Oinez ikasi orduko heldu zion harriari Udane Ostolazak (Orio, 2005). Oraindik 19 urte besterik ez dituen arren, dagoeneko bada nor harri jasotze munduan, eta ez soilik ostolazatarra delako, gorpuzkera txikia izanagatik, marka handiak ezartzen ari delako baizik. Esaterako, bere pisuaren bikoitza baino gehiago jaso duen lehen emakumea izan da. Bere burua ez du gai ikusten harri handietan marka esanguratsurik egiteko, baina gogor entrenatzen jarraitzen du, egunez egun hobetzen segitzeko konbentzimenduarekin.
Noiz eta nolatan hasi zinen harri jasotzen?
6 edo 7 urte nituela hasi nintzen. Aitonaren [Agustin Ostolaza] argazkiak-eta ikusten nituen, eta aita [Joseba Ostolaza] ere harri jasotzailea nuenez, hari segika ibiltzen ginen plazaz plaza, erakustaldiz erakustaldi; beraz, harri jasotzea beti ikusi izan dut etxean. Neu ez naiz gogoratzen, nire buruan beti ibili izan bainaiz harri jasotzen, baina amak-eta kontatzen dute egun batean joan nintzela beraiengana eta esan niela nik ere harri jasotzen hasi nahi nuela. Hasieran harrituta gelditu omen ziren; bi ahizpa gara, eta beste ahizpak esatea normalagoa irudituko omen zitzaien, oso lotsatia bainaiz ni. Jarri nien baldintza bakarra izan omen zen txalekoan nire izena arrosa kolorez jartzea. Halaxe egin zidan aitak, eta halaxe atera omen nintzen plazara, Aiako Santiago auzoko festetan, 7 urterekin eta bost bat kiloko harriarekin.
Zer tankera ateratzen ote zenuen?
Ume bat nintzen, eta ziur findu beharra bazegoela, baina neukan adina edukitzeko, bastante itxura polita ateratzen nuen.
Akordatzen al zara plazara atera zinen lehen egun hartaz?
Ez. Argazkiak baditut, eta haiei esker dakit harria jartzen aitona batek lagundu zidala, aita jardun zela ordularia zaintzen, eta argazkiak atera zituena beste aitona izan zela. Argazki bat badaukat dena lotzen duena; ikusten da aitona niri harria jartzen, eta beste aitonak atera zuen argazkia.
Zein da zeuk gogoan daukazun lehen plaza?
Ez dakit zehazki. Orain ere gertatzen zait joatea herriren batera neure ustetan lehendabiziko aldiz, eta behin plazan nagoenean ohartzea han lehen ere erakustaldiren bat egindakoa naizela. Oinez noiz ikasi nuen gogoratzen ez naizen bezala, harri jasotzen noiz hasi nintzen ere ez naiz gogoratzen.
7 urterekin hasi zinenetik, sekula ez al diozu laga harri jasotzeari?
Gorabeherak izan ditut, motibazio gehiagoko eta gutxiagoko aldiak, eta esan ere bai utzi egingo dudala, baina bi asterako bueltatu izan naiz.
Hasiera haietan entrenamenduak-eta egiten al zenituen?
Bideoren bat edo beste badaukat entrenatzen-edo grabatuta, baina gehiago zen jolas bat. Esan liteke aitarekin plazaz plaza egiten nituen erakustaldiak zirela entrenamenduak niretzat, batez ere uda garaian sarri-sarri izaten baikenituen erakustaldiak.
Eta noiz hasi zinen ganoraz entrenatzen?
13-14 urterekin; orduan esan zidan aitak harri jasotzen segitu nahi banuen, fundamentuz entrenatzen hasi beharra neukala.
Harri jasotzen fundamentuz hasteko beharko da gorputza, bere batean, eginda izatea, ezta?
Harri jasotzen hasteko ez dago adin jakin bat eduki beharrik, baina federatzeko uste dut 16 urte behar direla, eta guk ere harri eskolan hasteko eskatzen duguna hori da, 16 bat urte izatea.
Zuk hiru urte gehiago besterik ez dituzu, baina Udane Ostolaza dagoeneko bada nor harri jasotze munduan.
