Gozategi musika taldeak 32 urte luzeko ibilbidea egin du dagoeneko. Orion sortu zen taldea, 1992. urtean, eta ordutik, Euskal Herriko nahiz beste hainbat lekutako plazak eta herritarrak dantzan jarri ditu Asier Gozategik eta Iñigo Goikoetxeak gidatzen duten taldeak.
Izan ere, nork ez ditu ezagutzen Kalanbreak, Dantzalekuan, Egunon edota Porru patata abestiak? Edozein aldaka, trinkoena ere, alde batetik bestera mugimenduan jartzeko doinuak dira horiek. Nork ez ditu festa eta lagun giroan Udako egunak, Nor, nori, nork edota Korrika bezalako kantak abestu? Heldu, gazte zein umeen errepertorioko kantak dira guztiak.
Orion, noski, hamaika emanaldi eskaini ditu Gozategik urte horietan guztietan. 2022ko abenduan izan ziren azkenekoz Orioko oholtza gainean, duela bi urte, hain zuzen ere. Orioko taldea izanik, gustuko dute kideek herrian bertan aritzea, eta Orioren eta oriotarren aldetik ere maitatuak direla sentitzen dutela diote: "Sentipen eta emozio horiek izatea ederra eta polita da. Beraz, berezia da oso herrian kontzertua eskaintzea", adierazi du Asier Gozategi taldeko kideak.
Eta herrian jotzea berezia izango den arren, abenduko San Nikolas jaien barruan eskainiko duten emanaldia azken urtebetean egiten ari diren birako ikuskizun bera izango da. "Gainontzeko kontzertuetan jo ditugun abestiak entzun ahal izango dira. Azken finean, 30 urte baino gehiagoko ibilbidean ditugun kantak ugariak dira, eta asko ezagunak egin dira herritarren artean. Abesti batzuk, zortez, herriarenak bihurtu direla ere esan dezakegu. Eta joaten garen tokira joanda, abesti horiek eskatzen dizkigute. Beraz, Orio ez da salbuespena izango!".
Gozategi taldearen diskoen pot-pourri bat izango da, beraz, kontzertua, zaleen eta ez hain zaleen gustukoa. "Belaunaldi desberdinak biltzen dira zuzenekoetan, eta guztiek pasatzen dute ondo, plazan giro jator eta euskalduna sortuz", dio oriotarrak.
Plazarik plaza
32 urteko ibilbidean zehar Gozategi taldekoek zerbait lortu badute, esperientzia eta ezagutza dira lorpen horiek. Plazarik plaza ibili dira urteetan zehar, eta plaza horietako giroa nola joan den aldatzen ere bertatik bertara ikusteko parada izan dute leku pribilegiatuenetik: oholtza gainetik.
Eta Gozategi taldeko kideek garbi dute noiz izan zen aldaketa nagusia: 2000. urtean. "Reggaetoia iritsi zenean, gutxi gorabehera. Gazteen begietan, eta beraiek esango luketen gisan, herrietako plazek guaiak izateari utzi zioten, eta gazte denak taberna zuloetara sartzen hasi ziren. Plazetako indarra galdu zen", gogoratu du Gozategik.
Talde gisa, garai hura beldurrez bizi izan zutela onartu du oriotarrak, nahiz eta plazak hutsik ez zituzten ikusi: "Plaza asko hustu ziren arren, guk, zorionez, ez genuen horrelakorik bizi izan. Baina auzo txikietako festak antolatzeari utzi zioten, eta orduan krisi garaia iritsi zen. Noski, izua ere nagusitu zen euskal taldeen artean. Berdin zuen nora joan, Euskal Herriko edozein herritara, Bartzelonara edota Madrilera; musika bera entzuten zen leku guztietan".
Hala ere, poliki-poliki, egoerari buelta ematen hasi ziren, plazak berriro pixkanaka betetzen. Azken urteetan, gainera, indarra berreskuratu dute euskal plazek, "batik bat, auzo txikietako festek, baina baita herrietako plazek eta erromeriek ere", gaineratu du Gozategi taldeko kideak. Euskal musikak bere tokia egitea lortu du berriro, eta tabernetan ere gero eta gehiago entzun daitezke euskarazko abestiak.
Gaur egungo egoera azken urteetan egin den lanaren emaitza dela uste du oriotarrak: "Modu inkontziente batean egin bada ere, lana egin da, eta orain emaitzak ikus daitezke. Euskal Herriko plazak osasuntsu daudela esan dezakegu. Gainera, euskal doinuak eta hitzak reggaetoiarenak edo gaur egungo musika modernoarenak baino askoz atseginagoak direla nabarmendu behar dugu. Musika alaiagoa egiten dugu".
Ea bide horretatik jarrai dezakeen euskal musikak, eta hori berresteko parada Orioko plazan izango dute herritarrek San Nikolas jaietan.