Egun handia da guretzat San Anton eguna: upategia itxi, eta Getarian elkarrekin egiten dugu ospakizuna txakolindegiko lankide guztiok», kontatu du Izaskun Zendoia oriotarrak. Katxiña txakolindegiaren arduradunetako bat da, eta bihar txakolin uzta berriaren festan parte hartuko du. Getariako Txakolina jatorri izeneko 24 upategik aurkeztuko dute beren produktua Getariako herriko frontoian, eta uztari buruzko datuak bihar emango dituzten arren, zertzelada batzuk aurreratu dizkio Zendoiak Gukari: "Iazko udaberrian euri dezente egin zuen landarea loretan zegoenean, eta mahats tortoak ale gutxiagorekin gelditu ziren. Horrek esan nahi du mahatsak zapore gehiago hartu duela. Beraz, kopuruz gutxitu egin da, baina oso txakolin ederra dator". Iritzi berekoa da Mokoroa txakolindegiko Joseba Mokoroa zarauztarra, eta horrek ere ez du huts egingo biharko hitzordura. Txakolina ekoizten duten belaunaldi berrien aurpegietako bi dira Zendoia eta Mokoroa, eta jarraitu beharreko norabidea argi dute biek.
Tradizioa, berrikuntzekin
Zendoiaren familiak "belaunaldi askotan" egin izan du txakolina, baina "beti etxerako eta lagunentzako lain". Profesionalki ekoizten orain hamarkada bat pasatxo hasi ziren etxeko belaunaldi berriak, eta 2013an kaleratu zuten aurreneko botila. Bultzatzailea, ordea, aita izan dute: "Aitaren ilusioa zen txakolina jatetxera eramatea", kontatu du alabak.
Zendoiak gogoan ditu hasierako hausnarketak: "Txakolina zer zen eta guk zer izatea nahiko genukeen eztabaidatu genuen. Gure tabernetan edozein tokitako ardoa edan zitekeen, eta gure jatetxean bertan ikusten genuen momentu hartan zegoen txakolina ez zela euskal gastronomiaren mailakoa, ezta garaiko gustuarentzat balekoa ere. Sukaldaritzan eskaintzen den kalitatea ardogintzan ere eskaintzeak merezi zuela pentsatu genuen, eta gure txakolinak izan behar zuela nazioarteko gustuarentzat egokia". Zendoiaren ustez, hondarrabi zuria mahats mota oso egokia da horretarako, eta konturatu ziren "gakoa" zela "azidotasuna pixka bat matizatzea fruta zapore pixka bat gehiago emanda, azidotasuna orekatzeko".
Kanpora begira ere lan asko egin dutela iritzi dio: "Euskal ardo batek nazioartean bere tokia hartzeko ere egin dugu ahalegina, eta gaur egun hamazazpi herrialdetan daukagu gure produktua". Txakolinak "gero eta interes handiagoa" sortzen duela adierazi du, "edanerraza delako eta puntu kartsu edo azido horrek desberdindu egiten duelako gainerako ardoetatik, ardo zuri normalaren eta xanpainaren artean dagoelako".
Zendoiaren ustez, txakolindegietako belaunaldi berriak "sibaritagoak, finagoak eta zorrotzagoak" dira, eta hori nabari da bai produktuaren kalitatean, bai produktua saltzeko estrategietan. "Lehen etxean edateko ardoa zen batez ere, berdin zion garratza izateak, baina orain gauza gozoak nahi ditugu, eta mundu mailan edozein ardorekin lehiatzeko gai direnak". Zentzu horretan, "Gipuzkoako txakolindegietan sekulako aldaketa" egon dela uste du oriotarrak. "Pentsa, orain urte batzuk txakolin ekoizpena handiegia zen eskaerarekin alderatuta, eta azken urteetan alderantzizkoa ari zaigu gertatzen; hau da, urtea amaitu aurretik txakolinik gabe gelditzen ari gara upategiak, eskaera handitu egin delako kalitatea hobetzearekin bat".
