Beka bati esker, Ameriketako Estatu Batuetan ari zara ikasten. Nolatan jaso duzu beka hori?
Duela urtebete baino lehenago hasi nintzen beka eskuratzeko prestatzen. Agentzia bati nire atletismoko markak pasatu nizkion, eta haiek AEBetako unibertsitateekin harremanetan jartzeaz arduratu ziren. Nire curriculuma eta txapelketetako emaitzak bidali zizkien agentziak, besteak beste, eta bisa lortzen ere lagundu didate. Azkenik, Hego Carolinako Charleston Southern Universityn onartu ninduten. Uda ondoren etorri nintzen hona, eta orain bigarrengo seihilekoan nago, kinesiologia ikasten.
Nolakoa da egun arrunt bat hor bizi zarenetik?
Atletismoko taldean nagoenez, lehenengo seihilekoan entrenatzera joaten ginen 06:45ean. Ondoren, bizpahiru klase izaten nituen, eta arratsaldeak, aldiz, libre. Tarte horiek berriro entrenatzeko edo aisialdirako aprobetxatzen nituen. Bigarren seihilekoan, kontrako ordutegia dut, baina, egia esan, beti campus inguruan ibiltzen gara. Aste honetan Big South Conference izeneko proba bat dugu. Hegoaldeko unibertsitateen arteko lehia da, eta oso garrantzitsua da.
Nola antolatzen duzu zure denbora klaseen, entrenamenduen eta atsedenaren artean?
Ikasketak antolatzea oso erraza da, izan ere, Euskal Herriko mailarekin alderatuz, gutxiago exijitzen digute hemen. Horrek, ordea, ikasketak eta kirola uztartzea ahalbidetzen du. Niri arreta kirolean jartzea ahalbidetu dit hona etortzeak. Hori bai, txapelketetara ostegunetan joaten garenez, klaseetako ordu batzuk galtzen ditut, baina erraza da berreskuratzea.
Orioko entrenatzeko moduarekin ezberdintasunik nabaritu al duzu hor?
AEBetan bolumena asko lantzen dute. Nik, adibidez, Orion ez nuen bolumena intentsitatea bezainbeste lantzen. Aldaketa hori nabarmenduko nuke, baita hemen denbora gehiagoz entrenatzen dugula ere. Hala eta guztiz ere, unibertsitateak baliabide asko ematen dizkigu gure errendimendua ona izan dadin.
Nolakoa izan da AEBetako hizkuntzara eta kulturara egokitzea?
Hona etorri nintzenean nire ingeles maila oso txarra zen; izan ere, Batxilergoan ingelesa gainditzen ez zuen bakarra nintzen klasean. Baina denborak aurrera egin ahala, konturatu naiz ez dela beharrezkoa gramatika perfektua izatea. Lehen asteetan kostatu egin zitzaidan nire pentsamenduak adieraztea, baina geroztik asko hobetu dut, eta horretaz harro nago. Ondo ulertzen naute, eta nik ere erraz jarraitzen ditut klaseak. Pena da inguruan euskaraz hitz egiteko inor ez izatea. Bestalde, lehenengo egunetik oso ondo hartu naute. Gainera, kirolari guztiak eraikin berean bizi gara, eta dena batera egiten dugu: entrenatu, bazkaldu edota inguruko herriak bisitatu. Kanpotarrekin oso irekiak dira, eta eskertzekoa da hori.
Nolakoak dira AEBetako lehiaketak? Zorrotzagoak al dira?
Unibertsitateko ligak NCAA (National Collegiate Athletic Association) izena du, eta nahiko zorrotza da, bai. Unibertsitatearen edo eskualdearen arabera, maila hobea edo kaskarragoa izan dezake. Baina lehiaketak, oro har, oso maila onekoak dira, eta korrika asko egiten duen jendea dago. Esaterako, aurreko seihilekoan Texasko kros txapelketa oso garrantzitsu batera joan eta 25 urteko ikasleen aurka lehiatu ginen. Txapelketa amaitzerako, 90. postuan geratu nintzen. Batzuetan 'inor' ez zarela senti dezakezu. Etxean lehiatzean, oso maila ona dudala pentsa nezakeen, baina hona etorri naizenetik, errealitatea zein den ikusi dut. Hala eta guztiz ere, ez da zerbait negatiboa; izan ere, besteen maila onak motibatu egiten nau nire teknika hobetzera. Esan beharra dago hemen oso zorrotzak direla; dopin kontrol asko egiten dituzte, bai txapelketetan, baita entrenamenduetan ere.
Kanpora joan zarenetik, hobekuntzarik nabaritu al duzu zure teknikan?
Nabaritu ditut hobekuntzak, bai. Gehiago entrenatu dut, eta ikasteko presio handirik ez izateak ere laguntzen du. Batxilergoan nengoenean, esaterako, zaila egiten zitzaidan ikasketak kirolarekin uztartzea. Hemen, aldiz, unibertsitateak asko laguntzen dit eta baliabide ugari eskaintzen dizkit nire maila hobetzeko; fisioterapeutak eta lo egiteko edo atsedena hartzeko tarte gehiago eskaintzen dizkidate, besteak beste. Detaile txikiak dirudite, baina asko eragiten dute errendimenduan. Gainera, taldekide gehiagorekin entrenatzen dut hemen, eta asko gozatzen dut haiekin; horrek asko laguntzen du. Bestalde, alde pertsonalari dagokionez ere, hobekuntzak nabaritu ditut. Hemen bakarrik nago eta ni arduratu behar naiz nire buruaz. Era berean, beste kulturak ezagutzea eta nire ingeles maila hobetzea ahalbidetu dizkit hona etortzeak. Kirolari dagokionez ere, esperientzia hau aukera handia da atletismoaren munduan nire itzala uzteko.
Hor geratuko zara ala Euskal Herrira itzultzeko asmoa duzu?
Hemen soldata hobeak dituzte, hori bai! Baina etxean beti gusturago egoten naiz, gertukoak ondoan ditudala. Esperientzia bizitzera etorri naiz hona, baina agian hemendik hiru urtera iritziz aldatuko dut.