Orioko Udalak hitzarmena sinatu du Gipuzkoako Ur Kontsorzioarekin 2025-2035 aldirako

Julene Sorarrain 2025ko ots. 22a, 10:00

Orioko errioa. (Onintza Lete Arrieta)

Herriko hainbat eremutako hornikuntza- eta saneamendu-sistemak eguneratzea eta kontagailuen jarraipena egitea aurreikusten dute, baita berrikuntzak egitea herriko zenbait auzo eta kaletan. 

Gipuzkoako Ur Kontsorzioak inbertsio-plana aurkeztu dio Orioko Udalari 2025-2035 aldirako. "1.507.372 euro erabiliko ditu, nagusiki, hainbat eremutako hornikuntza- eta saneamendu-sistemak eguneratzeko eta kontagailuen jarraipena egiteko", jakinarazi du udalak. Gainera, herriko sarearen kartografia digitalari esker, hainbat puntutan berrikuntzak egitea aurreikusi dute, hala nola Eusko Gudarien kalean, hondartzan, San Nikolas kalean, anbulatorio inguruan, Andra Marin eta San Martin auzoan.

Duela 20 urtetik, Gipuzkoako Ur Kontsortzioa arduratzen da Orioko uraren ziklo osoa kudeatzeaz, besteak beste edateko uraren tratamenduaz eta saneamenduaz. Hitzarmena 10 urtean behin berritzen dute, eta Kontsorzioak udalarekin adosten ditu egin beharreko inbertsio, konponketa eta hobekuntzak. 

Kontsumorako ura kudeatzeaz ez ezik, ur beltzen tratamenduaz ere arduratzen da. Ur horiek jaso eta Zarauzko araztegira eramaten ditu, gero handik itsasora botatzeko. Uraren ziklo osoa Kontsorzioaren bidez kudeatzeak hainbat abantaila ditu udalarentzat eta herritarrentzat:

  • Enpresa espezializatu batek egiten du uraren kudeaketa osoa eta berak konpontzen ditu unean uneko. Era horretara, kostuak murriztu egiten dira eta herritarrek ura merkeago eskuratzen dute.
  • Kontsorzioak inbertsioak egiten ditu uraren sare osoan eta kontagailuetan, detektatutako akatsak konpondu eta sistema hobetzeko.
  • Gipuzkoako 77 udalerritako uraren ziklo integralaz arduratzen denez, kudeaketa bateratuak sendotasuna ematen dio sistemari.

"2004tik 2.000.000 eurotik gora inbertitu dira uraren sarean: herriko zenbait gunetako saneamendu- eta hornikuntza-sareak eguneratzen, kontagailuak berritzen, sarearen kartografia digitalizatzen eta ur-sarearen portaeraren eredu-matematikoak sortzen", gehitu du udalak. Guztira, 5.240 kontagailu aldatu dituzte eta azaldu dutenez, gaur egun ez dago herrian 10 urte baino gehiagoko kontagailurik.

Guk Oriori atariko Ingurumenaren defentsan erronkaren baitan irakurri daiteke uraren kudeaketa-sistemaren inguruko txostena. Bertan jasotzen dira, besteak beste, datozen hamar urteotan egingo diren aktuazio guztiak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide