Pixkanaka, badator laugarren Euskaraldia. 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo da; udaberrian, oraingoan, kaleetan bizitza gehiago egoten delako urte sasoi horretan, eta antolatzaileek uste dutelako horrek eragin positiboa izango duela ariketan. Euskal Herri osoan milaka herritarrek beren hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararako jauzia eman dute Euskaraldiari esker: familian, lagunartean, lantokietan nahiz ezezagunekiko harremanetan.
Baina Euskaraldia egiteak sukaldeko lana egitea ere eskatzen du. Horregatik, laster berriro jarriko dira martxan Orioko eta Aiako lantaldeak. Herritar guztiek parte har dezakete talde horietan, eta horixe eskatu nahi die Orioko lantaldeak herritarrei: beren apurra jartzea euskararen alde. Berandu baino lehen jakinaraziko dugu nola eman daitekeen izena. Aldez aurretik, eskerrik asko Euskaraldiarekin bat egingo duzuen guztioi!