Zalapartarik sortu gabe utzi nahi zituen oholtzak Benito Lertxundik (Orio, 1942), musikagintzan 60 urteko ibilbide oparoa eginda. Baina lurrikara handia eragin du hark azaroaren 27an kazetarien aurrean Gernika-Lumon (Bizkaia) jakinarazitako erabakiak. Oihartzunarekin batera, luzaroan geldituko den ubera ere utzi du Orioko bardoak, haren abesti asko ereserki bihurtu baitira milaka euskaldunentzat.
Urte hauetan plazaratu duen musika bere horretan altxor handia izanagatik, Lertxundiren ibilbideak baditu beste hainbat ezaugarri garrantzitsu ere, eta horietan bat datoz erreportaje honetarako iritzia eskatu zaien musikariak, kulturgileak, kazetariak nahiz herritarrak. Batetik, Euskal Herriaren nazio ikuspegia eta sentimendua zabaldu ditu kantuen bidez, baita lurraldetasun ikuspegia ere, Zuberoari, Bizkaiari edo Nafarroako Erriberari kantatuz. Bestetik, euskarari egindako ekarpena ere ukaezina da; euskaraz kantatu izan du beti, euskara lehen lerroan jarriz. Joxe Mari Iriondo irrati esatariak horren adibide bat ekarri du gogora: Lertxundi izan zen 1965ean Donostiako Bellas Artes aretoan egin zen Concurso de Artistas Noveles lehiaketan euskaraz abestu zuen bakarra. Sei hamarkadaz eutsi dio oriotarrak hautu horri.
Iritzi emaileetako batek Lertxundi bere ideiei leial bizi dela azpimarratu du, eta haren jakintza, jakin-mina eta bizitza ulertzeko modua laudatu dituzte beste batzuek. Gainera, agertokiei agur esatea erabaki zuela esateko hautatutako modua ere aipatu du batek baino gehiagok. Mikel Markez abeslariak, berriz, argi esan dio telefonoz bestaldera dagoen kazetariari: "Benito musikariaz hitz egin dezaket, baina Benito pertsonaz galdetuz gero, ezin ditut ezaugarri batzuk aipatu ezaugarri denak aipatu gabe; Benito asko daude".
Lertxundik solaserako duen gaitasunaz eta patxadaz ere jardun du batek baino gehiagok. Hala ekarri du Ibon Gaztañazpik gogoan jasota duen anekdota bat: "Behin, [Orioko] Kultur Etxearen parean egin nuen topo Benitorekin. Pare-parean tokatu zitzaigun bileraren batera sartzen ari zen jendea. Gu pareko aulkietan eserita hasi ginen berriketan, tapa-tapa, Altuna gora eta esku pilota behera, baita pilotak horma jotzean ateratzen duen akustikaz eta beste ez dakit zertaz ere. Bada, pare bat ordura, bilera bukatu eta atera zen jendea Kultur Etxetik, eta han jarraitzen genuen guk, hizketan!".
Ondare bizia
Musikagintzako ibilbidearen hastapenetan, Lertxundi Orioko San Martin auzoan itsasoari begira pentsakor irudikatu dute batzuek; Bariko San Nikolas parrokian, Martin Lizaso organoan entzuten, beste batzuek; eta besteek Lizasoren erloju dendako atzeko partean, lehen akordeak ematen. Publikoki, ordea, Ez Dok Amairu taldean hasi zuen Benito Lertxundik musika ibilbidea, 1960ko hamarkadaren hondarrean.
Euskal Herriko kultura mugimendu abangoardista izan zen Ez Dok Amairu, 1965. eta 1972. urteen artean jardun zuena. Kultur arloko mugimendua izan arren, baina, eragin handia izan zuen politikagintzan, eta oro har, euskal gizartean. Francoren diktaduraren azken urteak ziren, eta euskaraz, ikaragarrizko lan berritzailea egin zuten taldeko kideek; mugarri bihurtu zen. Lertxundirekin batera ziren talde hartan, besteak beste, Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea eskulturgileak; Mikel Laboa, Lourdes Iriondo eta Xabier Lete abeslariak; eta Joxan Artze eta Jose Angel Irigarai idazleak.
Ez Dok Amairun hasitako bideari gogotik eman zion segida oriotarrak. Izan ere, sei hamarkadako ibilbidean hemezortzi disko argitaratu ditu, azken biak joan zen azaroan, kantagintza utziko zuela iragarri zuenean. Gernika-Lumon 2023ko azaroan emandako zuzeneko azken kontzertuko abestiak jaso dituzte Gernika kontzertuan izeneko disko bikoitz horretan.
60 urteotan egindako lanaren lagin bat dago bilduta disko horietan. Izan ere, Lertxundik abestu die Bizkaiari, Zuberoari, Erriberari, Mauleri eta beste hainbat eta hainbat tokiri, eta bere sorterriari, Oriori; eta abestu dio barrukoari. "Saiatzen naiz eragin nauten sentimenduak transmititzen nire abestietan", esan zion hedabide honi azaroa amaieran eskainitako elkarrizketan. Halaber, kantatu die bere bihotzeko arraun taldeari, kantuari, heriotzari eta itsasoari ere.
Baina Gotzon Barandiaran kulturgile larrabetzuarrak (Bizkaia) laburbildu du ezin hobeto, esaldi bakarrean, Lertxundik 60 urte hauetan egindako lana: "Bere garaiari ez ezik, bere herriaren garai guztiei kantatu dien sortzailea da Benito". Eta Joxe Mari Iriondok eman dio errematea: "Herri honetan ez da euskal kantagintza berrian Benitok adinako ondare bizia duen inor".
Anuska Esnal Orioko alkateak ere hartu du hitza, eta hark poesia ukituarekin hitz egin dio Orioko bardoari: "Txoriak airean bezala dabiltza Benitoren kantak gure baitan, eta horrela izango da betiko".
LANDER GARRO, dokumentalgilea
"Esango nuke Benito Lertxundiren inguruan halako fama bat hazi dela urte luzez, gizon gogorrarena, gizon suminduarena. Behin tokatu zitzaidan harekin tratua izatea.Telebistarako saio bat egiten ari nintzen, Tumatxak. Benitok ez zuen saioa ezagutzen, eta modu edukatuan esan zidan ez zeukala gogorik telebistan agertzeko. Telebistaz jardun genuen, nola sortu zen kulturaren alde eta nola bihurtu zen kulturaren kontrako. Ez ginen oso ezados, baina ni barrikadaren beste aldean nengoen. Telefonoa eskegitzear ginela, tonu intimoago batean kontatu nion anaiak eta biok Soto del Realeko ziegan bere musika entzun genuenekoa. 'Ez genuen ezer, eta beste preso batek irrati-kaseta utzi zigun. Gaua zen, eta play sakatu genuen. Nor bere ohean. Bizkaia maite hasi zen eta ezustean negarrez hasi nintzen. Literaren behekaldera so egitean, hantxe zegoen anaia, bera ere negarrez. Orduz geroztik badugu mania eder bat, kanta horrekin eta Benitorekin'. Benitok historia entzun zuen, eta bere ahots grabez esan zuen: 'Etorri zaitez zure katxarro guztiekin, eta egin dezagun saio hori'. Nire bizitzan lehen aldia izan zen kartzelan egon izana abantaila izan zela, eta azkena ere bai!".
JON MAIA, bertsolaria
"Nire bizitzako bidelaguna izan da, haurtzarotik; bere zintak, kaseteak, oso umetatik entzun ditut. Gogoratzen naiz familiarekin Zuberoara oporretara joan nintzen lehenengo aldiaz, oso umea nintzela, 80ko hamarkadan; Benitoren kantengatik ezagutzen nuen Zuberoa, eta sekulako ilusioa egiten zidan Atarratzera edo Ozazera joateak. Fantasia ere izan da Benito, bizitzaren opari bat, eta berari hala adierazi izan diot egon izan naizenean: 'Nork esango ote zidan niri ume nintzenean noizbait ahots historiko horrek, abeslari horrek, nik idatzitako zerbait abestuko zuenik'. Bizitzaren opari ederrenatako bat izan da.
Benitok abangoardia eman dio euskal musikagintzari. Gure historiaren mugarrietako bat izan den Ez Dok Amairu mugimenduko protagonistetako bat izan zen, diktaduraren urteetan euskaraz kantatuz eta arriskatuz. Gerora, asko eman digu: izugarrizko lana egin du hitzak eta kantak berreskuratzen; bere kanta batzuk kasik ereserki bihurtu dira; lurraldetasun ikuspegia eman digu; nazio ikuspegia eta sentimendua eman dizkigu; eta epika bat ere bai, baita hizkuntzarekiko atxikimendua ere".
INTZA UNANUE, musikaria
"Txori txiki bat nintzelarik ezagutu zintudan. Gurasoenean igande goizak eta autoan bidaiak musikatzen zenizkigunean. Zure kantuen gainean ahotsak egitea izaten zen ahizparen eta bion jolasik kutunena. Eta horrela urteak igaro genituen, 2011n zure zuhaitzeko kimu bilakatu ninduzun arte. Eta hor, kantuz sortu naizela sentitzeaz haratago, kantuz nahi nuela bizi jakin nuen. Zure ondoan hazi naiz, udazken koloretan Euskal Herria zeharkatzen. Ametsak piztu dizkidazu, eta batzuk egia bihurtu. Mendien isiltasuna, itsasoaren malenkonia, eta zuhaitzen dantza irakurtzen ikasi dut zurekin. Kantuen bidez entzun dut aberriaren arnasa, ulertu dut maitasuna eta galera, eta ikasi dut herri txiki bat ere zeru handi bihurtzen dela, musikaz bada. Nigarra begian dudala agurtzen ditut zurekin taula gainean igarotako uneak eta etxeko estudioko entseguak. Maisu zara. Maisu hasieran eta maisu amaitzean. Hain xume eta dotore, oholtzen adiorik gabeko partitzean. Baina irripartsu eta lasai lotaratuko naiz. Kafe baten bueltan beti izango dituzulako hitzak niretzat. Eta nire bihotzaren taupaden hotsez, zure kantuak jarraituko ditudalako entzuten. Eskerrik asko, Benito, nire bizitzako kantaldiak ontzeagatik".
KANDIDA ARRUTI, baserritarra
"Umetan, baserritik zaldi gainean egunero jaisten ginen ama eta biok Orioko herrigunera etxez etxe esnea partitzera, eta askotan topatzen genuen Benito San Martin gainean. Itsasoa ederki ikusten den toki bat bada han, eta serio-serio egoten zen orain itsasoari begira, orain mendiari begira... Ez genuen ulertzen zer egiten zuen begi urdindun gazte eder hark han hainbestetan eta hainbeste denboraz. Gero jakin genuen abesten hasi zela, eta orduan konturatu ginen zertara joaten zen toki hartara: bere sorkuntzarako gai bila, zer jango egoten zela paisaiari begira, itsasoari begira... Serioa izan da beti, gu bezain berritsua inoiz ez, baina guri beti-beti irribarre batez egin izan digu kasu, gizon maitagarria iruditu izan zaigu beti. Gerora, gainera, harreman handia izan dut Olatz [Zugasti] emaztearekin. Sekulako bidelaguna izan du Benitok! Bere musikari dagokionez, berriz, zer esan! Gu, ezjakinak izan arren kantu kontuetan, liluratuta utzi gintuen abesten entzun genuenean. Hasieratik entzun izan ditugu Benitoren kantak. Herri guztietan omen dago urre koskor bat, eta nik zalantzarik ez dut Oriokoa Benito dela".
AIORA LARRAÑAGA, kazetaria
"Azaroaren 27ko titularra: 'Benito Lertxundik musika utziko du'. Inpaktatu egin ninduen albisteak, eta hausnartu nuen posible ote den bizitza osoan musikarekiko pasioa izan duen pertsonak musika lagatzea. Benitok berak eman zuen erantzuna aurrerago: 'Musikak ahalmen handiegia du eta beti izango dut lagun'. Hitz horiek gogora ekarri zidaten berarekin egin nuen azken erreportajea. Martin Lizasoren heriotzaren harira bildu ginen. Benitok bere 'aingeru laguntzailetzat' zuen, eta 'merezitako aitortza' egin nahi izan zion. Luze jardun ginen berriketan, eta aipatu zidan haurra zenean isilpean eraman zuela musikarekiko zaletasuna. 'Mutilok borrokan, futbolean eta pilotan aritzen ginen, eta musika sentiberatasunarekin lotzen zen gure inguruan' zioen. Horregatik, eguerdietan, inor konturatu gabe, disimuluan sartzen zen elizara, Lizaso organoa jotzen entzutera. 70 urte pasatu dira ordutik, eta haur hura euskal kulturan eta musikagintzan erreferente bilakatu bada ere, ederra da ikustea nola segitu duen sorterrira tinko sustraituta, ospearen zurrunbiloan arreta galdu gabe. Ibilbidea ere modu xumean bukatu nahi izan du Benitok, zalapartarik gabe".
XABIER LIZASO, musikaria
"Umetan Benito elizako zimitarioan aritzen zen futbolean, eta gure aitak eguerdietan elizan organoa jotzen zuen. Benito, inork ikusi gabe, elizan sartzen omen zen gure aita entzutera. Pixka bat koskortu zenean, lan eske joan omen zen gure aitaren erloju dendara, eta behin, gure aitak bandurria bat eman omen zion Benitori. Benitok berak kontatuta dakit nola bazkalondoan, dendan bakarrik gelditzen zenean, ordu pare bat izaten zituela gitarra hartuta aritzeko, baina bostak iritsi, bezeroak ate aurrera etorri, barruan norbait gitarra jotzen entzun, eta hark ez irekitzen. Hala hasi omen zen. Halako batean,Toki Alai jatetxean, Benitok pare bat kantu jo omen zituen gitarrarekin, eta nire aita ere han izan. Zera esan omen zion: 'Hi, Benito, asko ikasi duk, segi e, segi aurrera, mutil'. Eta Benitok askotan kontatu dit zuri gelditu zela: 'Hau zer esaten ari zait?'. Itxuraz, Benitok gure aita ikaragarri errespetatzen zuen, eta askotan esana du hari eskertu beharra diola musikan sartu izana eta erloju dendatik ostikoa emanda bidali izana. Konfiantza eman ziola mundu horretan indarrez murgiltzeko eta aurrera egiteko. Martin Lizaso bere mentorea izan zela esaten du".
JUANTXO ZEBERIO, musikaria
"Berandu hasi nintzen ni musikagintzan, eta musika ibilbidea opari bat izan da niretzat. Imanolekin [Larzabal] aritzen nintzen ordurako, eta egun batean telefonoak jo zuen etxean: 'Benito naiz'. Miresten nuen jendearekin, kantariekin eta musikariekin jotzeko aukera izan dut, eta hori oso berezia izan da niretzat. Benito bidelagun izugarria izan da niretzat. Halako batean ari nintzen nire bizitzako soinu banda izan diren kanta asko Benitorekin batera jotzen; etxean entzundakoak jotzen ari nintzen agertokian, jendea parez pare hunkituta negarrez ikusten nuen bitartean.
25 urtetan horren parte izan naiz, eta oso ederra izan da; asko baloratzen dut bizitakoa. Familia bat izan gara, Olatz eta Benito eta hainbat musikari. Erreferenteak izan dira horiek nire musika ibilbidean, eta Benitorekin aritzeak eman didan oparia izan da hori. Benitok izan du beste ezaugarri bat ere: talde osoarekin jo izan du beti. Beraz, bere herriz herriko musika ibilbidearen partaide eta lekuko zuzena izan naiz; sekulako pagotxa izan da Udazken koloretan jotzea Parisen, Madrilen, Bartzelonan, Tolosan, Lekeition edo Tafallan. Luxu bat izan da hori, taldea eta Benito beti banaezinak izan direlako".
NEKANE OIARBIDE, Ez Dok Amairuko idazkaria
"1967. urtetik ezagutzen dut Benito, orduan hasi nintzelako Ez Dok Amairu taldean idazkari lanetan, jaialdiak antolatzen. Azpimarratuko nuke hamarkada hauetan Benitok egin duen lan handia, ibilbide luze eta oparoa egin duelako. Poesiaz betetako kontakizunak eskaini ditu, Euskal Herriko historia kontatu du, eta hainbeste lekuri kantatu: Baldorba, Orbaizeta, Zuberoa... Denok ikasi dugu bere bitartez! Gainera, denok dakigu zeinen kontu kontari aparta den! Kantuan ona, eta adiskide bezala, zer esanik ez!
Gogoratzen dut Errenterian bizi nintzenean nola etortzen zen gure etxera. Ama, izebak... denok afaltzeko prest izaten ginen, eta ohartzerako gau erdia iristen zen. Denak ohera joaten ziren, gu izan ezik: ahizpa eta biok han gelditzen ginen Benitorekin eta bere gitarrarekin. 02:00ak iritsi eta Benitok presarik ez! Guk, berriz, hurrengo goizean lanera joan behar... Beraz, txamarra sorbaldan jartzen genion joan zedin. Hala eta guztiz ere, ongietorria izaten zen beti gure etxean. Eskerrik asko guztiagatik, Benito".
GOTZON BARANDIARAN, kulturgilea
"Kantari historikotzat omen naukate/ agian bitrinen bat dut itxaroten/ libra nadila horretatik gutxienez/ eta urra nazatela/ larros-arantzek azkenerarte". 1987ko Mauleko bidean diskoko Formak kantako hitzotan erakutsi zigun Benito Lertxundik nola agurtu. 2002ko Nere ekialdean sortan Anne Warnerren berbak moldatu zituen behin eta berriz errepikatzeko: 'Zergatik utzi behar ote diot, zergatik utzi kantatzeari?'. 2008an, Itsas ulu zolia diskoan, Jose Mendiageren Kantuz poema musikatu zuen Kantuz sortu naiz eta, kantuz nahi bizi. Euskaldunon imajinario kolektiborako epika berri bat proposatzeko sortu zuen mdiskoa 1981ean. Herri baten historia ahantzarazia berreskuratzea da helburua, inoren aurrean makurtu ez den Euskal Herria kantatzea. Horixe da 1960tik mende berrira bitarteko gure epika berriaren zuztarra. Hasi 1974ko Oro laño mee batek... diskotik eta XXI. mendeko Nere ekialdean-era arte. Zuberoako herri kantuak berreskuratzen dituelako kantatzen dio Bizkaiari, eta Orioko arrantzaleak laudatzen dituenez goratzen ditu Nafarroako ola-gizonak. Bere garaiari ez ezik, bere herriaren garai guztiei kantatu dien sortzailea da Benito".
JOXE MARI IRIONDO, kazetaria
"Ez Dok Amairu taldea osatzeko egin genuen bilera batean elkartu ginen lehenengo aldiz, eta handik aurrera harreman handia izan nuen Benitorekin. 1967an eta 1968an Edigsa; Herri Gogoan-erako grabatu zituen hainbat abesti, aurrez Loiolako Herri Irratian grabatu zituen, 1966an eta 1967an. Gero ere, bost edo sei kantu berri prestatzen zituen bakoitzean, Loiolan elkartu eta grabatzen nizkion. Oso eskertua nagokio eman zigun tratuagatik. 1977an Batallon Vasco Españolek Loiolako Herri Irratia bonbaz lehertu zuenean ere, irratiari laguntzeko antolatu ziren bi jaialdietan esku hartu zuen. Benitok ehunka eta ehunka jaialdi eman du Euskal Herriko edozein plazatan eta antzokitan; eta nola landu eta mimatutako jaialdiak eman ere, nola edukiari hala formari zegokionez, beti ere bere profesionaltasuna obsesio bilakatuta. Eta lotsarik gabe esan eta errepikatuko dut: ez dela herri honetan Benitok adinako ondare bizia duenik orain arteko euskal kantagintza berrian. Ikusi bestela bere diskografia bikaina, herriz herri emandako ehunka jaialdiez gainera. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiot euskal kantua maite dugunoi utzi digun ondareagatik".
MIREN FERNANDEZ, musikaria
"Benitoren musikaren eta pertsonaren inguruan beti sentitu izan dut magia berezi bat. Aitak eta amak duoan abesten zituzten kantuak ziren; ni haurra izanik Valladolidera bizitzera joan ginenean, nire aita bertakoa bazen ere, Benito eta Letezale amorratua zenez, etxean binilozko disko haiek entzuteak izugarrizko karga emozionala zuen. Handik urte askotara, lehen aldiz EITBn abestera nindoala, zer eta bere kantu bat –Mundurat eman ninduzun–, Donostiako Artzain Onaren katedral ondoko musika dendara joateko eskatu zidaten pianoarekin probatzeko. Ixiar Uria etorri zen EITBtik, eta bertan probak egiten ari ginela, kasualitatez edo kausalitatez, auskalo, Benito bera sartu zen dendan. Bera konturatu omen zen norbait bere doinua abesten ari zela, baina ez bera ez ni ez ginen ausartu ezer esatera. Urte batzuk geroago, Sorginen Laratza saioan, Benito elkarrizketatua zela bere abesti bat jo nuen, eta berak dendako anekdota kontatuz elkar ezagutu genuen eguna ekarri zuen gogora. Orduz geroztik, oso tarteka, harremana izan dugu. Miresmen handia diot betidanik; izugarrizko ekarpena egin dio herriari eta euskal kulturgintzari".
ASIER GOZATEGI, musikaria
"Gogoratzen naiz lehendabiziko diskoa atera eta aurrenetako elkarrizketa batean zein amets betetzea gustatuko litzaidakeen galdetu zidatela, eta nik 'egunen batean Benitorekin eszenatokia partekatzea' erantzun nuela. Benitorekin egon naizenetan, haren jakituria eta jakin-mina ikusi izan ditut beste ezaugarrien gainetik. Berarekin hitz egiterakoan, hizketagai horri buruzko sei hilabeteko ikastaroren bat jaso beharra zegoela iruditu izan zait beti. Horrez gain, badu beste ezaugarri garrantzitsu bat ere: ez dut beste inor ezagutu pentsatzen eta sentitzen duenaren eta egiten duenaren artean Benito bezain leiala denik, ezinbestean kontraesanez bizitzera behartuta gauden garai hauetan. 83 urteko tipo gaztea. Tradizionala eta modernoa. Zena eta sena. Beti izan da eta da dotorea Benito, musika janzteko garaian eta baita bere burua janzten eta zaintzen ere. Uzteko modua ere, begira zeinen modu dotorea. Beti perfekzioaren bila, perfekziorik existitzen ez den musikaren mundu honetan".
