Santu Guztien eguna ospatzeko ohiturarik ba al duzu?

Erredakzioa 2024ko aza. 1a, 10:00

Azaroko Aia-Orio Guka aldizkarian, Herrian galdezka atalean, honako galdera egin diegu hiru herritarri.

Ye Chen

"Txinan bizi nintzenean, nire aiton-amonek loreak eramaten zituzten kanposantura, eta ondoren, bazkari bat egiten genuen familiartean. Antzina, adinez zaharrak zirenak hiltzen zirenean, petardoak botatzeko ohitura zegoen. Petardoen bidez, hildakoak izan duen bizitza ona ospatu nahi izaten zen, baita jendea hilerrira erakarri ere, maite dugun pertsona bat joan dela denen artean ospatzeko. Santu Guztien egunean, denok elkartzen gara azken urtean hildako senideak oroitzeko. Gaztea nintzenean, eguna tristea bailitzan bizi nuela gogoratzen dut. Baina, gaur egun, beste modu batera ikusten dut. Petardoak botatzearen ohitura debekatu egin dute Txinan, arriskutsua delako, baina aiton-amonek isilpean botatzen dituzte, beren bikotekideez oroitzeko".

Imanol Urkizu

"Santu Guztien eguna ez dugu era berezian ospatzen Orion. Hilerrira joaten gara, loreak eramaten dizkiegu hildakoei, eta, ondoren, herri gehienetan ohitura den moduan, familia elkartu eta bazkari bat egiten dugu. Batzuk etxean biltzen dira, besteak jatetxean, eta, beste batzuk, elkartean. Mexikon egiten duten ospakizunarekin alderatuz, guk beste tradizio batzuk ditugu hemen. Nik ohitura bat badut nire aiton-amonak hil zirenetik. Nire osabak esaten zuen arimak ahalik eta azkarren atera behar zuela gorputzetik, etxetik irten egin behar zuela, eta horretarako, etxeko leihoak zabaltzen zituen. Nik, heriotza tartean den momentuetan, antzeko zerbait egiten dut orain: leihoa irekitzen dut, arima edo espirituak atera daitezen ahalik eta azkarren, gorputza bakean geratzeko".

Barbara Salinas

"Argentinan azaroaren 2an ospatzen da hildakoen eguna, baina ez dugu ezer berezirik egiten. Beharbada batzuk hilerrira joaten dira loreak jartzera, baina ohitura hori ez dago oso zabaldua. Neuri ez zait asko gustatzen hilerrira joatea; gure ama joan ohi zen, aiton-amonei loreak jartzera, baina gure adinekoek ez dute ohitura hori mantentzen. Jendeak kontratatu egiten ditu lorezaintza zerbitzuak, hilerriko beren zatia polit eta txukun egon dadin. Gure etxean, esaterako, hala egiten da. Mar de Plata hirikoa naiz, eta han bi hilerri ditugu; bat publikoa da, oso handia, eta, bestea, pribatua, ordainpekoa. Etxetik urrun gaude hemen, eta, zentzu horretan, egia da gehiago nabari dugula senitarteko guztien falta, zendutakoena nahiz besteena".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide