Udan, aitak aspaldi eskatutako mandatua bete zuen Nere Manterola (Orio, 1975) irakasleak: orain urte asko aitari itsasoan gertatutako istorio bat idatziz jasotzea. Zer forma emango, eta bertsoa aukeratu zuen. Etxean erakutsi, eta amaren proposamenez, Euskaraz Gazte literatur lehiaketara aurkeztu zuen; baita lehenengo saria eskuratu ere bertsoen atalean.
Euskaraz Gazte literatur lehiaketako sari banaketa ekitaldian abestu zenituen bertso irabazleak. Doinuak atentzio handia ematen zuen; oso solemnea aukeratu zenuen.
Jon eta Aitor Sarasuaren Fauna txiki bat bertso berritan diskoko doinu bat delako ezagutzen dut; mendien zapalkuntzaren ingurukoa dela uste dut, Himalaiaz eta kantatzen zutela. Oso doinu narratiboa da eta asko gustatzen zait; askotan etortzen zait burura disko horretako bertso horien aurreneko zatia. Neuk ere narrazioan lagunduko zidan doinua behar nuen, hamarreko handian osatu nahi nuen, eta hasieratik argi eduki nuen doinua horrek behar zuela.
Ia-ia ipuin bat bezala kontatu duzu istorioa.
Bai, hala da. Istorioa da bapore batek izurdea harrapatzen duela eta patroiak –hau da, gure aitak– jan egin nahi duela. Izurdea jaten da, nik ere jan izan dut. Tripulazioak, berriz, askatu egin nahi du, izurdearen negar eta oihuekin enpatizatuta. Ahalegina da patroiarena joan eta ea lortzen duten askatzeko baimena. Bigarren pertsona joaten zaionean askatzeko eskatzera, patroiak jarraitzen du esaten izurdea haragiaren pare dela, jateko oso-oso ona dela, baina tonuan edo nabaritu diote prest dagoela joaten uzteko, edo askatzen badute ere ez dela gauza handirik pasatuko, eta askatu egiten dute. Gure aitak badauka hasieran gogor itxura, baina gero gure ama baino sentikorragoa da. Eta hori da kontatzen dudana.
Argi zeneukan istorio hori kontatu behar zenuela?
Bai. Etxean askotan entzundako istorioa da, eta aitak ere askotan esaten zidan idatzi egin behar nuela. Urte askoan ibili dut buruan, baina asko kostatzen zitzaidan idazteari ekitea, nire aitak txarraren edo gaiztoaren papera duelako; berak jan egin nahi du izurdea. Azkenean, uda honetan hasi nintzen idazten, eta uste dut topatu niola tonu egokia. Bai, aitak zioen jan egin behar zela, baina gero, bigun puntua ere ikusten zaio aitari.
Aitak zer esan zizun bertsoak irakurri zituenean?
Bertsoak literatur lehiaketara aurkeztu aurretik erakutsi nituen etxean, nik ez nituelako lehiaketarako idatzi, aitaren enkargua betetzeko baizik. Kantatu nizkion, eta esan zidan hala izan zela, hala gertatu zela guztia, nik kantatu bezala. Amak esan zuen lehiaketara aurkeztu beharko nituela.
Saririk espero al zenuen?
Zerbait espero nuen, emaitzarekin oso pozik gelditu nintzelako. Gero, irakurri nuenean noiz izango zen emanaldia, pentsatu nuen ez nuela ezer irabazi izango, inork ez baitzidan deitzen.
Lehen ere parte hartua zara literatur lehiaketan. Ipuinen atalean ere bai?
Egia esan, errazagoa egiten zait bertsoak egitea. Narrazioak eskatzen dit bilduta egotea, bakartuta, eta hor bi Nere-rekin topatzen naiz, ni oso soziala naizelako. Idaztea asko maite dudan jarduera da, baina ez dut tarterik hartzen. Bertsoa, berriz, errazago egiten zait; orain bat egin, gero bestea pentsatu, gero tarte batean jarraitu... Umeekin beti jartzen ditugu urteko helburuak, eta nirea bazen aurten ipuin bat idaztea, baina ez dut egin. Bertsoak egin ditut, eta tira.
Bertso eskolan ibilitakoa izango zara...
Ez. Gure garaian Jon Sarasua eta Xabier Euzkitze etortzen ziren Ikastolara LH6. mailara, eta bertso eskolara joateko ikasle batzuk aukeratu zituzten; ni ez ninduten aukeratu. Gero, urte askoan oso bertsozale amorratua izan naiz, herriz herri ibiltzen ginen saio denetara joaten. Orain ez dut gehiegi jarraitzen; sanikolasetako bertso saiora joate naiz eta kito. Hori bai, finaletara joaten gara, euskaldun izate txute emozional handia ematen digulako!