Basoen Nazioarteko Egunaren harira zuhaitz landaketa egin dute Orion

Onintza Lete Arrieta 2025ko mar. 21a, 14:06

Gipuzkoako Desioen Basoa biziberritzeko ekitaldia egin dute gaur eguerdian Igeldon, Orioko lurretan, eta zuhaitzak landatu dituzte hainbat eragilek, aldundiaren Basotik fundazioaren eskariz. Orioko Udalaren izenean, Olatz Santamaria alkateordeak eta Pilar Azurmendi udal arkitektoak parte hartu dute.

Basoen Nazioarteko Eguna da gaur, eta Orion, zuhaitzak landatuz ospatu dute eguna Gipuzkoa osoko hainbat eragilek. Izan ere, Gipuzoako Foru Aldundiaren Basotik fundazioak antolatu du ekitaldia, eta fundazio horrekin lotura duten hainbat lagunek parte hartu dute. 

Igeldon, Orioko lurretan, izan da hitzordua 11:30ean, eta zuhaitzak Gipuzkoako Desioen Basoa deituriko eremuan landatzearekin batera, partaideek desio bana idatzi dute paperean, gero zuhaitzaren ondoan lurperatzeko.

Bertan izan dira Orioko Udala ordezkatuz Olatz Santamaria alkateordea eta Pilar Azurmendi udal arkitektoa, eta aldundiaren izenean, berriz, Xabier Arrutik Lurralde Oreka Berdeko diputatuak parte hartu du, baita Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak ere.

Urtebeteko ibilbidea

Iazko otsailean hasi zuen bidea Basotik fundazioak, eta Arrutik eskerrak eman dizkie fundazioaren hasiera honetan babesa erakutsi duten eragile guztiei. "Zuei esker, herritarren ongizatea bermatzen eta gure lurraldeko oreka berdea babesten lagundu nahi duen proiektu hau sendotzea lortu dugu", esan du.

Aurreneko urteak utzitako datu batzuk ere eman ditu aldundiak: 1.000 hektarea baino gehiagoko zuhaitz-azalera kudeatzen du, eta herritarrak sentsibilizatzeko helburuarekin, lehen urtean 20 ekintza baino gehiago garatu ditu, eta horietan 800 lagunek baino gehiagok parte hartu dute.

Gaurko ekintzarekin amaitu du fundazioak Gipuzkoako Basoen Astea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide