Uxue Alberdi eta Iratxe Retolaza zaintzak literaturan duen tokiaz ariko dira solasean astelehenean

Onintza Lete Arrieta 2025ko mar. 27a, 08:30

Retolaza eta Alberdi.

Begirada feministatik aztertuko dute gaia Saregile emakumeen etxean egingo duten mahai inguruan, eta ondoren, herritarrek galderak egiteko eta iritzia emateko aukera izango dute. Orioko Zaintza Mahaik antolatu du solasaldia.

"Euskal Herriko literaturak zaintzaren narratiba eta iruditerietan izan duen ekarpena aztertzeko gogoa" dago astelehenean Orion eskainiko duten Zaintzaren iruditeriak euskal literaturan izeneko mahai inguruaren atzean (astelehenean, 17:30ean, Saregilen). Hala azaldu dute Emagineko kideek. Elkarte hori parte den Orioko Zaintza Mahaiak antolatu du saioa, eta azaldu dute Uxue Alberdi eta Iratxe Retolaza literatur kritikari eta idazleen arteko solasaldia izango dela.

Iaz Usurbilen egin zuten antzeko mahai ingurua –han ere herri zaintzailea sortzeko prozesuan parte hartu du Emaginek–, eta "sekulako arrakasta" izan zuela kontatu dute. Horregatik errepikatuko dute gaia Orion,  baita protagonistak ere. "Usurbilen oso aberatsa izan zen mahaia, eta gainera, konplizidade politiko eta gertutasun handia dugu Alberdirekin eta Retolazarekin. Uxueren lanetan zaintzak oso presente daude, baina gainera, gaia asko aztertu du. Iratxe euskal literaturan aditua da, eta begirada feminista zorrotzakin, gainera. Bikote zoragarria iruditzen zaigu, feminismotik zaintzaren alorrean konspiratzen jarraitzeko".

Mahai inguruan hainbat autore eta obratan murgilduko dira, genealogia txiki bat eginez. Literaturak errealitatearekin izan duen harremana ere aztertuko dute, ikusiz zer erreproduzitu duen edo zer puskatu. Horrez gain, literaturak zaintzaren eztabaida feministari zer ekarpen egin diezaioken aztertu nahi dute, "gure egunerokoa hankaz gora jartzen jarraitzeko". 

Solasaldiaren amaieran herritarrek galderak egiteko edo iritzia emateko tartea izango dute.

Zaintza Mahaia, bidea egiten

Emagineko kideek gogorarazi dute 2023ko abenduan abiatu zela Orion zaintza antolaketa soziala eraldatzeko prozesua, eta lehen pausoa herriko diagnostiko bat egitea izan zela. "Horretarako osatu zen Zaintza Mahaia. Bertan, alkatetza, Gizarte Zerbitzuak, Saregile, Matia Fundazioa eta Emagin gaude". Azken bi horiek izan dira diagnostikoa eta eraldaketa prozesuan aholkulari lanetan jardun dutenak. "Helburua argia da: Orion zaintzak beste era batera antolatzea, bidegaberiaz betetako eremua aldatzeko".

Mahaia sortu zenetik hainbat ekintza egin dituzte "prozesua aberastu eta osatzeko". Esaterako, Yolanda Arrieta idazlearekin zahartzaroen eta zaintzaren gaineko narratibak landu dituzte idazkera kolektiboaren bidez; eta iaz gizonen zaintzari buruzko hausnarketa hasi zuten, eta udaberri honetan jarraitzea da asmoa.

Maiatzerako, berriz, badute ekintza zehatza prest: "Herrian ibilbide etnografikoa egingo dugu, zaintzarekin lotutako puntu kritiko eta eremu zaintzaileak identifikatu eta eraldaketa prozesuan jartzeko". Oraindik zehazterik ez badute ere, aurreratu dute udazkenean ere "gauza interesgarri gehiago" izango dela zaintzari lotuta.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide