Olentzerok eta Mari Domingik opariak banatuko dituzte bihar gauean, baina arratsaldean tartetxo bat hartuko dute herritarrak agurtzeko. Ekitaldia Lera taldeak antolatu du, Orioko Udalaren laguntzarekin, eta herria Gabon Gaueko izpirituarekin eta ilusioarekin girotzea izango du helburu.
Herriko Plaza elkargune hartuta, Arkupe elkarteak txokolate beroa eskainiko du 17:30ean, eta ordu laurden geroago, sorginak haurren gutunak jasotzen hasiko dira. 18:00etatik aurrera, euskal pertsonaia ezagunak agertzen joango dira pixkanaka: Mari, sorginak, Basandere eta Basajaun, artzainak eta ttuntturroak. Guztiak elkartuko dira, Mari Domingi eta Olentzero barne, eta jarraian, ibilbide bat egingo dute herrian barna.
Ekitaldia eraginez, herrigunea trafikoari itxita egongo da 17:00etatik aurrera. Udalak jakitera eman duenez, sarrera-irteerak Txanka-Hondartza bidetik egin beharko dira ospakizuna bukatu bitartean; aurreikuspenen arabera, 20:00 aldera izango da.