Elene Tamayo: "Esentzia mantenduta, publiko propioa lortzen da"

Ahmed Aissa 2024ko abe. 26a, 08:00

Elene Tamayo. (Onintza Lete Arrieta)

Aia-Orio Guka aldizkariaren abenduko zenbakian, Elene Tamayo diseinatzaile eta sortzailea izan da Hitz tantak ataleko protagonista.

Elene Tamayo (Getaria, 1993) disenatzaile eta sortzaileari txikitatik sustatu diote gurasoek artearekiko grina. Orain, baina, bera da ikasi duen guztia belaunaldi berriei irakasten aritzen dena, zeramika ikastaroen bitartez.

Ilustrazioen eta zeramikaren munduan aritzen zara. Nolatan?

Disenua eta Sorkuntza gradua ikasi nuen, eta hortik sartu nintzen ilustrazioaren eta zeramikaren munduan. Madrilen hasi nintzen ilustrazioaren mundu horretan murgiltzen, zenbait erakusketa eginez eta laminak dendetan salduz. Zeramikarekiko interesa, berriz, COVID-19aren pandemia baino lehenago piztu zitzaidan, eta 2021ean, Oriora iritsi nintzenean, tailerrak ematen hasi nintzen.

Nondik datorkizu diseinatzaile grin hori? Zerk eraman zintuen disenuaren munduan barneratzera?

Zaletasuna gurasoengandik datorkit: izan ere, beraiek ere badute artista sena. Txikitan eskolan ja erakusten nuen sormenarekiko interesa, eta hori ikusita, gurasoak pixkanaka ni gidatzen hasi ziren, neure bidea eraiki nezan. Batxilergoa gauzatzean, banekien hori zela egin nahi nuena, eta nire bidea marrazten hasi nintzen.

Zein izan dira zure ametsa lortzeko gakoak?

Nire ustez, jarraikortasuna izan da gako garrantzitsuetako bat, hasi nintzenetik ez naizelako gelditu. Izaten dira toki guztietatik lanak eskatzen dizkizuten eta gelditzen ez zaren momentu batzuk, baina beste batzuetan, ia lanik izaten ez duzun boladak etortzen dira. Bolada horietan, ordea, ez duzu gelditu behar: beti gauza berriak sortzen jarraitu behar duzu, batez ere, zure esentzia galdu gabe, beste inori erreparatu gabe eta zu betetzen zaituen hori eginez.

Egin dituzun proiektu guztietatik, zein izan da ilusiorik handiena egin dizuna? Zergatik?

Orokorrean, ilustrazio lan asko egin ditut, eta bezeroari zure lana gustatzeak asko betetzen zaitu. Beraz, zaila zait lan bat aukeratzea. Baina, nire ustez, orain arte egindako proiektu garrantzitsuena zeramika ikastaroa da; izan ere, ilusioz beterik hasi nintzen saioak ematen, eta asko emozionatzen nau jendeak interesa baduela eta tailerretik pozik ateratzen dela ikusteak.

Zeramika arloari dagokionez, noiz bururatu zitzaizun tailerrak ematen hastea?

Lehenagotik beste mota batzuetako tailerrak emana nintzen, eta ikusi nuen asko gustatzen zitzaidala jendeari irakastea. Hortik abiatuta, ikusi nuen Orion ez zegoela zeramikarekin lotutako ezer, eta jakinda igandeetan ez dagoela lan asko egiterik, egun aproposa iruditu zitzaidan zeramika ikastaro bat eskaintzeko, jendeari asteko momentu polit hori emateko.

Online denda ere baduzu.

Bai. Aurrena, Euskal Herriko eta Espainiako hainbat hiritako dendetan hasi nintzen nire produktuak saltzen: Madrilen, Cadizen, baita Galizian ere. Pentsatu nuen, horrez gain, nire produktuak saldu ahal izateko webgune propioa sor nezakeela. Hala hasi nintzen, eta hainbat produktu saldu ditut online.

Etorkizunera begira zer helburu dituzu?

Gauza asko ditut buruan: esaterako, asko gustatuko litzaidake nire espazio propioa edukitzea, estudio bat edo dena delakoa sortzea, ikastaroak eman ahal izateko eta nire produktuak edo sortzaile ezberdinen produktuak saltzeko. Hala ere, ez zait gustatzen etorkizuneko proiektuez hitz egitea, gauza asko baititut buruan eta buelta asko ematen baitizkiet ideiei. Hori bai, lasaitasunez hartzen dut; etorkizunean ikusiko dut pentsatutako gauzak bete diren ala ez.

Zer gomendio emango zenioke sortzaile hasiberri bati edo hastear den bati?

Nire gomendioa da beti norbere esentzia mantentzea, ez egin gauzak besteei gustatzeko; norberari gustatzea da gakoa, eta jendeari erakustea sormen hori. Norbere esentzia hori mantenduta, publiko propioa lortzen da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide