San Nikolas jaiak 2024

Herriko festak barraren beste aldetik gozatu behar direnean

Erredakzioa 2024ko abe. 4a, 18:00

Arantxa Ibar herritarrak urteak daramatza Orioko jaietan lan egiten. Jatetxe batean hasi zen afariak ematen; jarraian, parrandarako taberna batean igaro zituen urte dezente; eta, gaur egun, kafetegi bateko langilea da, parranda girotik urrun. Ostalaritzaren ikuspuntu guztiak probatu ditu, beraz, Ibarrek.

Festak, parranda, musika, umorea, ekitaldiak, jai giroa... nagusi izango dira sanikolasetan. Egun bakoitzeko egitaraua hartu eta nora joan edo zer ekitaldi ikusi aztertzen hasiko dira oriotar gehienak. Hori horrela izateko, ordea, badira egun horiek lanean igaroko dituzten beste hainbat herritar. Horietako bat da Arantxa Ibar. Urte asko daramatza ostalaritzan, era askotako barrak izan ditu aurrean, baina nola bizi ditu berak festak barra horien atzetik?

Gaztetan Aterpe jatetxean hasi zen lanean, eta handik tabernara egin zuen salto. Azken hilabeteetan, berriz, kafetegi bateko langilea da Ibar. Barra bakoitzak festaren ikuspegi desberdina eman dio. "Jatetxean, lana eta parranda, biak, uztartzen nituen: afariak eman, dena jaso, eta parrandara joaten nintzen. Hurrengo egunean berriro lanera sartzen nintzen, fresko-fresko. Garai hartan adinak laguntzen zuen eta!".

Handik Errusta tabernara lekualdatu zen; sei urte eta erdiz aritu zen han lanean. Tabernako urte haiek pozez gogoratzen ditu Ibarrek, nahiz eta amaieran beherakada nabarmena bizi izan zuen tabernak; izan ere, COVID-19aren ondorioz eta Espainiako Estatuak ezarritako neurriekin, tabernako giroa eta bezeroak mantentzeko lana zaildu egin zitzaiola onartu du. "Murrizketa horiek amaitu eta gero, gainera, lehen herriko jaiak sanikolasak izan ziren, eta herritarrek ikaragarrizko gogoa zuten festarako; izugarrizko lan pila egin genuen. Hurrengo urteetan, ordea, kanpotik jende gutxi etortzen hasi zen Oriora, eta jendeak plazan edo txosnetan, aire zabalean, egoteko ohitura hartua zuen". Ordurako taberna uzteko erabakia hartua zuen Ibarrek, baina egoera hark erabakia berrestera eraman zuen: "Tabernan hamar bezero besterik ez genituen, eta barra barruan, berriz, lau langile".

Aste Santuaz geroztik, berriz, Kutixi kafetegian ari da lanean, eta, beraz, aurtengo sanikolasak lan berrian ariko den lehenak izango ditu. Festa giroan lan egingo duen arren, ez zaio iruditzen festa usaina gehiegi gerturatuko denik kafetegira: "Ni eguerdian sartzen naiz lanera, eta herriko jaietan, eguerdiak edota arratsaldeak ez dira festa girokoak izaten kafetegietan. Beraz, oso festa des- berdinak izango dira niretzat aurtengoak. Gehienez ere, ohi baino zertxobait beranduago itxi beharko dugu kafetegia, herritarrei afaltzera joateko ordua atzeratzen zaielako poteoan dabiltzanean eta ogia erostera etorriko direlako gero".

Hori da, hain zuzen ere, tabernan edo kafetegian lan egitearen desberdintasunik handiena: "Kafetegian festa giroa ez da kasik usaindu ere egiten. Tabernan, berriz, festa nagusitzeaz gain, aurreko egunak festa horietarako prestatzen pasatu behar dituzu; beharrezkoak izango diren produktu denak izan eta antolatu behar dituzu. Zentzu horretan, behintzat, zailagoa da".

Ohituta

Festa giroan barraren atzealdean lanean aritzeak jaien beste ikuspuntu bat ematen du. Hori argi du Ibarrek: "Barre asko egin dut barraren beste aldean, denetarik ikusi baitut. Gainera, ordu asko ematen ditugu lanean, eta nahiz eta lanean egon, ahalik eta ondoen pasatzen saiatzen naiz".

Barra asko ezagutu eta urte asko igaro ditu lanean, beraz, Ibarrek. Festetan lanean aritzen ohitu egin dela dio: "Azkenean, ostalaritzan bazabiltza, hauxe da tokatzen zaizuna. Gakoa moldatzen ikastea da, dituzun uneak aprobetxatuz festaz gozatzeko. Adinak ere asko eragiten du; gaztetan, jatetxean edo tabernan aprobetxatzen duzu, baina, gaur egun, nahiago dut goizeko giroaz gozatu".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide