Atzo Euskararen Eguna izan zen, eta Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako gaztetxoek hainbat ospakizun izan zituzten egun osoan zehar.
Zaraguetan, euskararen inguruko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa lantzea izaten da egun honetako xedea, eta Euskara gure artean lelopean, hainbat jarduera antolatu zituzten maila guztietako ikasleentzat. "Txikienak modu ludiko batean egiten dute euskara jolasaren eta sinboloen bidez lotuz; eta nagusienek, jolasaz gain, euskararen normalizazio beharraz jabetzeko hainbat ikus-entzunezko ikusi eta aztertzen dituzte", azaldu dute ikastetxeko irakasleek. Eguna taloak eta txapak egiten hasi zuten DBHko ikasleek. LHkoak, aldiz, pasilloak apaintzen aritu ziren eta, ondoren, euskal kulturaren inguruko jolas batzuk eta kantu saioa egin zituzten. HHko haurrek, Tela igelaren eskutitza jaso zuten eta, hauek ere, pasilloak apaindu zituzten.
Goizari amaiera emateko, korrika aritu ziren buruhandien aurretik. "Bazkal ostean, une polita bizi da eskolan, izan ere, LH6ko ikasleek euskara ikasten ari diren gurasoak omendu dituzte. Kopla batzuk abestu dizkiete, eta ondoren, aurtengo leloarekin egindako txapa bana eta zapi bana oparitu dizkiete. Segidan, jostatzera atera dira patiora, berriz ere, LHkoak. Lau txokotan banatu eta horrelaxe igaro dute arratsaldea. HHko haurrek, gurasoen laguntzaz, IKE jolasak egin dituzte, eta DBH mailakoek galdetegi batzuekin euskal kulturaren inguruan jolasean aritu ondoren, dokumental bana ikusi dute, Bizkarsoro eta Oihaletxea izenekoa", gehitu dute irakasleek.
Ikastolako ikasleek, aldiz, Argitxo eta Xaltoren bisitarekin hasi zuten eguna. Jarraian, txotxongiloen ikuskizuna izan zuten HH mailako haurrek, eta LHko ikasleek, aldiz, herri kiroletan aritu ziren kiroldegian. Arratsaldean zehar, tailerrak, familiek eskainitako kontzertuak eta gaztain-jana izan zituzten. Ospakizunek gaur ere jarraituko dute: Mihiluzeko finala eta bingo musikatua ospatuko dituzte Ikastolan.