Babes bila hutsunearen barnean

Julene Sorarrain 2024ko abe. 10a, 08:00

Jorge Oteizari egindako oroigarria, Orioko San Nikolas kalean. (Arnaitz Rubio Aprea)

1908ko urriaren 21ean jaio zen Jorge Oteiza eskultorea, Orion. Jakina da hori. Baina zer harreman izan zuen hark Oriorekin, aurrena Donostian eta gero Madrilen bizi izan bazen? Ismael Manterola EHUko irakasle eta arte kritikariak ederki ezagutzen ditu lotura horri buruzko xehetasunak.

Jorge Oteiza Enbil 1908ko urriaren 21ean jaio zen, Orioko Endaia etxean. Euskal Herriak eman duen eskulturgile garrantzitsuena ez zen Orion bizi izan, ordea; Donostian eta Madrilen baizik. Hala ere, bere lanak lotura estua du Oriorekin, Ismael Manterola (Zumaia, 1966) EHUko irakasle eta arte kritikariak nabarmendu duenez.

Oteizaren gurasoak Donostian bizi ziren, baina aita jaiotzez azkoitiarra zen, eta ama, berriz, oriotarra. Beren lehen semea eduki behar zutenean, ama gurasoen etxera joan zen erditzera, Oriora. Endaia etxea udaletxearen atzean dago kokatuta, errioaren alboan. Manterolarentzat garrantzitsua da etxearen kokapena; izan ere, haren arabera, Oteizak erreferentziak egin izan dizkio etxe horri eta etxe horrek utzitako oroitzapenei. Oteizak etxe horretan igaro zituen udak umetan, nahiz eta orduko oroitzapenak nahiko negatiboak ziren: "Orio niretzat tormentu bat zen", utzi zuen idatzita hark. Donostiatik joan zen Oriora, anaietan zaharrena zen eta ez zekien euskaraz. Horrek mugak jarri zizkion Orioko beste haurrekin harremanak egiterakoan. "Berak zioen ume bakartia zela eta barrura begira bizi zela garai hartan", kontatu du Manterolak.

Orion ikusten zuen guztia gogorra iruditzen zitzaion. Adibidez, bere aitonarekin egiten zituen paseoetan maiz ikusten zuen hiltegia, garai hartan herrian bertan zegoelako. Umeen jolas batzuek ere gogorrak ziren harentzat; esaterako, katakumeak zaku batean sartzen zituzten eta paretari kolpeak ematen zizkioten zakuarekin, katakumeak akabatu arte. Oteizarentzat oso gogorra zen hori guztia ikustea. Herri kirolak ere garai hartan hor ziren: idi probak nahiz ahari-jokoak egiten zituzten edo antzarak lepotik tiraka akabatzen zituzten arraunean joanda. "Ikuskizun oso gogorrak ziren, eta zeharo eragin zioten Oteizari haurra zenean", esan du Manterolak. Euskara hizkuntza "oso gogorra eta ulertezina" zela deskribatu zuen, gainera, eskultoreak: "Gurasoek ez zioten erakutsi euskara, eta Orioko gainerako haurrekin komunikatzea zaila zen harentzat. Bizi zuen egoera haren aurrean 'mutilatu linguistikoa' zela zioen Oteizak".

Endaia etxea, Oteizaren jaiotetxea.

Aitonarekin hondartzara ere joan ohi zen. Han zulo handiak egoten ziren, garai hartan hondarra eraikuntzarako erabiltzen zutelako. Zulo haietan bizi izan zuen esperientziak "eragin zuzena" izan zuen EHU irakaslearen ustez Oteizaren lanaren hedapenean: "Lasaitasuna soilik zulo handi haietan sartzean sentitzen zuen, gora begiratu eta ikus zezakeen gauza bakarra zerua zenean. Oteizak babesa hutsunean bilatzen zuen".

Orio gainaldera egindako ibilaldiak ere deskribatu zituen Oteizak bere lanetan. Haietan jarri du arreta Manterolak. "Hareharrizko harrobi bat bazen han. Material biguna zenez, hareharrian zuloak egitea gustatzen zitzaion; izan ere, zuloen bidez beste aldean zegoena ikusten zuen. Hori ere espazioarekin eta eskulturarekin Orion izandako esperientzia bat zen Oteizarentzat". Aitonaz gain, Oteizak gogoan zuen Jaime izeneko lehengusua ere; izan ere, harekin igarotzen zuen uda, Manterolak esan duenez: "Hark igerian eta arraunean erakutsi zion, eta hark egin zion lehenengo zizelkatua, hiltze handi batekin. Horrek ere baldintzatu zuen Oteizaren etorkizuna".

Endaia etxeari erreferentzia eginez, Manterolak azaldu du Oteizak bere lanean "oso era poetikoan" deskribatzen duela etxeko begiratokitik nola ikusten zuen marea gora eta behera egiten. "Nahiz eta momentu batzuetan Oteizak esan Orioko oroitzapenak negatiboak direla, konturatzen gara agian ez direla hain negatiboak. Izan ere, honako hau ere idatzi zuen: 'Maite dut Orioko errioa. Nire ama zirudien. Mareak gora egin arte zain egon ohi nintzen, ilusioz, eta jaisten zenean, aldiz, triste jartzen nintzen'".

Ismael Manterola, duela gutxi Orion Oteizaz eskainitako hitzaldi batean.

Barberuenekua, aiton-amonen etxea

Oteizaren aitona jatorriz getariarra zen, baina Oriora joan zen bizitzera medikua zelako. Oro har, garai hartako barberuek oso oinarrizko sendaketak egiten zituzten, baita haginak atera eta bizarra moztu ere. Enbiltarren etxea –garai hartan Barberuenekua bezala ezaguna– herriko plazatik elizara bidean dago. Hirugarren pisuan, izeba Kandelaria bizi zen, bere aitonaren arreba. Kandelaria omen zen Oteizari istorioak kontatzen zizkion pertsona bakarra. "Istorio haiek oso gogorrak izaten ziren batzuetan, baina berari entzutea gustatu egiten zitzaion", esan du Manterolak. Kandelariak, itxuraz, ezin zituen hankak mugitu, eta enbiltarren altzairu fabrikarako saretak egiten zituen, astoaren gainean. Oteiza azpian sartzen omen zen izebaren istorioak entzuteko: "Beste babesleku bat zuen hura. Bere imajinazioa pizten zuten istorioak kontatzen zizkion izebak".

Etxe hartan aitonaren beste anaia bat ere bizi izan zen, Bittor Enbil pilotaria. Hura izan zen Euskal Herrian errebotea "berpiztu" zuen kirolarietako bat. Garai hartan, Orioko udaletxearen aurrea errebotean jokatzeko prestatuta zegoen, eta Oteizak kontatzen zuen Enbil anaiek errebote talde bat bazutela herrian, baina zoritxarrez, kirol hura "galdu" egin zela, orduko alkateak azoka bertara eramatea erabaki zuelako. "Oteizak beti nahi izan zuen enbiltarren etxean osaba haren oroimenezko plaka bat jartzea. Horregatik, erretratu bat egin zion zementuan, 1933-1934 urteen bitartean. Azkenean ezin izan zuen plaka hura jarri, baina 1999. urtean, brontzezko kopia bat egin eta etxaurrean kokatu zuten".

Bittor Enbil pilotariaren omenez egindako bustoa, Enbiltarren etxean.

1931. urteaz ere gogoratzen zen Oteiza, Manterolak esan duenez. "Ospakizun handiko urtea izan zen hura; izan ere, Oriok Kontxako Bandera irabazi zuen, eta Oteizak Nobeles lehiaketako saria. Arraunlariei eta berari udaletxean aurreskua dantzatu zietela gogoratzen du. Ez dakigu, ordea, oroitzapen hori fabrikatua den ala ez".

Nueva Ceramica de Orio fabrika

Oteiza ez zen Orion bizi izan. Askotan, bere biografia irakurrita ematen du Orion jaio bai, baina ez zela gehiago itzuli herrira. Ez da hala, ordea. 1927. urtean familia osoa Madrilera joan zen bizitzera, eta Donostiako etxea galdu egin zuten. Horregatik, udan Oriora etortzen jarraitu zuen, Euskal Herrian zuten etxe bakarra hura zelako. Oteizak medikuntza ikasketak hasi zituen Madrilen, baina hiru urteren ondoren, gradua utzi eta eskulturaren munduan jarri zuen bere ardatza. Manterolak azaldu du aldaketa hori: "Oteiza ez zen erabat autodidakta, baina ez zen eskola edo akademia batera joan. Bere jakintza Jose Capuz eskultorearen tailerrean jaso zuen".

Eskultura lantzen hasi zenean, lan guztiak Orion egiten zituen, gero handik Donostiako lehiaketetara bidaltzeko. "Eskulturarekin izan zuen aurreneko esperientzia Joxe Miguel Leunda oriotarraren eskutik etorri zen. Leundaren eta bien artean masillazko erretratu bat egin zuten, Leunda txistulariaren erretratua izenekoa". Manterolak nabarmendu duenez, berezitasun bat bazuen eskultura hark: atzetik ehiztari prehistoriko baten grabatua zuen. "Ez dakigu bietako nork egin zuen, baina hor dago". Obra hori gaur egun bilduma pribatu baten parte da, eta unibertsitateko irakasleak zehaztu du Orion bertan dagoela.

Ismael Manterola herriko kale batean, Oteiza Orion hitzaldia gidatzen.

Oteizaren eskulturagile ibilbidearen hastapenetan garrantzi handia izan zuen Nueva Ceramica de Orio fabrikak ere. Izan ere, fabrika hartan egin zituen bakarkako lehen lanak. Lan haien gaia amatasuna da. Buztin errefraktario batean eginda –material hori erabiltzen zuten fabrikan garai hartan–  amabirjina diruditen bi irudi sortu zituen. Argazki batzuetan jasota gelditu zen fabrika haren barruan nola eskegi zuten Oteizaren lana, fraide baten irudiaren alboan. Gaur egun, ordea, lan horiek ez daude Orion. "Segur aski fabrikako jabearena izango zen obretako bat, eta bestea, auskalo norena".

Oteizak landu zituen materialei dagokienez, hasieran hark zementua soilik erabiltzen zuela esan du Manterolak. "Hori berritasuna eta berezitasuna da; ez da normala. Izan ere, eskulturan, garai hartan, egurra, harria edo brontzea erabiltzen ziren. Oteiza bezalako eskultoreak, ordea, puskatzaileak ziren, eta material berriak proposatu zituzten". Oteizarentzat, gainera, ez zen zaila zementua erabiltzea, Rezola zementu fabrika ez baitzegoen herritik oso urruti.

'Pietatea' eta Kukuarriko amabirjina

1950. urtean, Arantzazu Santutegiaren etxaurre berria eraikitzeko lehiaketa antolatu zuten. Oteiza bi urte lehenago itzuli zen Argentinatik Euskal Herrira, eta, garai hartan, Bilbon bizi zen. Hala ere, sarri joaten zen Madrilera, eta bisita haietako batean, Luis Laorga arkitektoa ezagutu zuen. Arkitekto hari enkargatu zioten Arantzazuko obra berria egitea. "Berak proposatu zion Oteizari santutegiko eskulturak egitea, baina ezezkoa jaso zuen. 'Lehiaketa bat antolatu behar da', zioen Oteizak", esan du Materolak. Lehiaketa egin egin zuten azkenean, eta Oteizak irabazi zuen: apostoluen eta amabirjinaren irudiak egitea eskatu zioten. 1955. urtean, ordea, zentsuratu egin zuten haren lana, eta apostoluak errepide bazter batean egon ziren hainbat urtetan, Manterolak adierazi duenez.

Ismael Manterola Pietatearen alboan.

1953. urtean, berriz, Goizale mendi taldearen enkarguz, Kukuarriko amabirjina egin zuen. Jarri zuten irudia zementuz egina zegoen eta berdez pintatuta. "Euskal Herriko amabirjin erromanikoa zirudien, ez zen batere modernoa. Tradizio primitibo eta popularra jarraitzen zuen irudi bat zirudien". Manterolak esan duenez, baina, apurtu egin zuten irudi huta, eta 1977. urtean, berria jartzea erabaki zuten. "Irudi berria, ordea, ez zen guztiz berdina; zementu zuriduna zen. Gaur egun, Kukuarriko irudiaren kopia bat dago Oteiza museoan".

Urteak igaro ahala, Arantzazuko amabirjinaren proiektua alde batera utzi zuen Oteizak. 1968. urtean, baina, kanpaina handi bat egin zuten Gipuzkoan, Oteizaren irudiak Arantzazun jartzearen alde. "Hamahiru urte igaroak ziren, eta Oteizak oso haserre jarraitzen zuen; ez zuen ezer jakin nahi Arantzazuri buruz. Azkenean, konbentzitu egin zuten, batez ere bere lagunek, eta zentsura gaindituta, amabirjinarekin hasi zen lanean", kontatu du Manterolak.

Orokorrean, elizetan eta santutegietan amabirjin tradizionala jartzen zen, "itxura triunfalduna" EHUko irakasleak esan duenez. 1968. urte hartan, ordea, guardia zibilek Txabi Etxebarrieta ETAko militantea hil zuten. "Oteizak Euskal Herriko etorkizuneko lider bezala ikusten zuen Etxebarrieta, Euskal Herria 'askatzeko' pertsona egokitzat zuen hura. Haren heriotzak, beraz, izugarrizko eragina izan zuen". Hilketaren ostean, amabirjina beste era batean irudikatu behar zela erabaki zuen Orioko eskultoreak. "Nola? Pietate batekin. Zer da pietate bat? Ama batek hildako semearen aurrean adierazten duen mina da pietatea. Eta irudi hori izan zen Arantzazuko etxaurrearen goialdean jarri zena. Pietate horretan semea hilda dago, eta amak garrasi egiten du, bere semea hil dutelako", azaldu du Manterolak.

1977an Kukuarrin jarritako amabirjina. (Euskalduna)

2000. urtean, Oteizak marrazkiz eta zirriborroz osatutako erakusketa bat jarri zuen ikusgai Orion. "Erakusketaren ondoren jarri zuten gaur egun Orioko pietatea bezala ezagutzen dugun irudia. Irudi hori Arantzazukoan oinarritutakoaren interpretazioa da, Martin Peronak egurrean egindakoa", zehaztu du.

Martin Peronak egurrean egindako irudia, Oteizaren Pietatea obran oinarrituta.

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide