Egungo gazteen osasun mentalarekin zer gertatzen ari den ezagutzeko asmoz, Zurrunbiloa proiektua sortu du Elhuyarrek. Proiektuaren koordinatzailea da Aitziber Agirre (Gasteiz, 1974) Orioko bizilaguna. Proiektuaren lehen fasean bost ikus-entzunezko garatu eta argitaratu dituzte. ETB1en eta Primeran plataforman emititu dituzte, eta azkena hurrengo astean emango dute. Garazi Olaizola azpeitiar gaztea izan da atal horietan protagonistetako bat.
Gazteen buru osasuna lantzeko sortu duzue Zurrunbiloa proiektua. Zein izan da abiapuntua?
Elhuyarren egitekoa da zientziak sortzen duen ezagutza gizarteari kontatzea, eta beti saiatzen gara gizarteak dituen erronka handien aurrean gizarteari baliabideak, informazioa, ematen, erronka horiei erantzun ahal izateko. Ikusi duguna da azken urteetako erronka handiena, nabarmen, gazteen osasun mentala dela. Gero eta datu kezkagarriagoak ikusten ditugu, eta gizartean ere kezka eragiten duen gaia da. Hori izan da abiapuntua.
Zer diote datuek?
Azkeneko ikerketek esaten dute euskal gazteen %38 oso bakarrik sentitzen direla gehienetan, eta %65 ez direla ulertuak sentitzen familian bertan. Horrez gain, gazteen %65i kezka handia sortzen die arrakastatsu ez izateak, edo nota txarrak ateratzeak, edo nolabait, arrakastaren gure gizarte honetan, atzean gelditzeak. Hori da gaur egun gure gazteek duten presio handietako bat. Horri arreta jarri nahi genion, ikusten genuelako eta adituek esaten zigutelako horrek jada ondorio zuzenak dituela eta euskal gazteen artean bostetik batek osasun mentaleko asaldura bat diagnostikatuta duela. Europa mailako fenomenoa da, fenomeno globala. Duela urte batzuk AEBetan ikusi zen; jada Europara iritsi da, eta herrialde gehienetan zabaldu da.
"AEBetatik iritsi" dela diozu. Lehen ez zegoen arazo hau eta orain bai, ala lehen ez zen diagnostikatzen eta orain bai?
Oinarrian arrazoi asko egon daitezke: batetik, gure belaunaldiak ez zuen honetaz hitz egiten, eta adituek esaten digute, hain zuzen ere, belaunaldi hau ausartu dela agerian jartzera beraiek duten alderdi hauskorra, ez dutela ezkutatu nahi, mahai gainean jarri baizik. Guk gure emozio deseroso guztiak ezkutatu ditugu, eta tapatu ditugu ahal genuen bezala: alkoholarekin, drogekin... Bestalde, gure bizimodua geroz eta gehiago estutzen ari da: sistema ekonomiko honetan gero eta produktibitate handiagoa eskatzen zaigu helduoi, denean arrakastatsu izateko presioa dugu, eta horrek eramaten gaitu ez bakarrik presioa gugan bizitzera, baizik eta gure seme-alabei transmititzera. Alegia, gure seme-alabak dira gure erakusleiho, gure arrakastaren neurgailua. Ondorioz, presio handia eragiten ari gara gurasook, irakasleak, eta, oro har, gizartea.
Eta sare sozialak?
Sare sozialak ere bai, noski. Hortik etortzen zaizkien presioak ikaragarriak dira; batzuetan, maneiatu ezinak beraientzat. Hortaz, uste dut faktore hauek guztiek ere eragin dutela osasun mentalaren krisi honetan.
Zer adin tarteri zuzendu diozue proiektua?
Batez ere 14 eta 18 urte bitartekoentzat egin dugu, baina ez da 18 urterekin amaitzen den fenomeno bat, ezta 14 urterekin hasten dena ere. Haurtzaroan hasten diren arazoak dira, eta gaztaroan zehar eta, askotan, helduaroan ere mantentzen direnak.
Datuak, azterketak eta adituek diotena kontuan hartuta, bost atalez osatutako ikus-entzunezkoetan islatu duzue gaia.
Elhuyarren normalean beti ikerlari eta zientzialariekin egiten dugu lan, eta kasu honetan, beraien ahotsa ekarri nahi genuen, noski, eta aukeratu ditugu hainbat esparrutako hamar aditu: soziologoak, farmazialariak, psikologoak, sexologoak, naturaren gabeziak gure osasun mentalean duen eragina ikertzen duten psikologoak, psikiatrak, osasun digitala ikertzen dutenak... Horiez gainera, gazteen ahotsa ekarri dugu, askotan helduok gazteen arazoez hitz egiten dugulako, baina helduzentrismotik; alegia, beraien begirada jaso gabe, eta oso argi genuen gazteen ahotsari tokia eman behar geniola. Eta, egia esan, pila bat ikasi dugu haiengandik.
Zer nabarmenduko zenuke, adibidez?
Proiektuan parte hartu duten gazteek oso gaizki pasatu dute buru osasuneko arazoengatik, baina lortu dute, lanketa luze baten ondoren, beren burua berregitea. Hala, momentu honetan gai dira atzera begiratu eta ondorioak ateratzeko, eta gauza asko esan dituzte. Baina, niretzat, oso deigarria da konturatu direla gurasook laguntza behar dugula gai honetan. Ez dute gazteek bakarrik behar laguntza; ikusten dute batzuetan gu ere galduta gaudela, ezinean, ez dakigula nola lagundu beraiei. Eta, batzuetan, lagundu nahi horretan, kalte ere egiten diegula. Niretzat hori bada entzun beharra dugun gauza bat.
Zer beste gauza entzun behar ditugu?
Irakasle batzuk ere oso galduta ikusten dituztela esaten dute gazteek. Gaia zaila da lantzeko, irakasleak ez dira psikologoak, eta ardura handia jartzen dugu haiengan gizarte mailan. Konturatu behar dugu batzuetan ez dakitela zer egin halako kasu larri baten aurrean, eta batzuetan errazagoa zaiela bestaldera begiratzea gaiari heltzea baino. Eta horrekin mina sentitu dute gazteek.
Informazio falta sumatzen dutela ere esan digute, baita gazteengan ere. Askotan, lagun bat ondo ez dagoela ikusi arren, ez dakite nola lagundu; eta, beldurrez, urrundu egiten dira, ez dakitelako zer den depresioa, antsietate krisia...
Atalak emititu dituzue, eta ikusgai daude proiektuarentzat propio sortu duzuen webgunean.
Hori da. Zurrunbiloa.eus atarian daude ikusgai, baina webgune horretan badago informazio eta ikus-entzunezko gehiago ere: esaterako, bideo laburretan gazteek beren istorioak kontatu dituzte, eta badaude gazteen garunaren garapena azaltzen duten edukiak ere. Pixka bat teknikoagoak dira, baina uste dut benetan interesgarriak direla, gero gazteen jokabideak ulertu eta gazteei lagundu ahal izateko. Gurasoentzako eta gazteentzako proposamenak ere badaude webgunean, baita osasun mentaleko asaldurak identifikatu ahal izateko alarma seinaleak ere, besteak beste.