Imanol Ibarguren gazte oriotarra 2020. urtean zendu zen. Ibargurenek pilota zuen maite, eta pilotalekuaren inguruan igarotzen zituen orduak eta pilota elkarteari laguntza eskaintzen zion askotariko ekitaldietan. "Imanol gure laguna zen, taldeko pilotaria izandakoa, eta umeen partiden antolaketan laguntzen zuen. Laguntza eskaintzen zigun, eta haren oroimenez zerbait antolatzea nahi genuen; horregatik, haur kategorietako txapelketa sortu genuen Imanol Ibarguren Memoriala izenarekin", adierazi du Orioko Pilota Elkarteko lehendakari Ibon Aranaldek.
Hala, COVID-19ak eragindako etenaldiaren ondoren, Orioko Pilota Elkarteak I. Imanol Ibarguren Memoriala antolatu zuen 2021eko sanikolasetan. Izurriari aurre egiteko neurriek, ordea, ez zuten lehen edizio hura amaitzen utzi, eta, beraz, 2022an jokatu zuten behar bezala lehen memoriala. Ordutik jarraitzen dute pilota lehiaketa antolatzen, eta, beraz, aurtengoa hirugarrena izango da.
Imanol Ibarguren Memorialak bere lekua hartu du San Nikolas festen egitarauaren barruan. Kanporaketak aurreko hilabeteetan jokatzen dituzte, eta jaietan finalak izaten dituzte Orioko pilotalekuan. Horiekin batera, bestelako partidak ere antolatzen dituzte. "Ditugun baliabideekin ahalik eta txapelketa emankorrena eskaintzen saiatzen gara. Emakume pilotariak ekartzen ditugu, Gipuzkoan punta-puntan ari direnak, eta festen partida nagusi gisa, berriz, afizionatu mailako pilotarien arteko partidak izaten ditugu», azaldu du pilota elkarteko lehendakariak.
Azken urteetan Garfe pilota enpresako kirolariak ekarri dituzten arren, aurten aldaketa egingo dute, eta Bengoetxea VI.a ezaguna izango da Orioko pilotalekuan kirol ikuskizuna eskaintzen.
Orio herri arraunlaria da. Hori horrela da, eta gainontzeko kirol taldeek eta elkarteek badakite: "Indar handia duten beste kirolak badira, eta jakitun gara pilotarako grina zertxobait jaitsi egin dela, bai Orion eta bai beste herrietan. Hala adierazi digute, behintzat, beste herrietako pilota elkarteetako delegatuek". Horren arrazoiak zeintzuk diren jakitea zaila da, baina kirol gogorra izateak, zentzu baten bakartia izateak, izan dezake eragina. "Ez da sekula erraza izan herrian pilota sustatzea, jendeak ez du ohitura handirik frontoi ingurura gerturatzeko. Xelebrea da, historian zehar pilotari handiak izandakoa da Orio, baina herriko ohituren ondorioz edo, galtzen joan da pilotarako afizioa. Kirolaz aparte, gure kultura ere bada, eta guraso garenok hori helarazten jarraitu behar dugu", gaineratu du Aranaldek.
Hala ere, "zorionez", Aiako pilotari txikiak Oriora joaten hasiak dira, eta horrek klubera "aldea" ekarri duela onartu du. "Badugu pilotak indarra hartu eta aurrera egingo duen esperantza. Azkenean, gure helburua da umeei eta gazteei Oriotik irten gabe herrian bertan lehiatzeko aukera ematea, afizioa egin eta mantentzeko".
Parekatuagoak
Bide horretan, sanikolasetan Orioko pilotari txikienekin gozatzeko aukera izango da berriro. "Gure klubean infantil mailara arteko pilotariak ditugu, eta maila horretan kanpoko txapelketetara joaten hasten dira, Gipuzkoako hainbat herritara. Horregatik, herrian horrelako txapelketa bat jokatu ahal izatea pozgarria da umeentzat. Umeei aukera eskaintzeaz gain, herritarrek ere pilota partida ederrak ikusteko parada izaten dute", gaineratu du.
Halaber, ahalik eta ikuskizun onena eskaintzeko asmoz, berrikuntzak txertatu dituzte aurtengo edizioan. Izan ere, azken urteetan eskualdeko beste herrietako klubak gonbidatzen zituzten Imanol Ibarguren Memorialean parte hartzera, baina herri batzuetako kirolariek maila oso ona zutela ikusirik, bi kategoriatan antolatu dute aurten lehia: "Partida batzuetan pilotarien arteko aldea handiegia zen, eta ikuskizunak galdu egiten zuen xarma. Hori horrela, aurten bi maila sortu ditugu, eta parte hartzeko gonbidapena zabaldu dugu Gipuzkoa osora, ahalik eta partida parekatuenak eskaintzeko. Horrela, umeak ere gusturago arituko direla uste dugu".