Herriko bi ikastetxeen laguntzarekin, Orioko Udalak euskarazko produktuen katalogoa banatuko du egun hauetan. Guztira, katalogoaren mila ale erosi eta ikasle guztien etxeetara bidaltzeaz gain, herritarren eskura jarriko ditu, bai Kultur Etxean bai udaletxean.
Gabonetako opariekin laguntze aldera, herritarrak euskarazko produktuak erosi ditzaten sustatu nahi du udalak. Hala, banatu duten katalogoan euskaraz argitaratutako produktuak ageri dira, informazioa osagarriarekin -argitaletxea, prezio-tartea eta abar-, "haurrek eta gaztetxoek aukera izan dezaten euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko edo gozatzeko".
Udalak zehaztu duenez, erabilerraza da katalogoa eta atalka banatuta dago; hala nola musika, filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, informatika, jostailu eta jokoak. Paperezko liburuxkan ez ezik, sarean ere eskuragarri dago.