San Nikolas jaiak 2024

Nahi dugun Orio horren bila

Anuska Esnal 2024ko abe. 5a, 10:00

Orio Gukak sanikolasetarako kaleratu duen egunkarirako Anuska Esnal alkateak idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Nahi dugun Orio horren bila.

Orio errioari eta itsasoari lotutako herria izanda, ontziak portuan kulunka gozoan atseden hartzeko garaia izaten zen negua; ospatzeko egunak ziren, hilabeteetako lan luzearen ondoren. Horrela, historian zehar, garaira egokitutako mami eta moldeetan egin dute algara gure herriko plazan kontserberako langileek, baserritarrek, ontzigileek, Aragoira izokina eramatera joaten ziren emakumeek...

Gaur egun bestelakoak dira lanbideak, baina, oraindik ere, gure eguneroko erronka eta zailtasunei aurre egiteko, behar-beharrezkoak ditugu lagunarteko solasaldiak, buruhandien aurreko korrika saioak, aske maitatzea, kantatzea, dantzatzea...

Orioren ehundura askotarikoa da, zorionez, eta guztiok osatzen dugu herria

Orioren ehundura askotarikoa da, zorionez, eta guztiok osatzen dugu herria: udalak, herri mugimenduek, elkarteek, eragile zein norbanakoek... Eta, guztiontzako moduko festak egiteko, ezinbestekoa da herria heztea, ahalduntzea eta saretzea. Hori da, hain zuzen, udalaren asmoa: denen ahotsak jaso eta guztion artean egitaraua jostea. Aurten ere izango dugu zer hobetu eta zertaz hausnartu, baina argi dugu zer nahi dugun: festa parte hartzaileak, askotarikoak eta askeak.

Berdintasunean, inklusibitatean, sexu identitate eta aukera guztiekiko errespetuz, kalea eremu segurua eta askea izateko helburu irmoa dugu

Berdintasunean, inklusibitatean, sexu identitate eta aukera guztiekiko errespetuz, kalea eremu segurua eta askea izateko helburu irmoa daukagu. Badakigu bide luzea daukagula oraindik ibiltzeko eta ez dugula beti erabat asmatuko; baina, urte osoan bezala, jaietan ere nahi dugun Orio horren bila jarraituko dugu, alai eta kontziente, umorez eta tinko. Herritar guztiek aske gozatuko dituzten plazak sortzeko konpromiso sendoarekin eta, Olatz Salvadorren kantuak dioen bezala:

Atzamarrak basan

Ikusten ez denaren gainean dantzan...

Gora sanikolasak!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide