San Nikolas jaiak 2024

Hesiaren beste aldetik

Aiora LarraƱaga 2024ko abe. 2a, 18:00

Orio Gukak sanikolasak direla-eta kaleratu duen egunkarirako Aiora Larrañagak idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Hesiaren beste aldetik.

Tokiko kazetaritzan hamazazpi urtez buru-belarri lanean aritu ondoren, aurten ikuspuntu berri batetik biziko ditut sanikolasak, oriotar gehienek bezala, hesiaren beste aldetik. Berria izango da niretzat, eta, gure artean, hein batean festa barrutik bizitzearen falta sumatuko dudan arren, uste dut etxekoek gustura hartuko dituztela presarik eta joan-etorririk gabeko jaiak.

Oso txikiak zirenetik ikusi naute semeek kamera eskuan hartuta argazkiak ateratzen

Oso txikiak zirenetik ikusi naute semeek kamera eskuan hartuta batean eta bestean argazkiak ateratzen, eta zaharrenak egun seinalaturen bat zetorren bakoitzean galdetzen zidan: "Ama, argazkiak atera behar al dituzu oraingoan?". Ezin kontatu zenbat ekitaldi izan diren: herriko jaiak, Gabonen bueltako desfile eta ekitaldiak, inauteriak, kirol txapelketak, udaberriko azokak, udako askotariko ekitaldiak, estropadak, arraunlarien ongietorriak, Gazte Festak, auzoetako jaiak... eta horrelaxe egin nezake zerrenda luze-luzea. Bidean, gainera, argazki kamerak eta nik izan dugu maitasun-gorroto harreman gorabeheratsua. Izan ere, ez zaitezte deskuidatu, erretratu onak ateratzeko trebea izan behar da, bai horixe. Nire indargunea, ordea, idatzizko komunikazioa izan da beti, eta buruhauste eta anekdota bat baino gehiago eman dizkit kamerak, batez ere festetan.

Joan-etorriak bai, baina ordainetan tokiko kazetaritzak eskaintzen du lanbide gutxik ematen duten aukera, eten- gabe gauza berriak deskubritzekoa. Horixe da, hain zuzen ere, lanbide horretatik gehien maite dudana, bizilagunak ezagutu eta euren proiektu eta ekintzetan sakontzea; askori arraroa irudituko bazaio ere, ibilbide berrian horretan saiatzen ari naiz.

Lehen ez bezala, orain festak muinetik aztertzen ditut

Beti dago zer ikasia, zertan hobetua, eta gaur egun dudan ikuspuntuak eman dit festen inguruko beste begirada bat. Lehen ez bezala, orain herrietako festak aztertzen ditut muinetik, jaiak iritsi baino hilabete dezente lehenago horiek antolatzen hasteko erabakia hartzen den unetik, alegia. Momentu horretan hasten da atzera kontaketa, eta martxan jartzen da elkarteen eta udaleko sailen arteko koordinazio lana, erloju baten engranajea bailitzan. Helburua: aurrekontuari ahal den etekin handiena aterata herritarren gustuko jaiak antolatzea, eta aitortu behar da horretarako ezinbestekoa dela tokiko eragileek egiten duten ekarpena. Horiek dira herrietako festen motorra, elkarlanik gabe ezinezkoa litzatekeelako herritik eta herriarentzat sortutako festak antolatzea.

Horixe gertatzen da Orion ere. Imajinatu ezazue: zer lirateke sanikolasak Peio eta Nikolasa dantzan jartzen dituzten taldeko kideen gogorik gabe; buruhandiz jantzita ateratzen diren gazteen ilusiorik gabe; Danbolin musika eskolako trikitilarien, txistularien Sala- txo abesbatzaren edo herriko txarangaren doinurik gabe; haurren krosa antolatzen duen atletismo taldeko kideen parte hartzerik gabe; herrigintzan sinetsita txosnan eta beste hainbat ekitalditan boluntario lan egiten duten oriotarren ekarpenik gabe; horiek denak koordinatzeko sanikolasetan lanean buru-belarri jarduten diren teknikari eta udal ordezkarien konpromisorik gabe; tabernari eta ostalarien lanik gabe, edo San Nikolas jaien nondik norakoak jaso eta guztien eskura jartzeko batera eta bestera joan-etorrian ibiltzen diren kazetarien ahaleginik gabe. Horiei guztiei esker ospatuko dira festak beste behin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide