Orioko Udalak, uholdeak saihesteko helburuarekin, balbulak jarriko ditu moilako hodietan, errioko ura saneamendu-sistemara sartu ez dadin. Ostegunean ekingo dio Iragaz enpresak balbulen instalazioari, eta 2-3 egun iraungo dute lanek.
Udalak iazko urrian kaleratutako oharrean azaldu zuen, uholdeak etorkizunean saihesteko hainbat neurri hartuko zituela, euri-urak ibaira husteko puntuen azterketa bat eginez: "Azterketa horrek agerian utzi du orain arte balbularik behar ez zuten moilako zenbait hodik balbularen beharra dutela orain, marea handiak lehen baino gorago iristen direlako".