San Nikolas jaiak 2024

"Aske sentitzea eta aske izatea kontu bat da, eta nahi dugun guztia egitea beste bat"

Erredakzioa 2024ko abe. 3a, 11:00

Festak ondo pasatzeko gonbidapena helarazi dute Saregileko arduradun diren Aizpea Esnaolak eta Miriam Garciak, beti ere, giro "sanoa eta elkarren zaintzan oinarrituta". Gainera, plazan puntu morea jarriko dutela gogoratu dute, "indarkeria matxistaren prebentziorako".

Festetan denei gustatzen zaie ondo pasatzea. Hala ere, emakumeen aurkako eraso gehien gertatzen diren eremuak dira jaienak. Horren aurrean, zer mezu helarazi nahiko zeniekete oriotarrei?

Oriotarrei esan nahi diegu ondo pasatzea besteei ondo pasaraztearekin lotuta dagoela. Besteei gozarazten ari garenean, gure gozamenaren esperientzia askoz ere aberasgarriagoa da; beraz, festak esperientzia hori sentituz eta disfrutatuz bizitzera gonbidatzen ditugu herritarrak. Giroa sanoa eta elkarren zaintzan oinarritua denean, zoragarria da parranda egitea. Aske sentitzea eta aske izatea kontu bat da, eta nahi dugun guztia egitea beste bat.

Indarkeria matxistaren aurkako puntu morea jarriko dute, sanikolasetan zerbait gertatuz gero, herritarrek nora jo izan dezaten. Zer helburu ditu gune horrek?

Gune horren helburua indarkeria matxistaren prebentzioa da. Gai horrekin lotutako eskuorriak, pegatinak eta beste hainbat material eskuratu ahalko dira han, eta indarkeria matxistan adituak diren bi pertsonarekin hitz egiteko aukera ere izango dute herritarrek. Festetan edo festen testuingurutik kanpo ikusten eta bizitzen ditugun indarkeria matxista kasuak kontatzeko eta salatzeko helburua ere badu, Emagineko langileek bildutako guztia txosten batean jasotzen baitute udalarentzat. Herritarrek gaiaren inguruan izan ditzaketen zalantzak eta kezkak adierazteko eta barruak husteko gunea da, hasiera batean.

Horrez gain, festetan erasoren bat gertatzen bada, puntu morea izango da erreferentziazko gune feminista. Han, adituak erasotuari eta haren inguruari babesa eta baliabideak eskaintzeko prest egongo dira. Bestalde, eraso matxistei aurre egiteko gida zabaldu du udalak, eta han ere zenbait jarraibide eta kontakturako bide daude jasota. Gonbidapena egiten diegu herritarrei kontaktu horiek erabiltzeko; momentuan bertan edo beste egun batean, baliabide horiek erabiltzeko zalantzarik ez egiteko. Horretarako daude.

Non izango da puntu morea? Zer egunetan? Eta zer ordutegi izango du?

Eraso matxisten aurkako gunea abenduaren 5ean, 6an eta 7an egongo da plazan, Turismo Bulegoaren parean, eta 22:00etatik 02:00etarako ordutegia izango du.

Orioko festak parekideak direla uste al duzue? Zer bide egin daiteke zentzu horretan?

Festak parekideak izateko saiakerak egiten dira, eta herritarren artean bada horretarako borondatea. Baina, oraindik, bide horren hastapenetan daude. Jarrera eta egiteko modu matxistak dituen herri batean bizi gara, eta aldaketek kontzientziazio, borondate eta lanketa handiak eskatzen dituzte.

Festak antolatzeko modua aspalditik datorren eredu batean oinarrituta dago, eta mugimendu feministak beti esan duen bezala, aldaketak errotik egin behar dira benetako iraultzak gerta daitezen. Aurrera begira, pentsatzen jarri behar dugu Orion nolako festak antolatu eta jaso nahi ditugun, zer helburutan eta baliotan oinarritutako jaiak nahi ditugun erabakitzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide