Aurrera egiteko ordua da

Orioko Sare 2024ko abe. 21a, 08:00

Orioko Sare elkarteak abenduko Aia-Orio Guka aldizkariko Akuilua Hartuta iritzi atalerako egindako artikulua da honakoa.

Nahiz eta behar baino motelago izan eta urrats txikiak besterik ez eman, ezin daiteke uka azken urteotan euskal presoen egoeran aurrerapenak izan direla. Horren adibide da Gregorio Orioko presoaren kasua: duela lau urte Texeiroko espetxean zegoen, bere herritik 600 kilometrora urrunduta. Ondoren, Palentziako Dueñas espetxean egon zen, eta 2023ko martxotik Martutenen dago, bigarren graduko erregimenean.

Aurki hogeita hiru urte beteko ditu espetxealdi luze horretan; gainera, ia 20 urte lehen graduko erregimen gogorrenean eta isolamenduan igaro ditu: ez jantokirik, ez patioko ordu komunik; bizpahiru ordu kenduta, egun osoa ziegan pasatzen zuen. Halaber, egoera hori bera bizi izan dute preso askok.

Aitzitik, onartu behar da Gregorioren espetxe egoera nabarmen hobetu dela, beste askorenaren moduan. Hala ere, salbuespen egoeran jarraitzen du. Orain bigarren graduan egoteak bi-hiru hilabetez behin bi eguneko irtenaldiak egiteko aukera ematen dio. Dena den, jada bere kondenaren hiru laurdenak beteta izanik, dagokion eta eskatuta duen hirugarren gradua ukatu egin zaio, zer esanik ez baldintzapeko askatasuna. Zoritxarrez, Gregorioren kasua ez da salbuespena. Egoera hori luzatzeak sufrimendua eta presoen gizarteratzea oztopatzea besterik ez dakar.

Presoen auzia salbuespen klabeetatik kanpo uzteak elkarbizitzarako aurrerapauso handia ekarriko luke, ezinezkoa baita herrialde bat eraikitzea, pertsonen eskubideei muzin eginez; garrantzitsua da etxera itzultzeko eta bizitza berreraikitzeko eskubidea bake prozesuaren erdigunean kokatzea ere.

Euskal gizarteak argi erakutsi du posible dela askatasunean bizitzea eta aurrera egitea; ahaztu gabe, baina gorrotoan tematu gabe. Izan ere, askatasunean eta errespetuan oinarritutako bizikidetza da benetako bakearen oinarria. Helburu hori ez da amets huts bat, baizik eta euskal gizarteak lortu behar duen gutxienekoa; eskubideez, giza eskubideez, ari gara, eta, noski, gure ondorengoekiko dugun erantzukizunaz.

Eta orain, zer?

Iaz mahai ingurua egin genuen. Lehenik eta behin, euskal preso politikoen egoera aztertu genuen, eta Gregoriorena gero. Gregorio bi eguneko baimenak jasotzen laster hasiko zela ikusita, eta hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna dagozkiola jakitun, galdera bakarra genuen mahai gainean: nola lagundu 22 urte espetxeratuta daramatzan 71 urteko pertsona bati gaur egungo gizartean duin bizitzen?

Oro har, presoek espetxetik ateratzean babesik ez dutela faltako badakigu. Sakabanatuta zeudenean hala erakutsi genien, baimenekin datozenean ere hala erakusten diegu, baina ez da nahikoa. Duintasunak gauza asko eskatzen ditu: besteak beste, inori azalpenik eman beharrik gabe bizitzea; dagozkien eskubide guztien jabe izatea; eta, Gregorioren kasuan, zehazki, hirugarren gradua bereganatu eta espetxera itzuli beharrik ez izatea.

Azalpenik eman beharrik gabe eta beharrak aseta bizi dadin, aurten ere Txosna Batzordean izango gara San Nikolas jaietan, eta Gabon Egunean urteroko itsaskien zozketa egingo dugu. Era berean, Gabonetako kontzentrazioetan eta urtarrilaren 11n Sarek antolatuta Bilbon egingo den manifestazioan parte hartuko dugu. Denok zaudete gonbidatuta; guztiok gara beharrezko!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide