Jon Salsamendik (Orio, Gipuzkoa, 1970) bigarren aroa egingo du Urdaibain. Oso talde desberdina topatuko du, ordea. Taldearen bizkarrezur izan diren hainbat arraunlarik taldea utzi dute, eta egoera berria biziko du Bermeoko taldeak (Bizkaia). Ez zaio ilusiorik falta, ordea. Oinak lurrean ditu.
Hasi zarete lanean. Zer talde aurkitu duzu?
Azaroaren azken asteburuan hasi ginen entrenatzen, ohi baino beranduxeago. Uretan oso entrenamendu gutxi egin ditugu; gehienbat banakako lan fisikoa egiten ari gara. Taldeari dagokionez, aldaketa garrantzitsuak izan dira, eta oraindik denbora pixka bat beharko dugu zehazki zer talde gelditzen zaigun ikusteko. Sei hutsune izango ditugu. Kuantitatiboki ez da hainbeste akaso, baina kualitatiboki azken urteetan Urdaibairen bizkarrezurra izan diren arraunlariak izan dira. Duela hilabete eta erdi egoera okerragoa zen. Hamabi arraunlarik uztea zen aurreikuspena. Hori lantzen ahalegindu gara. Eta oraindik ere arrauna uztekotan dagoen besteren bat errekuperatzen ahaleginduko naiz. Baina zaila da, eta ez dut aurreikuspen faltsurik sortu nahi.
Noiz eta nola iritsi zitzaizun Urdaibairen deia? Espero zenuen? Erraza izan zen erabakia hartzea?
Ez nuen espero, inondik inora, eta ez zen batere erabaki erraza izan. Agian, azkarra bai, baina erraza ez. Nik Lapurdin jarraitzea nuen buruan, eta datorren denboraldia lantzen hasiak ginen jada. Horregatik diot ez zela erraza izan. Bermeoren deia panorama kritiko batean iritsi zen. Ez da gauza bera Bermeok deitzea azken hiru urteetan izan duen proiektu batekin, non oinarri guztiak ziurtatuak dituen, edo deitzea ia SOS mezu bat bidaliz. Baina arrazoizkoa ez den zerbait sortu zitzaidan deia jaso nuenean, zerbait basatia, akaso. Eta horrek bultzatu nau Bermeori baietz esatera.
Baina Lapurdirekin lanean zeunden ordurako.
Datorren urteko proiektua osatu nahian genbiltzan, bai. Saiatu naiz haiekin ahalik eta garbien jokatzen, eta egoera zein zen azaldu nien, haien etorkizuna ere ahalik eta seguruen bermatzeko. Baina ez da erraza izan. Arraunlariak bilera batera deitu genituen. Eta denboraldi berriaren nondik norakoen azalpenak entzungo zituztela uste zutenean, nire agurra zela entzun zuten. Ez da erraza izan zurekin kontatzen duen arraunlari talde bati agur esatea. Lasai nago, argia izaten eta gauzak aurrez aurre egiten saiatu naizelako. Oso ondo portatu dira nirekin, eta kirol mailari dagokionez, beste maila batean egon naizen arren, asko eskertu dut aukera hori.
Eusko Label ligako goiko taldeak entrenatzera ohituta egonda, kosta egin zitzaizun KAE1 ligan entrenatzeko erabakia hartzea?
Kolpea baino gehiago, egoera berri bat zen niretzat, eta egokitu beharra neukan. Batetik, Lapurdik deitu zidanean ni lanik gabe nengoen. Orioko etapa bukatu nuen, eta une horretan, esaten den bezala, merkatua itxita dago traineru munduan. Eta horregatik daukat hainbeste haiei eskertzeko. Baina, noski, ezagutzen ez nuen proiektu mota bat topatu nuen. Niretzat garrantzitsuak ziren eta exijituko nituzkeen gauza batzuk ezin nituen exijitu halako proiektu batean; ez arraunlariei, ezta klubari ere. Egokitu egin nintzen entrenatzaile bezala eta langile bezala, eta behatzaile lanak egin nituen. Donibane Lohizune Oriotik hain urruti ez badago ere, kulturalki desberdina da, eta talde kultura ere bai. Horiek denak poto batean batuta, gauza berri asko dira elkarren ondoan. Baina horretara denera egokitzeko egin behar izan dudan barne ariketak onura asko ekarri dizkit alor pertsonalean. Erronka bat izan da, eta bete egin nau. Lapurdiri zerbait zor diodalako sentipen txiki bat gelditu zait.