Martxoaren 8an faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak aldarrikatuko ditugu, kaleak hartuko ditugu, beste behin ere, feministok. Izan ere, feminismoa zabaltzen eta instituzionalizatzen doan honetan, agerikoak dira kontrako erreakzioak, eta, horrekin batera, eskuin muturraren gorakada.
Pentsa genezake Euskal Herria oasi bat dela eskuin muturraren aurrean, baina gure herrietara begiratzen badugu konturatzen gara ez dela horrela. Eskuin muturra gogor ari da jendartea eskuinerantz bultzatzen, eta sare sozial eta plataforma digitalen garai honetan kolektibotasunean konfiantza galdu dugu. Gazteak eta helduak gure bizitzetan eta "pribilegioetan" isolaturik gaude, eta feministok mobilizatzeko beharra azpimarratu nahi dugu.
Hasieran aipatutako instituzionalizazio fenomeno horien ondoan, mugimendu feminista ahalmen ikaragarria erakusten ari da. Harrigarria da zenbat mobilizazio, greba, kale hartze, protesta, jardunaldi, salaketa eta aldarrikapen egiteko gai izaten ari den. Herrialde honen historian ez dirudi inoiz antzekorik egin denik aktibatutako pertsonen kopuruari eta aniztasunari dagokienez. Horren ondorio dira aipatzen ditugun erreakzio arrazistak, xenoboak eta matxistak.
Orion, aldiz, fenomeno hau bestelakoa delakoan gaude. Mugimendu Feminista bere bidea egiten ari da apurka-apurka, baina ez du Euskal Herri mailan duen indar berbera. Jarrera erreakzionarioen aurrean, berriz, ezin dugu berdina esan. Komunikabide eta sare sozialetan gailentzen den mezu eskuindarra ondo errotzen ari da gure herrian, bai gazteengan, baita helduengan ere.
Gazteek ausart jokatzen dute herri feminista aldarrikatzen dugunon kontra; helduek, berriz, jarrera horien aurrean ez dute ezer egiten, askotan jarrera erreakzionario horiek babesten dituzte. Eta, garbi utzi nahi dugu, erantzunik ezak konplize bihurtzen gaituela: ez bazara konponbidea arazoa zara.
Urtero bezala, Martxoaren 8 herrikoi bat aldarrikatzen dugu:
Beldurraren kulturak indarkeria modu estrukturalean ikusteko gaitasuna ostu digu. Oraindik, badirudi, erasoak gizon ezezagunek egiten dizkigutela, erasotzaileak etxean, asanbladan, lanean eta koadrilan ez baleude bezala. Indarkeria matxisten aurrean autodefentsa feminista aldarrikatu behar dugu, baina gure eguneroko espazioak ere irauli behar ditugu. Mugimendu feministaren lehen lerroak ez ezik, feministok beste eremuetako lehen lerroak ere hartu behar ditugu.
ustizia feministak beste egiteko modu batzuk aldarrikatzen ditu. Osatze prozesuekin, akonpainamenduekin, emakumeen memoriarekin, kaltetutako gorputzen erreparazioarekin eta agentzia feministarentzat ezinbestekoak diren subjektu kolektiboen birsorkuntzarekin du lotura. Eta ez du loturarik hainbeste aplikatzen zaigun zuzenbide penalarekin, horri ematen zaion balioa salatu nahi dugu, prebentzio elementu gisa erabiltzen da, argi eta garbi punitiboa denean, hau da, prebentzio eta osatzean indarrak jarri beharrean zigorrak aplikatzean jartzen da.
Horrez gain, zaintza krisi bete-betean gaude. Ez dugu berariaz zaintzaz arduratzen den sistemarik. Zaintza erregimena bidegabea da eta askotariko fenomenoak elkar lotzen dira: lan prekarietatea, lan merkatuaren segmentazioa, pobreziaren feminizazioa, jardun bikoitzak, denbora pobrezia, bizi proiektuen alboratzea, bazterketa soziala, arrazakeria eta indarkeria matxista. Zaintza sistema publiko komunitarioa aldakarrikatzen jarraitzen dugu! Horri guztiari gehitu behar diogu gure herrialdeetako migrazio politikak ankerrak direla: zapaltzaileak, kriminalizatzaileak, matxistak eta hitzaileak.