Joseba Torresek (Orio, 2008) 2012ko Olinpiar Jokoetan ikusi zituen aurreneko aldiz pertika jauziak, eta ordutik ez du besterik egin nahi izan. 12 urte noiz beteko zain egon zen atletismoko modalitate horri ekiteko, eta Realaren Atletismo Taldean dabil ordutik. Emaitza bikainak ari da lortzen, gainera: 18 urtez azpikoetan, Espainiako bigarren marka onena dauka, 4,31 metroko jauzia eginda, eta martxo hasieran Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatuko duten Espainiako Txapelketan parte hartzeko gogotsu dago.
Zenbat aldiz galdetu dizute kirol modalitate guztien artean zergatik aukeratu zenuen pertika?
Askotan, ez delako oso ohikoa. Baina niri txikitatik gustatu izan zait. 2012ko Olinpiar Jokoak ikusi nituen telebistan, pertika ikusi nuen, eta nik hori egin nahi nuela argi izan nuen. Jakiten banuen Naroa Agirre pertika jaurtilariak Ordizian lehiatzen zuela, gurasoekin hara joaten nintzen. Orain, Armand Duplantis suediarra da nire idoloa; munduko errekorra bederatzi aldiz hautsi du, eta martxoaren 12tik 15era Suediara joango naiz familiarekin, berak antolatu duen txapelketa ikustera.
Zer ikusten diozu pertikari?
Niretzat, bisualki oso polita da. Kanpotik begiratuta, agian pentsatuko duzu makil batekin jauzia egitea bakarrik dela, baina behin barrutik ezagututa, konturatzen zara zenbat alderdi fisiko eta tekniko dauden, eta nire ustez, sekulakoa da jauzi on eta polit bat egitea. Mundu mailan pertika jaurtilari asko daude, denek salto egiteko estilo desberdina dute, eta asko gustatzen zait hori ere.
Zein da zure estiloa?
Txikitatik ikusi izan dut pertika, eta entrenatzaileak esaten dit ematen duela norbaitek erakutsi didala jauzi egiten.
Hainbat luzeratako pertikak daude, ezta?
Norberaren pisuaren arabera, luzeagoak edo motzagoak hartu behar dira. 58 kilo pisatzen ditut, eta 4,30 metroko pertika erabiltzen ari naiz, eta gutxi gorabehera 70 kiloko indarra egin behar dut pertika hori doblatzeko. Gu pribilegiatuak gara, Donostian daudelako federazioko pertika guztiak.
Nolakoak dira pertikako entrenamenduak?
Astean bost egunetan entrenatzen dut, eta horietatik bitan teknika lantzen dut, hau da, saltoak egiten ditut, eta gainerako hiru egunetan, berriz, lan fisikoa, gimnasioan. Gimnasiako barra, anillak eta halakoak dituen txokoa daukagu, eta ariketa zehatzak egiten ditugu, txiribueltak eta.
Makil baten laguntzarekin izan arren, lau metro saltatu ahal izateko gorputz oso-osoa landu beharko da, ezta?
Perfil oso desberdinetako kirolariak gaude: bat oso indartsua izan daiteke, beste bat txikia baina azkarra... Baina era batera edo bestera, gorputza bere osotasunean ondo landuta eduki behar duzu, dena erabiltzen delako: hankak, core-a, besoak... Egunero lantzen ditugu atal horiek.
Gogoan al duzu aurreneko jauzia?
Bai, baita pertika bat ukitu nuen aurreneko eguna ere. Pertika eskolara joan nintzen lehenengo egunean izan zen, eta niretzat zoramena izan zen. Gainera, gurasoek abisatu zidaten lasai egoteko, ez pentsatzeko lehenbiziko egunean ukitu ahal izango nuenik. Eta poz-pozik kontatu nien baietz, ukitu nuela eta baita jauzi txiki bat egin ere.
Zer sentitzen da langa pasatzen den momentuan?
Ondo sentitzen naiz, polita da. Ez badut pasatzen, berriz, frustratu egiten naiz. Hiru saiakera bakarrik egoten dira, eta aurreneko biak gaizki egiten badira...
Segundo gutxitan egiten duzue jauzi...
Bai, baina gero, entrenatzaileak aldatu beharreko berrogei gauza esaten dizkizu jauzi bakarrari buruz, eta niri ez dit denborarik ematen, dena oso azkar pasatzen delako eta korrika zoazenean ezin duzulako hainbeste pentsatu.
Zein da zure ametsa? Olinpiar Jokoak?
Oso urrun ikusten ditut oraintxe bertan, baina lehen hala ikusten nuen Espainiako Txapelketa ere. Nik lanean jarraituko dut, eta ea noraino irits naitekeen.