Orioko udal kanpinean hasi dituzte aisialdiko igerileku eta ur parke berriko lanak. Orioko Udalak Alpe Pools SL enpresari adjudikatu zizkion lanak iazko azaro erdialdean, 1.022.000 euroko aurrekontuarekin. Gaur egungo igerilekua kanpineko iparraldean dago kokatuta, eta berria, berriz, hegoalderago hasi dira egiten, kanpineko eraikin zuriaren atzealdean, horren amaieran.
Igerileku berriak oraingoak baino sakonera txikiagoa edukiko du tenperatura epelagoa errazago mantentzeko, klimatizatua izango da, toboganak edukiko ditu eta forma biribila izango du, egunen batean estali nahi balitz ere, eta ur parkea ere izango du. 400 metro koadro inguruko zabalera hartuko dute igerilekuak (280 metro koadro) eta ur txorroek (100 metro koadro). Gune osoak, berriz, ia 1.400 metro koadro edukiko ditu, eta itxitura baten barruan egongo da.