Dena prest, igandeko Gipuzkoa Dance Contest lehiaketarako

Julene Sorarrain 2025ko mar. 6a, 10:30

Gazte mailako talde bat iazko Gipuzkoa Dance Contest txapelketan parte hartzen. (Maria Maya Manterola)

10:15ean hasiko da ikuskizuna, Orioko Karela kiroldegian, eta goizez nahiz arratsaldez ariko dira dantzan adin guztietako ehunka lagun. Ugaitz Alegria aktoreak aurkeztuko du saioa.

Warda Mallal dantzari eta koreografo oriotarrak beste urte batez antolatu du eskualdeko dantza ikuskizun berezienetakoa: Gipuzkoa Dance Contest hip-hop lehiaketa. Igande honetan izango da hitzordua, 10:15ean hasita, Karela kiroldegian, eta bertan Euskal Herriko nahiz atzerriko dantzariek parte hartuko dute. Sarrerak, ordea, agortuta daude jada.

Gipuzkoa Dance Contest dantza eta kultura urbanoa sustatzea helburu duen kultur ekitaldia da. 2012tik Gipuzkoako hainbat herritan antolatu du dantzari oriotarrak. Gainera, ekitaldiak gero eta jarraitzaile gehiago ditu, eta Espainiako hainbat tokitako konpainiak erakarri ditu. Era berean, denborarekin "garatzen eta hobetzen" joan da.

"Txapelketak adin eta jatorri ezberdinetako dantzariei aukera ezin hobea eskaintzen die, eszenatoki berean elkartu eta dantzarako duten trebezia eta pasioa partekatzeko. Talentu handia duten talde gazteentzako topagunea da, eta horrek berak indarrez eta erritmoz betetako ikuskizun aparta bihurtu du ekitaldia". Mallalek jakinarazi du dagoeneko dena prest dutela lehiaketarako, baina aste hauetan azken orduko xehetasun txikiak zehazten dabiltza: "Azken asteak dira beti nekagarrienak, izan ere, asko pilatzen dira bidali beharreko mezuak edota oraindik erantzuteko daudenak, eta ezinbestekoa da lehiaketa egunerako guztia prestatuta uztea".

Aurtengo edizioan 750 dantzarik parte hartuko dutela espero dute. "Eibarko [Gipuzkoa] eta Orioko pare bat talde izango ditugu txapelketan. Nire alabak eta haren lagunek ere probatzea erabaki dute. Oso denbora gutxi daramate dantzan, baina esperientzia irabazteko balioko dienez, animatu egin dira", esan du Mallalek. "Espero dezagun ikusgarria izatea ekitaldia, aurreko urteetan bezala".

Txapelketa hainbat mailatan jokatuko dute; hain zuzen ere, infantil, junior, youth, absolutu, premium (gurasoak), mega crew (talde handientzako kategoria) eta garaikidea kategoriak bereiziko dituzte. Aurten, bestalde, amateur kids talent show kategoria ere gehituko dute, 7 eta 10 urte arteko gaztetxoentzat. Gainera, aurten dantzaren munduko hiru pertsona ezagun arituko dira epaile lanetan, hala nola Leire Dallas, Enric eta Irene Temprado. "Epaileak Bad Gyal eta Lola Indigo bezalako abeslarien dantzari ofizialak dira, baita nazioarteko beste artista ospetsu batzuenak ere", azaldu du Mallalek.

Ugaitz Alegria aktore eta esatari bilbotarrak aurkeztuko du ekitaldia. 10:15ean hasiko da, eta dantzariak goizez eta arratsaldez igoko dira oholtzara.

Iazko edizioa

Iazko txapelketari erreparatuz, "oso gustura" sentitu zen Mallal jasotako erantzunarekin. "Oso hunkigarria izan zen zentzu guztietan. Giroa ere ederra izan zen, harrigarria baita dantza lehiaketa hauetan sortzen den laguntasun giroa". Hala, hainbat alderdi nabarmendu ditu. Besteak beste, parte hartzaileen "maila handia" azpimarratu du. "Dantza urbanoak urteak daramatza bogan, eta Espainian eta nazioartean arrakasta lortu duten oso dantzari onak atera dira Euskal Herriko dantza eskoletatik".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide