Txirla asiarra iritsi da Oria ibaira, eta kezka eragin du

Onintza Lete Arrieta eta Gorka Eizagirre 2025ko urt. 17a, 09:20

Aginaga inguruan aurkitu dute espezie inbaditzailea, eta Ura agentziak esan du gutxienez hiru kilometroan zabalduta dagoela. Unai Eizagirre Euskadiko Angulero Elkarteko presidente oriotarrak egoeraren iritzia eman du.

Duela hiruzpalau aste eman zuen abisua Euskadiko Angulero Elkarteak: txirla asiarra agertu da Oria ibaian, Aginagan, Mapil inguruan. Hain justu, hango baserrikoek deitu zioten Unai Eizagirre elkarteko presidente oriotarrari, Mapileko leharrean –errioan sortzen diren hondarrezko eta harrizko irlatxoak– txirla batzuk ikusi zituztela eta ea zer ote ziren galdezka. Eizagirrek aldundiko guardari argazkia bidali, eta hark eman zien albiste txarra: espezie inbaditzaile arriskutsua dela. Adituen arabera, oso ugalkorra da, eta ekosisteman kalteak eragin ditzake. Hori da Eizagirreren beldur handiena, eremu horretan aritzen direlako beraiek angula harrapatzen. "Guk bi eremutan begiratu dugu, Mapil aldean, eta errioan gorago, Lastolako leharrean, eta bietan dago txirla mordoa". 600 metroko eremua da hori. Ura agentziako adituak egunotan izan dira errioa ikuskatzen, eta Fran Silvan teknikariak azaldu duenez, "hiru kilometroko eremuan" aurkitu dituzte txirlak, "eta ziurrenez ibaian gorago ere egongo dira". Eizagirrek, ordea, ezustekoz hartu du txirla asiarraren izurritea: “Ura agentziak iazko irailean kaleratutako txostenaren arabera, ez zegoen txirla asiarrik Oria ibaian, eta harrigarria iruditzen zaigu bi hilabetetan izugarrizko plaga sortzea".

Ur gezako espeziea

Erakundeek erabakiak azkar hartzea eskatzen du Eizagirrek espezie inbaditzaile horren zabalpena saihesteko eta, ahal dela, erriotik desagerrarazteko. "Gu ez gara teknikariak, baina prest gaude jendea bildu eta eskuz txirlak kentzeko. Badakigu sekulako lana dela, baina azkarrena eta eraginkorrena hori iruditzen zaigu, zabalpena ahalik eta gehien oztopatzeko", iritzi dio.

Silvanek argi dauka, ordea, ibai batean ezin dela esku hartze eraginkorrik egin. Hark jakinarazi du lehen pausoa egoeraren jarraipena egitea dela, eta horrekin batera, erakundeen arteko koordinazio bilera egitea. Bilera aurki egingo dutela esan du, baina aitortu du oraindik ez dutela datarik jarri. "Oraindik informazio gutxi daukagu ezer zehatza esan ahal izateko, baina uste dut gure lana izango dela saiatzea ez dadin espeziea hemendik kanpora zabaldu, eta horretarako errioan dabilen jendea kontzientziatu beharko dugula eta haiei erakutsi zer babes neurri hartu behar dituzten, mikroskopikoak diren txirlaren larbak ez zabaltzeko". Bestalde, teknikaria harrituta dago espezie hori Kantabriar isurialdeko ibai baten azken zatian agertu delako: "Espero genuen espezie inbaditzaile honen etorrera, baina uste genuen gaur egun dauden tokitik gertuago izango zela, Ebron, alegia".

Unai Eizagirre oriotarra, asteazken honetan, Mapil inguruan, txirla asiar batzuk eskuetan dituela. (Onintza Lete Arrieta)

Horregatik, teknikariak ez du baztertzen inguruko ibaietan behaketa lanak egitea, tartean Urola ibaian. Eizagirrek, berriz, erakundeen jarrera kritikatu du, "inor ez" delako beraiekin harremanetan jarri oraindik. Gainera, haren ustez "harritzekoa" da Ura agentzia aritzea errioan ikerketa lan hori egiten, "foru aldundikoek eta Aztikoek egiten dutelako errio honen kudeaketa zorrotza, Espainia mailan ibai erreferentea delako angulari dagokionez". Erakundeek kontrol hori egin arren espezie inbaditzailea arrantzaleek topatu izana ere deigarria egiten zaio Eizagirreri.

Oria ibaiak arazo gehiago dituela ere gaineratu du oriotarrak: "Hemen espezie inbaditzaileak ditugu, depredadoreak ditugu, kutsadura daukagu... Ibaia ez dago guk ezagutu genuen bezala, orain ez dago algarik, izkirarik... eta inork ez du ezer egiten", salatu du Eizagirrek.

Eizagirrek ez du uste txirla asiarra errioan beherago iritsiko denik –Oriora, alegia–, ur gezako espeziea delako, eta, beraz, itsasoko ura ibaikoarekin nahasten den tokian ez lukeelako biziraungo. Dena den, errioaren ekosistema osoari eragin diezaioke. "Oxigenazioan eragin handia izan dezake espezie horrek. Orain errioak ur asko darama, eta ez dago arriskurik zentzu horretan, baina zer gertatuko da udan? Zer gertatuko da angulekin, amuarrainekin, izkirekin eta bestelako bizidunekin? Beldurtuta gaude", esan du. "Espezie oso ugalkorra da, eta hemendik udara asko zabalduko dela pentsatzen dugu", gaineratu du.

Angula denboraldi hasiera kaskarra

Aurten aurrenekoz angularen arrantza profesionala bakarrik baimendu du Eusko Jaurlaritzak, eta 78 lizentzia banatu ditu Oria, Urola eta Deba ibaietan aritzeko. Denboraldia "kaskar" hasi da, ordea, euria egitea eta errioan ur zikina egotea behar dutelako angula egoteko, eta aurreneko bi ilargietan Deban bakarrik harrapatu ahal izan dutelako. Beste bi ilargi gelditzen zaizkie, bat urtarrilaren 26tik otsailaren 3ra, eta bestea, otsail bukaeratik martxo hasierara.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide