Benito Lertxundi: "Nire ibilbidearen azken zatian doktrinak baztertzera jo dut"

Gorka Erostarbe-Berria 2025ko urt. 19a, 15:00

Benito Lertxundi, oholtzak utziko zituela iragarri berritan, Orioko ostatu batean. (Aritz Mutiozabal)

Hilabete eta erditik gora igaro da agertokiak utziko zituela iragarri zuenetik; zuzeneko disko bat utzi du azken ondare gisa. Edonola, musikak ez du alde egin haren baitatik: dioenez, ideiaren bat badatorkio landu egingo du. Gorputza eta musika bat ditu. Berria egunkariak argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Pauso irmoz sartu da hoteleko ate nagusitik Benito Lertxundi (Orio, Gipuzkoa, 1942). Are irmoago luzatu eta estutu du eskua, diosal modura. Zirimola mediatiko bat sortu zen azaroaren hondarrean iragarri zuen erabakiaren harira: ez da gehiago oholtza gainera igoko. Fini. Orduz geroztik «zalaparta handia» izan dela dio. Berak, ordea, Gernika kontzertuan (Kantaita Enea) zuzeneko diskoa utzi du ondare, eta, gorputza eta adimena adi izanez, "aldiro ikasten jarraitu" nahi duela dio.

Aipatu zenuenez, gorputzak esan zizun geratzeko garaia zela. Hilabetetik gora igaro da erabakiaren berri eman zenuenetik. Zer diotsu gorputzak orain?

Lasai nago, normal. Gauza bat buruaren barruan bueltaka dabilkizunean, halako egonezin bat sortzen dizu, zalantza batzuk, ez dakizu aurrera edo atzera egin behar den. Erabaki bat hartzen duzunean, halakoak desagertzen dira, eta lasaitua hartzen duzu.

Zer esan zenion zeure buruari?

Pandemiaz geroztik ikusi nuen nire baitan jada ez nuela gogorik hor egoteko: pandemiaren aurretik ez nuen sentitu hori, eta banenbilen kontzertuak emanez. Geldialdiaren ondoren, aldiz, itzultzeko gogorik ez nuen. Bi urteren buruan itzuli nintzen, baina ezetz esaten jakin ez nuelako. Geroztik beste bi urtez ibili naiz oholtzan, baina ez gustura, ez nintzen lehen bezala sentitzen, salbuespenen bat edo beste izan zen arren. Konturatzen nintzen hor egoteak zentzurik ez zuela baldin eta proiektu berri batean sartzen ez banintzen, baina horretarako gogorik ez nuen, eta garbi ikusi nuen onena gelditzea zela. Behin zalantza xahuturik, liberatua sentitu nintzen.

Eta hilabete pasa igarota, are lasaiago zaude?

Neroni harrituta nago: behin erabakia hartuta, astebeteren buruan jada oso urrun ikusten nuen eszenatokia. Bitxia da hori: bizitza oso bat egin dut oholtzan, hirurogei urte. Eta astebeteren buruan sentitzea hori ez dela zure tokia… Oso gauza berezia da, eta zer pentsatua ematen du. Nola erabaki batek garbi ditzakeen bazterreko sasiak. Hori sentitu nuen, eta ondo nago hortik aurrera.

Taldekideak oso garrantzitsuak izan dituzu ibilbide osoan. Nola eman zenien haiei erabakiaren berri, eta zer erantzun jaso zenuen?

Esango nuke zenbaitek sumatzen zuela zerbait bazetorrela. Harritzen ziren hainbat kontzerturen ondoren esaten nienean ez nengoela gustura. Esaten zidaten jendea oso gustura egon zela, hau eta bestea, baina ni ez nintzen aseta sentitzen. Sumatzen zuten zerbait bazetorrela. Beste batzuek ez hainbeste, igual. Bildu nituen egunean, batzuek zaputza hartu zuten, eta gauzak proposatzen hasi ziren: zergatik ez ditugu egiten hamar-hamabost bat kontzertu agur modura, eta hori, hain zuzen ere, ez zait behin ere gustatu. Nahiago izan nuen xume-xume uztea, eta, gainera, lehenago publiko egin gabe. Kontua da ustekabeko zuzeneko disko batekin topo egin nuela gero, eta disko horrek bultzatu ninduen aurkezpen bat egitera eta nire erabakia agertzera.

Irakurri elkarrizketa osoa berria.eus atarian.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide