guztira, zazpi puntuko planaren berri eman zuen hark. Besteak beste, plangintzan jaso dute klima aldaketa eta itsas mailaren igoera zein den, muturreko fenomeno meteorologikoen ugaritzea zein egoeratan dagoen eta horren aurrean proposatutako egokitzapen neurriak zein diren. Era berean, Orion isurketak murriztera bideratutako neurriak zehaztu dituzte, baita klima aldaketara egokitzeko eta isurketak gutxitzeko planaren aurrekontua ere. Plana lehentasunak zein diren zehaztuz eta horretarako plangintzak bilduz osatu dute.
Olatz Santamaria Orioko alkateordeak klima aldaketara egokitzeko planari buruzko azalpenak eman zituen. Haren esanetan, klima aldaketari lotuta dauden egungo eta etorkizuneko ekintzak "koherentziaz" lantzea eta horiek txosten nahiz plangintza baten bidez "sendotzea" izan da Orioko Udalaren asmoa. "Klima aldaketa gero eta nabariagoa da gure herrian. Orain arte ekintza puntualak edo horri lotutako jarduketak egin badira ere, beharrezkoa ikusi da esku hartze horiek guztiak eta etorkizunean suerta daitezkeenak txosten baten barruan edo plangintza batean jasotzea, koherentziaz aterkipean sartzea", esan zuen alkateordeak.
Lanketa bulego teknikoetan egin du udalak; udal arkitektoak landu du, alegia. Alkateordearen esanetan, planak "hiru hanka nagusi" ditu. Batetik, planak klima aldaketaren testuinguruan kontuan hartu beharreko fenomeno eta gertakizunak aztertzen ditu, hala nola itsas mailaren igoerak, uholde arriskuak edota tenperatura igoerak. "Faktore horiek guztiak aztertuta daude, eta horiei erantzuteko ekintzak identifikatu dira, hainbat jarduketa posible", esan zuen. Bestetik, fenomeno horiei guztiei aurre egin ahal izateko udalak har ditzakeen neurriak bildu dituzte dokumentuan, kostuen aurreikuspena ere azalduta. Neurri horietako asko udalak hartu beharrekoak dira, baina, beste batzuk udalaz gaindiko erakundeek.
Udalarentzat plangintzaren "hirugarren oina" dena ere azaldu zuen Santamariak: klima aldaketaren aurrean isurketak murrizteko zer neurri hartu. "Mugikortasunari eta energiaren kontsumoari nahiz ekoizpenari lotutako proposamen desberdinak landu ditu udalak, besteak beste. Gero etorriko da proposamen horiei guztiei forma emateko eta tempoetan txertatzeko garaia", esan zuen hark.
Hitzartzea amaitu aurretik, alkateordeak nabarmendu zuen herria klima aldaketara egokitzea xede duen dokumentua "osoa" eta "bizia" dela. "Plangintza 2025. urtetik 2030era bitartean egitea planteatzen da, baina posible da behar berriak sortzea eta aurreikusten dugu garatu dugun dokumentura gauza berriak txertatzen joan beharko dugula". Gainera, udalak dokumentua irakurgai jarri du osorik.
Ortzaikan, autokarabanarik ez
Autokarabana guneen erabilera arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa ere hizpide izan zuten atzo arratsaldean. Orain arte, udal araudiak jasotzen zuen herrian Ortzaika auzoa eta hondartza eremua, autobidearen azpia, zirela autokarabanentzako eremuak. Dena den, udalak ordenantza horri aldaketa bat egitea proposatu eta onartu zuen atzo. Aurrerantzean, Ortzaika auzoa ez da izango autokarabanentzako eremua, zinegotzi guztiek proposamenaren alde egin eta gero.
Autobide azpiko gunea, hondartza eremua, izango da, beraz, autokarabanentzako gune bakarra Orion. Idazkariak jakinarazi zuen espedienteak orain 30 laneguneko epean jendaurrean egon beharko duela, behin iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Erreklamaziorik ezean, erabakia behin betikoz hartuko luke udalak, hura GAOra bidaliz, indarrean sar dezaten. Alegaziorik balego, berriz, erakundeak berriz aztertu beharko luke gaia, eta berriro udalbatzarrera eraman, han behin betiko onarpena eman diezaioten.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!