Urriko igande arratsalde batean atera nintzen kalera, Orioko katuei argazkiak ateratzera, atal hau aitzakia hartuta. Goiko Kalen atera nituen, eguzkia dagoenean etxe inguruetako txokoetan egoten baitira askotan lo-kuluxkak egiten; lasai, presarik gabe, eguzkiaren berotasunaz gozatzen.
Guztira, bost katu ikusi nituen, horien artean argazkikoa. Beste katuei argazkiak ateratzen ari nintzen bitartean hurbildu zen, isilka-misilka, zertan ari nintzen zelatatzera. Kaleko katu askok dute ilaje nahaspilatua eta narras xamarra, edota belarri zati baten falta, arramazkak aurpegian, begirada mesfidatia, alegia, bizitza zaila eta sufrimendu handikoa izan dutenaren orbainak.
Eskerrak herrian boluntario lana egiten duen talde bat badugun, eta kaleko katu horiei bizitza apur bat goxatzen laguntzen dieten, jana ematera edota nola dauden ikustera joanez.