Erraldoien taldea omenduko dute sanikolasetan. Nola jaso duzue albistea?
Olaia Eizagirre: Zer? [Ez zuen omenaldiaren berri].
Jon Itxaso: Sorpresa!
O. E. : Ostras! Festa Batzordean nabil eta aipatu zuten zerbait, baina zeharo ahaztuta nuen kontua.
J. I. : Udaletxetik deitu ninduten, eta ez nuen espero, baina oso gustura hartu nuen albistea.
Omenaldia, gainera, herritarren proposamen baten ondorioz antolatu dute. Bereziagoa al da horrela?
Imanol Telleria: Bai, zalantzarik gabe. Poza ematen du omenaldirako herriak erraldoi taldearekin pentsatu izanak.
O. E. : Horrelako gauzak eskertu egiten dira.
I. T. : Ez dakigu nola joango den, baina han egongo gara.
Urduri al zaudete?
I. T. : Ez.
J. I. : Ni bai.
O. E. : Ni orain hasi naiz urduri jartzen...
Erraldoien barruan zaudetela, kanpokoa ikusteko aukera izaten duzue. Nola bizi dituzue umeen erreakzioak?
O. E. : Oso pozik egoten diren uneak izaten dira, asko oso urduri egoten dira, eta beste batzuk, txikienak, buruhandien beldur izaten dira. Niri asko gustatzen zaidana da, adibidez, herriko ia ume guztiak ezagutzen ditugula; hori horrela, izenez agurtzen ditugu, eta izugarrizko sorpresa aurpegiak jartzen dituzte. Hori oso pozgarria da. Dena den, egia da umeak arreta gehiago jartzen hasi direla eta bakoitzak daramatzagun oinetakoak ezagutzen dituztela, eta horrela zailagoa bilakatzen da sorpresa ematea.
Familiak biltzeko aitzakia da erraldoien taldea, ezta?
I. T. : Bai, izan ere, ohikoena da umeak gurasoekin joatea erraldoiak ikustera; txikienak behintzat, zaharragoak, agian, lagunekin joaten dira. Horrek familia giro hori sustatzen laguntzen du.
O. E. : 8 edo 10 urtez gorakoak kuadrillarekin gelditzen dira buruhandien aurretik edo atzetik korrika ibiltzeko. Adin tarte zabala hartzen du erraldoien kalejirak, eta gazteak kenduta, ia herri osoa ibiltzen da haien bueltan. Adin desberdinetako herritar ugari elkartzen dituen ekintza da.
J. I. : Erraldoiaren barruan zaudenean jendetza hori ikusteak asko betetzen zaitu.
Eta zuentzat zer da erraldoien taldea?
J. I. : Erraldoien taldeak laguntza behar zuelako hasi nintzen ni, semeak urtebete zuela. Urteak igaro dira, eta orain semea hor ikustea ederra da, erraldoi txikiekin. Bide bat irekitzen ari garen sentipena dut. Polita izango litzateke, ordea, etorkizunean erraldoi txikien eta handien artean zerbait egotea, ume horiek bideari jarraipena eman diezaioten. Izan ere, txikitan erraldoiak ikusten hasten dira, eta gero horiekin ibiltzen hasten dira, baina bidea eten egiten da.
I. T. : Bai, tarte handia dago erraldoi txikietatik handietara. Bide horretan galdu egin daitezke, eta buruhandiekin jarraitzen dute, edo ez dute jarraitzen. Beraz, ondo legoke jarraipen hori bermatzeko aukera egotea.
O. E. : Gu, azkenean, lagun talde bat bildu gara, oso ondo moldatzen gara gure artean, eta polita da modu honetan festen parte sentitzea. Izan ere, ni ez naiz oriotarra, baina horrelako ekintzetan parte hartuz bertakoa sentitzen naiz.
J. I. : Gertuko jendea, ezagutzen duzuna, taldean parte hartzera animatzen duzu. Seme-alabak dituztela badakizu, eta erraldoi barruan ez bada ere, kanpoan egongo dira kalejira ikusten. Eta azken urteotan hori egin dugula uste dut, kanpoan zeuden herritar horiek gerturatu taldea ezagutzera.
O. E. : Gainera, horrela lortu duguna da gure seme-alabak erraldoien bueltan ibiltzea. Hala, festak iristen direnean seme-alabei erakuts diezaiekegu festak ez direla soilik norberak ondo pasatzean oinarritzen, baizik eta parte hartzea hor dagoela eta lagundu egin behar dutela. Festak iristeko desiratzen egoten dira, urduri.
I. T. : Beste puntu bat ematen die horrek festei.
San Nikolas festez gozatzeko tarterik izango al duzue?
I. T. : Bai, noski!
O. E. : Gu 24 orduz kalean egoten garen horietakoak gara. Bi ikastetxeek antolatzen dituzten kirol probetan parte hartuko dugu; guraso gisa, talo janean ere izaten gara; herri bazkarian... Ahal dugun ekitaldi denetara joaten gara. Ez digu denborarik ematen etxean egoteko. Gauez parranda gutxi egiten dugu, hurrengo egunean badakigu goiz mugitu behar garela eta.
J. I. : Lehen gauez ere aprobetxatzen genuen, eta orain, gero eta gutxiago, baina, tira.
O. E. : Sanikolasetakoak egun gutxi dira, eta egunak edo ekitaldiak aukeratzen hasiz gero, bukatu dira jaiak. Beraz, denetara animatzen gara, eta hurrengo egunetan hartuko dugu atseden.
Festen barruan ba al duzue ekitaldi gustukoenik?
J. I. : Herri bazkaria gustatzen zait niri: adin desberdinetako herritarrak elkartzen diren unea da.
O. E. : Kuadrillan elkartzeko momentua ere bada.
I. T. : Urte guztian zehar gutxi ikusten dituzun pertsonekin biltzeko aukera duzu, poteoa egin, gero bazkaria...
Oriotarrentzat mezurik?
J. I. : Talde irekia garela esan nahiko nieke, eta taldean parte hartzeko aukera edozeinek duela. Seme-alaba txikiak genituenean gu hasi ginen bezala, beste batzuk egongo dira herrian gaur egun, eta lasai gertura daitezela laguntzera edo parte hartzera.
O. E. : Egia da hasiera batean errespetua ematen duela figura handi horien azpian sartzeak, baina oso eramangarriak dira; ez dute asko pisatzen. Beraz, nik emakumeak animatuko nituzke, erraza delako eta ez delako dantzan jakin behar Pello eta Nikolasa eraman ahal izateko; musikaren erritmoa jarraituta, nahikoa da. Ahal duguna egiten dugu, ez baikara profesionalak, eta helburua beti ondo pasatzea da.
J. I. : Gure erraldoiek ez dute pisu gehiegi, arinak eta oso eramangarriak dira.
O. E. : Ondo pasatu sanikolasak!