Harri jasotzen neska gutxiago ibiltzeak ere egingo zuen nire izena gehiago entzutea. Gainera, nire aitak eta aitonak izen handia zuten, eta [Joseba] Ostolazaren ondoan ume txiki bat harri jasotzen ikusteak atentzioa ematen zuen.
Ostolazatarra izatea abantaila edo zama da zuretzat?
Esango nuke gehiago dela zama. Aita eta aitona marka handiak egindakoak dira, eta nik nahiko nuke maila horri eustea edo gutxienez txukun jardutea, baina gorpuzkeraz txikia naiz eta gaur egun plazan dabiltzan emakumeen kontra ez daukat ezer egiterik; nik nire bidea egin nezake, baina gehiagorik ez. Askotan esan izan didate nire aitona ere txikia zela, baina hark marka handiak egin zituen, eta nik ez daukat maila horretara arrimatzerik ere. Oraingoz, nire aitonaren pareko harri jasotzailerik ez dut ikusi plazan.
Hala ere, harri jasotzea bada norberaren buruaren kontrako kirol bat, ezta?
Bai, niri behintzat horrela irakatsi izan didate beti, eta eskerrak. Alde horretatik, nahiko harro nago orain arte egin dudan bideaz, baina plazan, besteen kontra ari zarenean, nahitaezkoa da zure burua besteenarekin konparatzea, eta ikusten duzu dena ematen ari zarela eta hala ere ez zarela besteen parera iristen. Dena dela, txikia naizela ikusi egiten da, eta harri jasotzea zertxobait ulertzen dutenek balioesten dute nire ahalegina eta zoriondu egiten naute.
Azken urteotan neska asko dabiltz harri jasotzen, baina nola gogoratzen dituzu hasierako urteak? Eta ordutik hona asko aldatu al dira gauzak?
Hasi nintzenean, Idoia Exeberria eta Estitxu Almandoz hor ibiltzen ziren, plazan ezagutu nituen, eta Miren Urkiola ere ikusi izan dut, baina jakineko lau emakume besterik ez ginen ibiltzen. Idoiak utzi zuenean, Karmele Gisasola-eta orduantxe hasi ziren, baina Euskal Herri guztian ni, ume bat, eta beste neska bat edo bi besterik ez ginen ibiltzen. Pandemia ostetik, ordea, sekulako goraldia gertatu da. Orduan hasi ziren Lur Errekondo, Lierni Osa eta beste hainbat, eta azken urteotan neska pila bat ibiltzen gara.
Gizon artean ibiltzetik emakumez inguratuta ibiltzera pasatzeak zer aldaketa ekarri dizu zuri?
Idoiak utzi zuenean, egon zen momentu bat nesken harri jasotzea bukatzera zihoala pentsatu genuena. 12 urte nituen nik, eta ikusten nuen nire ibilbidea ere bukatzear zela. Beraz, orain plazan horrenbeste neska ikusteak sekulako poza ematen dit, eta gainera, era askotako neskak egoteak aukera gehiago ematen dizkit, den-denak ere ez direlako harri handiekin ibiltzen. Baina, neska edo mutil alde batera utzita, plazan jende gaztea ibiltzeak ekarri du aldaketarik handiena niretzat. Umetatik kristoren aita pila izan dut inguruan, eta esan beharra daukat beti oso ondo zaindu izan nautela, baina beti gizon tartean ibiltzea tokatu izan zait, eta orain nire adin bueltako jendearekin ibiltzeak egundoko poza ematen dit. Alde horretatik, beti sentitu izan dut lagunen inbidia pixka bat. Adibidez, eskubaloian ibiltzen zirenak-eta beraien modukoekin ibiltzen ziren taldean, eta orain, nik ere esan dezaket badaukadala nire adin bueltako jendea plazan. Harri jasotzen ibiltzearekin batera lagunak egitea oso polita da.
Aita harri jasotzailea izan duzu eta entrenatzailea ere baduzu. Bereziki asko exijitu izan al dizu? Nola daramazue harreman hori?
Ez, ez nuke esango bereziki exijentea izan denik; disfrutatu egin izan du nire alboan eta orain arte egin dudan bideaz, eta beti esan izan du nik esaten dudan egunera arte ondoan izango dudala laguntzeko. Baina egia da aita entrenatzailea izatea ez dela beti erraza izaten. Besteek entrenatzaile gisa ikusten dute, eta nik aita bezala, eta zenbait egunetan iruditzen zait beste batzuei baino pixka bat gehiago eskatu izan didala. Liskarrak errazago izaten ditugu, baina entrenatzaile gisa ez nuke edozeinengatik aldatuko; beste batzuekin probatu izan dudanean, ez gara horren ondo ulertu izan. Beraz, elkar horren ondo ezagutze horrek alde onak eta txarrak ditu. Hala ere, aitortu behar dut nire harri jasotze ibilbidean izan dudan gauzarik gogorrenetako bat horixe izan dela: aita eta entrenatzailea pertsona bera izatea, eta bi alderdi horiek ondo uztartzen asmatzea.
Uztartzea aipatu duzula, nola uztartzen dituzu harri jasotzea, ikasketak eta lana?
Kirolari lotutako goi mailako ikasketak egiten ari naiz, eta kiroldegi batean lanean ere bai. Ez da erraza bi betebehar horiek eta harri jasotzea, dena, aurrera ateratzea, eta hasieran pixka bat kostatu zitzaidan egokitzea. Izan ere, hiru jarduerak fisikoak dira, eta nekea pilatu egiten da. Hala ere, errutina bat hartu dut dagoeneko, eta nahiko ondo moldatzen naiz: goizetan ikasi egiten dut, arratsaldeetan lana, eta gero, saiatzen naiz astean bitan harriarekin entrenatzen, eta bitan ezin badut, gutxienez behin.
Harria astean behin edo bitan hartzen duzula esan duzu. Bestelako entrenamendurik egiten al duzu?
Berez, astean bitan harriarekin entrenatzen dut, eta beste behin gimnasioan pisuak altxatzen ditut. Normalean horrela egiten dut, baina orain, lanagatik, ahal dudana egiten dut; behintzat saiatzen naiz astean behin gimnasiora joaten eta beste behin harriarekin entrenatzen. Gure eskolan, gimnasioko saioa bakoitzak bere erara egin ohi du.
Elikadurari dagokionez, nola zaintzen zara?
Urtean zehar, normalean, neu zaintzen naiz, jaten ditudan karbohidratoei eta proteinei-eta arreta jarrita. Markaren bat prestatzen ari naizenean, ordea, nutrizionistarekin ibili izan naiz. Pisua hartzea kostatu egiten zait, eta bolada horietan horretan laguntzen dit nutrizionistak. Azkenean, beti saiatzen naiz garbi jaten, baina fama daukagu, eta hala da, txuleta bat jatea egokitzen zaigunean, ez diogula ezetzik esaten. Egia da nire aitonaren garaian zituzten usteak dagoeneko ez ditugula. Orduan uste zuten harri jasotzaile batek indarra eduki zezan haragia jan beharra zeukala, eta gaur egun ez dugu horrenbeste haragi jaten; pasta gehiago jaten dugu. Hala ere, sagardotegira joatea tokatzen denean, gustura joaten gara.
Kirolean, oro har, alderdi psikologikoa geroz eta gehiago zaintzekoa da joera. Harriaren munduan ere kontuan hartzen al duzue hori?
Oraindik ere dezente kostatzen zaigula esango nuke. Dena dela, lehen batere begiratzen ez zitzaion bezala, azkenaldian garrantzi handixeagoa ematen ari garela esango nuke, baina gehiago maila pertsonalean. Nik neuk, adibidez, izan ditut motibazio gehiagoko eta gutxiagoko aldiak, aita entrenatzaile izatearen kontu horrek ere eragin izan dizkit gorabehera batzuk, ikasketak eta kirola aurrera atera beharra, dena eman arren besteen parera iritsi ezina... banituen korapilo batzuk, eta bolada batez joan izan nintzen kirol psikologo batengana horiek askatzera. Egia esan, asko lagundu zidan, eta uste dut horrenbesteko erreparo gabe eskatu beharko genukeela laguntza, horretarako daudelako.
Entrenamenduko lokalean aritzea eta plazan aritzea ez dira gauza bera. Erraza egiten al zaizu ehunka lagunen aurrean jardutea?
Badakit beste zenbat harri jasotzaileri inpresio handia eragin izan diola plazara ateratzeko une horrek. Ni umetatik hor ibili izan naizenez, uste nuen ez zidala une horrek horrenbeste eragiten, normaltzat nuela, alegia. Baina gauza bitxia gertatu zitzaidan. Izan ere, txapelketetan eta, plazara irten aurretik, arnasa hartzeko zailtasunak izaten hasi nintzen. Amari esaten nion ezin nuela ondo arnastu, baina ez genion aparteko garrantzirik ematen horri, psikologoak esan zidanera arte hori antsietatea zela. Nik ez nekien zer zen, baina itomen hari psikologoak izen bat jartzeak asko lagundu zidan, eta asko lagundu zidaten une horietarako hark emandako aholkuek ere. Orain ez naiz psikologoarengana joaten, baina oso kontuan izaten ditut hark emandako aholkuak.
Erakustaldietatik txapelketetara asko handitzen al da presioa?
Erakustaldiak, normalean, gozatzeko izaten dira, ez badiozu behintzat zeure buruari erronka jakinen bat jarri. Txapelketetan askoz urduriago egoten naiz, etxean egindako lana plazan egitea nahi izaten dudalako. Hala ere, urduritasunari dagokionez, okerrenak marka saiakerak izan dira, zure gorputza mugara eraman behar izaten duzulako. Orain arte zortea izan dut eta marka saiakera guztietan etxean bezala edo hobeto aritu izan naiz plazan, baina beldurrez joaten naiz, eta bezperetan beti egiten ditut harriarekin amesgaiztoak, sufritu egiten dut. Egia da gero, presiopean, nahiko ondo ibiltzen naizela, eta behin eta berriz txukun aritu izanak segurtasun puntu bat ematen dizula, baina errespetu handia diet une horiei.
Marka pertsonal bat baino gehiago egin izan dituzu, baina ez horiek bakarrik: iazko maiatzean, zeure pisuaren bikoitza baino gehiago altxatu zenuen Aian, eta hori egin duen lehen emakumea izan zara.
Hala da, bai; 59,6 kilorekin hiru jasoaldi eman nizkion 122 kiloko harriari. Ofizialki bi errekor dauzkat eginda, eta hori izan zen bereziena, baina egia esan ez nintzen marka absolutu bat egiteko intentzioarekin joan, neurea egitera joan nintzen.
Urtearen bukaeran, berriz, markarik ez, baina erakustaldi hunkigarria egin zenuen Asteasun (Gipuzkoa), aitonaren 100 kiloko koparekin. Nolatan?
Erakustaldia baino bi aste lehenago zerbait berezia egiteko eskatu zidaten, eta pentsatu genuen polita izan zitekeela nik nire aitona lotzen dudan harriarekin, 100 kiloko koparekin, zerbait egitea. Aitak ere animatu egin ninduen, koparekin sekula ibili gabea nintzela eta. Minutu batean pare bat jasoaldi ematekotan joan ginen, eta azkenean, bi minutuan lau eman nizkion. Etxean baino gehiago egin nuen plazan, etxean justu-justu ematen bainizkion hiru.
Zer esan zizun aitonak?
Ezin izan zuen zuzenean ikusi, baina telebistaz bai, eta esan zidan ez zuela usteko sekula harri hori jasotzera iritsiko nintzenik.
Beste marka saiakerarik-edo ba al darabilkizu buruan?
Oraintxe izaten da garaia marka saiakerak prestatzen hastekoa, eta, egia esan, ez dakit zeri helduko diodan. Pisuan nire mugara iritsi naizela sentitzen dut, hortik ez dudala askoz gehiago egiteko biderik, baina agian beste era bateko harriekin saiatuko naiz. Orain arte laukizuzenarekin ibili izan naiz, pisua orekatzeko-eta errazena denez kilo gehien sartzeko aukera hor ikusten nuelako, baina agian bada beste harri batzuekin probatzen hasteko garaia. Esaterako, kubikoarekin plazan sekula ez dut jaso 63 kiloko harria baino handiagorik; beraz, kubikoarekin proba nezake edo zilindroarekin edo beste edozein harrirekin.
Hemendik hamabost-hogei urtera harri jasotzen ikusten al duzu zure burua?
Ez dakit plazan eta lehiatzen noiz arte jarraituko dudan, gorputzak laguntzen didanera arte segitu nahi nuke, baina ziur nago harri jasotzea sekula ez dudala erabat baztertuko. Nire bizitza ez dut irudikatzen inguruan harririk gabe.