ANA EGIBAR, tabernaria
"Hunkitu egiten naiz Benitoz hitz egitean. Betitik izan dut ezaguna, baina 30 urte daramatzagu Salatxo tabernan, eta tabernatik ezagutzen dugu gehienbat, bera eta bere lagunak taberna aurreko petrilean ikusi izan ditugulako beti erriora begira, arraunlarien entrenamenduak jarraitzen, eta baita hemen ere kafea hartzen edo berriketan. Erretiratu denetik ez dut ikusi, baina pentsatua dugu ahizpak eta biok juntadizoa egitea gure tabernan, itxia dagoen batean, berarekin eta bere lagun taldearekin. Badut kontu batzuk esateko gogoa, baita besarkada bat ematekoa ere, uzten badit. Lan pila bat egin du urte askoan eta ulertzen dut erretiratu nahi izatea, nola ez bada, baina gorputz atal bat, beso bat moztu izan baligute bezala sentitzen naiz.
Neu izugarri betetzen nau haren musikak, asko laguntzen dit egoera guztietan: onean, erdi bitartekoan eta txarrean. Negar egin behar badut ere, negar egiten dut bere musikarekin. Niretzat ez da Benito bezalako beste bat sortuko Euskal Herrian eta inguruetan; nahi bai, baina ez zait iruditzen. Izugarria da gizon hori. Benito da gure etxean eta uste dut baita herrian ere, gure Benito".
JOXEMARI OLASAGASTI, arraunzalea
"Benitorekin askotan egoten gara Salatxo tabernaren aurrean, herriko arraunketari jarraipena egin nahian, baita solasaldi aberatsetan ere, eta nire baitan eragin handia izan duten hiru gai aipatu nahi nituzke. Bat, desikasi hitzaren erabilera: euskaldunen izaera eta historiari buruz arlo guztietan erakutsi eta etengabe bonbardeatzen gaituzten ez egi ugarietatik libratzeko egin behar den lan hori. Ez da lan samurra egin beharrekoa, menpeko eta guztiz suntsituak bukatu nahi ez badugu. Bi, antzinako Orio. Batez ere, Goiko Kaleko kale baserrietako familia ugari eta ugarien bizitzeko erak eta andantzak. Horretaz ere ikaragarri daki Benitok. Plazer bat da hari entzutea, bere txikitako eta gaztaroko pasarteak. Hiru, Orio eta arrauna. Oriotarra, leiala, osoa, baldintzarik gabeko jarraitzailea. Pertsonak egiten dira joan, bota, alde, haserretu, bildu, etorri, ekarri... eta Benito beti hor. Soinean ez darama kamiseta horia, bihotzean mantentzen du su horia. Inoiz ez komentario toxiko-kutsatzailerik, beti ere baikor, historian zehar oriotarren galdu-irabazi horrek eman dion jakinduriak guztia bere tokira ekarriko duen ziurtasunarekin. Orio eta arrauna, mirotzaren begirada zorrotzarekin".
IBON GAZTAÑAZPI, kazetaria
"Txikitan banekien Benito Lertxundi izeneko abeslari bat bazena, hondartzan ikusten nuen, paseoan. Gero, gure herriaren eta hizkuntzaren kontzientzia hartu ahala, haren disko guzti-guztiak entzun eta pertsonaiarekiko kristoren lilura hartu nuen, eta arraunean goiko traineruan hasi nintzenean oso polita iruditzen zitzaidan nik miresten nuen abeslari hura halako pasioz ibiltzea gure atzetik, egunero-egunero guk arraunean nola egiten genuen begira egoten baitzen, paisaiaren parte balitz bezala.
Arraunak tratu mina sortzera eraman gintuen, eta luze eta sakon aritzera era guztietako gaiez hizketan, sakonduz, presarik gabe, eta taburik gabe. Tokatuz gero, orduak pasatu ditugu hizketan. Niretzat pribilegioa eta plazer handia izan da gizon honekin hitz egiteko aukera edukitzea. Batetik Benito pertsonaia ikusi, Euskal Herrian maila goreneko erreferentea, eta gero, pertsona, Benito laguna, eta berak pertsonaiari nola begiratzen dion, inportantzia kenduz, esanez bezala 'hori ez nauk ni', horrek zer pentsatu handia eman dit niri, eta asko ikasi dut. Artistaren goian, azpian edo paralelo dagoen pertsonaren sakontasun hori, unibertso hori, munduari begiratzeko duen modua, magikoa da".
MIKEL MARKEZ, musikaria
"Kantatzen hasiberria nintzelarik tokatu zitzaidan Benito teloneatzea 17 urte ingururekin, bera dagoeneko Euskal Herriko artista handi bat zenean. Gero, bizitzak Aiara eta Oriora ekarri ninduen bizitzera, eta adiskide izatea suertatu zitzaigun, bai adiskide musikal, bai pertsona gisa, lagun. Horrek guztiak aukera eman digu ia-ia bizitza honetan hitz egin daitezkeen gai guztiez hitz egiteko, eta hori gauzatu zen Pako Aristik, Benitok eta hirurok egin genuen Plazer bat izan duk Benito liburuan. Hain poliedrikoa den pertsona bat deskribatzea ez da erraza, Benito asko daudelako. Musikalki, inpekablea dela esango nuke: bai formetan, bai edukian. Beti zaindu izan du izugarri non kantatzen duen, norekin, nola, zergatik, irudia, soinua... Eta hainbesteko garrantzia eman diolarik horri guztiari, azkenean, igarri egiten da emaitzan. Zure jarrera inpekablea bada zure lanbideko gauza guztietan, azkenean, zure ibilbidea inpekablea bihurtzen da, eta uste dut ez dela kasualitatea Euskal Herriaren subkontziente kolektiboan kantu gehien utzi dituen kantaria bera izatea. Hori da gorputz, arima eta bihotz saiatu delako gauzak ondo egiten".
PAKO ARISTI, idazlea
"Benitok oso tinbre berezidun ahotsa izan du beti, ahots seduktorea, erakargarria, belarriak gozatzen dizkizun horietakoa, hitz egiten duenean bezala kantari ari denean. Gaztetan meheagoa zuen, adinarekin sendotu egin zitzaion, bere nortasunarekin gertatu bezala. Gero, halabeharrez, existentziak berak jarrera bat hartzera behartzen zaitu, egokitu zaigun bizialdiko bidaiari zentzua eta tajua emango diona. Eta Benitok egin duen bidaia miragarria da, zinez.
1960ko gazte haiek deskubritu berria zuten Euskal Herriari kantatzen hasi zen, eta arimaren misterioari, atxiki ezin den horri kantatzen bukatu du. Alan Stivell, Donovan eta abar zituen gaztetan gidari, eta zahartzera haren ahotsak Leonard Coen edo Tom Waitsen sakontasun abisala hartu zuen, bere intuizioak eta egiak transmititzeko bidea bihurtu zuen ahotsa; natural-natural, baina asko landutako naturaltasun baten lorratzean. Bidaia sinfoniko horretan hain maite duen herriaren sentipenak bere nortasun aske eta basatian islatzea lortu du, harekin bat egin duten milaka entzuleek badakitelako, hilezkortasunik bada, hori Benitoren kantu bat izan litekeela soilik, gaur-gaurkoz, Euskal Herri bortxatu honetan".
SARA ZOZAYA, musikaria
"Urduri jartzen nau Benitoren presentziak, arima jakintsu bat delako parean dudana. Koloretsua. Grisa eta horia: berdea. Hala ikusten dut nik. Adi jartzen nau bere presentziak, bere ideiak hodeiak direlako niretzat: badakit edozein momentutan badatorrela. Hodei bat. Zuria, txikia eta bizkorra. Euria bezala da; ez dakizu noiz etorriko den, baina etorri etortzen da, noizbehinka. Zeinen beharrezkoa den euria, batzuek gorputzean senti dezakete mina. Eta orain elurra iritsi da. Mendi tontorrean egiten ez badu, ez du inon egiten. Benito ere, iritsi da tontorrera, eta orain bizikletaz paseo polita du etxera. Merezitako deskantsua hartuko du. Etorkizuna begiratzen du Benitok. Gazteak interesez begiratu, datorrena zer den ulertzeko. Orain, bihotza jartzeko pentsatu egiten dugu. Beldur ezberdinak zenituzten agian. Eta onartu zuen kolaborazioa. Bere ahotsa, Benetan kantuan. Han, nire kantuan. Onartu zuen, erakutsi nion hodeia morea zelako".
JON AGIRRESAROBE 'TORROTXO', kulturgilea
"Algortan eman zuen Benitok pandemia osteko lehen emanaldia, huraxe izan da kontzertuan ikusi dudan azken aldia. Abra inguruko herrietan zaleak patrikan sartuta ditu Orioko bardoak. Getxon, Santurtzin, Plentzian eta Galdakaon ikusi izan ditut kontzertuko kartelak. Pentsatu izan dut Benitok Barakaldoko BECen joko zuela inoiz, edo Nafarroa Arena aukeratu zezakeela. Are gehiago, agurreko kontzertuen eta itzultzeen garaian bizi garen honetan. Itzulerakoak eskaini dizkigu Errobik, 40. urteurrena ospatuko du Fermin Muguruzak kontzertu bira luzearekin, eta agurreko kontzertuak joko dituzte Chill Mafiak, Gatibuk, Izarok eta En Tol Sarmientok. Baina Benitok ez du BEC edo Nafarroa Arena aukeratu beharrik izan. Nahikoa dela esan du, eta oholtzan ez gozatzekotan ez dagoela hainbeste jenderen aurrera ateratzeko. Hilabete luzez egosi du erabakia, zintzotasun osoz azaldu die bere ingurukoei lehenbizi, eta hedabideen bidez herritarrei ondoren. Uko egin die agur jendetsuei, takila erraldoiei, zuzenekoek sortzen duten tentsioei, kolaborazioei, telebistaren aukerari eta askotariko aukerei. Bere kantuak herriarentzat geldituko dira, lan egiteko eta oholtzetan egoteko modua ere bai".
ANUSKA ESNAL, Orioko alkatea
"Txoriak airean bezala dabiltza Benitoren kantak gure baitan, eta horrela izango da betiko. Etorkizuneko euskaldunek ere euskal unibertso bat ezagutuko dute, Benitoren kantuen bidez: zazpi lurraldeetako herriak, kondairak, pertsonaiak… Txoriak airean jarraituko du sekulako, hegan, kantari. Zorionekoak gu, Euskal Herria kantatu digun sortzailearen garaikide izan garelako. Benitoren zuzenekoen zirrara sentitu ahal izan dugulako. Berdinik gabeko uneen, gauen, emanaldien lekuko zuzen eta hartzaile pribilegiatu izan garelako. Oholtza gaineko magia eta airean datozen doinu, hots eta gogoetak azalean sentitu ditugulako. Oriotarrak, gainera, bi aldiz gara pribilegiatu, bi aldiz gara zorioneko. Gure herriko semea bidelagun izan dugulako egunerokoan, Benitoren kantu askoren abiapuntu izan diren lekuetan, haren pentsamenduen etxe eta irudien unibertso izan den herrian: errio ondoan arraunlarien ekinari begira, moilan lagunekin solasean, eta bestelako bide ugarietan barrena, gure ondoan.
Aurrerantzean, jarrai ezazu bihotzez maite zaituen gure herrian hegan, zure kantuek bezala… Eskerrik asko, Benito!".
GRATXINA LERTXUNDI, managerra
"Aitarekin lan egitea hunkigarria izan da niretzat, asko ikasi baitut berarengandik. Gainera, bere lanak badu jendearengan zerbait eragiteko gaitasuna, emozioak batik bat, eta hori niri ere heldu izan zait era goxo eta samur batean. Ohituta nagoen arren, kontzertuetan hunkitzen jarraitu dut beti. Unibertsitate garaian, 2014an, Gure Bazterrak ekoiztetxearekin kontzertuak antolatzen ari ginela, aitaren kontzertuen antolaketa-eta beraiek kudeatzea proposatu genien, eta horrela hasi nintzen ni beraiekin lanean. Benito nire aita da, eta beste aita guztiek bezala lanbide bat dauka. Nire aita, baina, ezaguna da bere lanbidea publikoa delako. Nabaritu izan dut jendeak maite duela aita, eta hori polita da niretzat ere.
Txikitatik entzun izan ditut aitaren abestiak, eta batzuk aipatuko ditut. Iluna denerako kanta ni jaio nintzenean idatzi zuen, eta etxekoak niri abesti hori kantatzen zidateneko oroitzapen pila bat ditut. Bestalde, Oi lur, oi lur kanta asko gustatu izan zait betidanik. Lortu nuen eskaini zuen azken kontzertuko errepertorioan kanta hori sartzea, eta esan dezaket gaur egungo bertsioa are gehiago gustatzen zaidala".