Uztail hasieran, Menane Oxandabaratzek, Herria astekariko idazleburu ohiak, lekukoa pasatu zion Ainhoa Etxenikeri (Senpere, 2004). Egunak Uztaritzen hasten ditu Herria-ko bulegoan astekaria osatzen, eta Orion (Gipuzkoa) finitzen ditu, traineruan entrenatzeko, arraunean ari baita. Eskolafobia sufritu zuen lizeo garaian, eta esplikatu du bere beldurragatik "abandonatua" sentitu zela. Bere lanaren eta kirolaren artekoa erraza ez dela aipatu du, eta eskolari zion beldurra oroitu du.
Iazko uztailean Menane Oxanbaratzek lekukoa pasatu zizun Herria-n, eta orain zu zara astekariko idazleburua. Nola pasatu dira sei hilabete hauek?
Uste nuen baino hobeki. Hasieran estresatua nintzen, biziki. Sei hilabete pasatu nituen Menanerekin, lanbidea irakatsi zidan, eta Herria-ren funtzionamendua esplikatu. Uztailaren 1a izan zen nire lehen eguna bakarrik, astelehena zen, eta astelehena da gure egun potoloena. Baina azkenean ongi iragan zen. Gainera, Menane beti hemen dut, zerbait behar badut deitzen dut edo mezu bat uzten diot, eta segituan erantzuten dit. Orain biziki kontent naiz. Esperientzia ederra da.
20 urte dituzu, eta astekari baten idazleburua zara. Adinari lotuak diren zailtasunak dituzu?
Bai. Batzuetan ideiak falta ditut. Baina Menaneri erraten diot, eta hark ere xerkatzen ditu ideiak, eta lista bat egiten dugu. Halere, antolaketa aldetik ez dut arazo berezirik; nire erritmoa atzeman dut. Beraz, ongi.
Kazetaritza Euskaraz trebakuntzaren bidez hasi zinen astekarian lan egiten, alternantzian. Baina ezin izan zenuen segitu, eskolaren fobiagatik. Halere, erabaki zenuen lanean segituko zenuela. Zer da eskolaren fobia?
Ez dakit oraindik eskolaren fobiarik dudan, aspaldian ez bainaiz eskolara itzuli. Baina, funtsean, ikasgelaren beldurra dut. Niretzat eskola batek eta gela batek badute giro berezi bat, pixka bat ospitale batera sartzen zarenean bezalakoa, bada usain eta giro bitxi bat. Ez zara eroso sentitzen. Eta nik hori dut eskolarekin. Fisikoki ez dut lortzen leku horietara sartzea, antsietate krisiak egiten ditut, ezin dut arnastu, dardarka ari naiz... Beldurra, fisikoa dut.
Nondik jin zitzaizun beldurra? Zein da iturria?
Zehazki noiz hasi zen ez dakit. Betidanik eskolarekiko deserosotasun bat ukan dut. Baina lizeoan nintzelarik garatu zitzaidan zinezko fobia. Faktore anitz izan ziren. Lehenean nintzelarik, geroz eta okerrago sentitzen hasi nintzen lizeora joaterakoan. Horrez gain, lizeoan lan anitz bagenuen, eta eskolatik kanpo lan anitz egiten nuen, eta buru hartze anitz nituen. Horri gehitu zitzaion irakasle batzuekin harreman txarra ukan nuela. Hori guztia metatu zen, eta fisikoki gaizki izaten hasi nintzen, beldurra obsesionala bilakatzen hasi zen. Hasieran ez nion nehori aipatu, uste bainuen normala zela horrela sentitzea.
Gertakari batek piztu zizun beldurra?
Egun batez, frantseseko irakasleak frantses baxoko ahozko zuria aipatu zuen, eta ohartu nintzen ez nintzela batere prest, eta negarrez hasi nintzen. Gelatik atera nintzen. Geroztik, ez nintzen sekula lizeora itzuli. Hortik aitzina hasi zen amesgaiztoa. Lizeoa gelditu nuen, eta nire irakasleen berririk ez nuen ukan. Frantses baxorako dena nire kabuz ikasi nuen; ulertu nuen ez nuela laguntzarik ukanen. Abandonatua sentitu nintzen. Ezagutzen ez nuen lizeo batean pasatu behar genuen ahozkoa, amak eraman ninduen, eta nire biziko lehen antsietate krisia egin nuen autoan; dardarka ari nintzen, ezin nintzen autotik atera. Egoitzara sartu eta beste krisi bat egin nuen, beste bat, eta beste bat... Kostatu zitzaidan, baina lortu nuen. Terminala osoki etxetik egin nuen. Hori ere oso zaila izan zen: nahiz eta etxetik lan egin, azterketak lizeoko gela batean pasatu behar izan nituen; orotara, hamabi.
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria.eus webgunean.