Gazteen artean, esaterako, txakolinaren kontsumoa handitu egin dela uste du, eta bitxikeria bat ere kontatu du: "Aurrekoan guraso batzuek esan ziguten beren seme-alabak txakolinarekin hasi direla poteatzen, eta izena ere asmatu dutela Katxiña txakolina eskatzeko: katxiko. Guretzat hori zen helburuetako bat: bertakoek bertako produktuak kontsumitzea".
Mokoroatarrak, berriz, 2008. urtean hasi ziren txakolina ekoizten Zarautzen. Hasieratik hondarribi zuria chardonnay mahatsarekin nahasten dute, "biek oso ezaugarri desberdinak dituztelako eta ondo ezkontzen direlako". Bigarren belaunaldia dira Joseba eta Aritz anaiak. Mahasti artean hazitakoak dira, eta 2018an hartu zuten gurasoen lekukoa. Azken urteetan produktu berriak merkaturatzen ari dira horiek: "Gure gurasoek produktu bakarra egin izan zuten, txakolin zuria, betikoa, tradizionala, eta ia dena maila lokalean saltzen zuten. Anaiak eta biok argi geneukan horri buelta bat eman nahi geniola, produktuak eta merkatuak dibertsifikatuta". Hala, gaur egun ekoizpenaren %35 kanpora saltzen dute, "batez ere AEBetara eta Japoniara", eta txakolin tradizionalaz gain, txakolin gorria ere merkaturatzen dute, baita txakolin berezi bat ere, kriantza bat.
Laster batean, laugarren produktu bat kaleratuko dute: "Pare bat hilabetera produktu oso berezia merkaturatuko dugu. Haritzezko barrikan fermentatutako txakolina da. Mahastian 30 egun gehiago uzten dugu mahatsa, helduagoa da, ez dauka txakolin gaztearen txinparta hori, baina oreka gehiago dauka eta zaporez askoz konplexuagoa da. Egurrak ere matiz oso desberdinak aportatzen dizkio", azaldu du. Mokoroak argi dauka "tradizioa alboratu gabe, horrek ematen duelako identitatea, gauza berriak probatzea garrantzitsua" dela etorkizunera begira.
Sanantonetako egitaraua
Gaur, osteguna. San Anton bezpera
- 17:00. Txokolate beroa, plazan. 18:00. Ekain pailazoa, plazan. Ondoren, buruhandiak.
Bihar, ostirala. San Anton eguna
- 09:00. Diana Gazte Alaiak txistulariekin.
- 10:00. Kimikarin tailerra, umeentzat, kiroldegian.
- 11:00. Meza nagusia.
- 11:00. Txakolin uzta berriaren aurkezpena komunikabideei, Balentziaga museoan.
- 12:30. Txakolin dastaketa, frontoian. Irekiera pregoia Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariekin.
- 13:30. Egaña eta Lizaso, bertsotan, udaletxeko balkoitik.
- 18:00. Herri kirolak Egañak eta Lizasok girotuta. Aizkoran Txikia IV.a, Izeta VI.a, Mikel Larrañaga eta Joseba Otaegi. Harri jasotzen Ainitze Zumeta, Lierni Osa eta Olaia Esnaola. Ondoren, Atzarbale txaranga. Gauean, DJ festa.
Etzi, larunbata. San Anton bigarrena
- 14:30. Herri bazkaria.
- Ondoren, Heriotzaren karro-txaranga.
- 21:00. Kontzertuak: GZR, Benitze, Skaperen tributo bat, eta DJak.
Urtarrilak 19, igandea
- 09:00. Diana Getariako Musika Bandarekin.
- 12:30. Getariako Musika Bandaren kontzertua, elizan.
- 18:00. Bertso saioa Balentziaga museoan. Bertsolariak: Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Libe Goenaga, Ane Labaka, Aner Peritz eta Oihana Iguaran. Gai jartzailea: Ane Ezenarro.