Kalma txuria esamoldea hautatu du aste honetan Orioko Udalak Aritz Pardinak herriko hitz eta esamoldeez egindako bilketatik. Astean behin herriko hitz edo esamolde bat zabaltzea da asmoa, eta aurreko asteetan, esaterako, zikin-estalia, txikitan jaioa, potoko esnea eta elorrio esamoldeak partekatu izan ditu.
Kalma txuria esamoldea itsasoa bare-bare dagoenean erabiltzen da. Erabilerari dagokionez, modu honetara esaten da: Kalma txuria dago gaur itsasoan: igerileku erraldoia ematen du.