San Nikolas jaiak 2024

"Herritar denek goza dezaten egina dago aurtengo egitaraua"

Erredakzioa 2024ko abe. 2a, 11:00

Aratz Arregi, Leire Iturralde eta Beza Ijurko oriotar gazteek aurtengo San Nikolas festetako batzordearen bileretan parte hartu dute azken hilabeteetan, eta horien inguruko aurreikuspenez eta sentipenez hitz egin dute Orio Gukarekin.

Nolako sanikolasak datoz aurten? Zer nabarmenduko zenukete?

Leire Iturralde: Jendetsuak izango direla esango nuke. Asteburuan izango dira, eta horrek jendea erakartzen lagunduko du. Badakigu Durangoko Azoka ere asteburu berean izango dela, baina inguruko herrietan ez da beste festarik. Sanpedroetan justu alderantzizkoa gertatzen da: Usurbilgo eta Zarauzko festen artean gelditzen dira. Sanikolasetan, ordea, libre izaten gara, zentzu horretan, eta horregatik esango nuke jai jendetsuak izango direla.

Aratz Arregi: Zubia ere bada, eta egia da azken urteetan jende askok kanpora joateko ohitura hartuta zuela. Dena den, sanikolasei esker, herritarrak gero eta gehiago gelditzen dira festetan.

Egitarauaren zer atal da aipagarriena?

A. A. : Herritar denek goza dezaten egina dagoela: haurrek, helduek, gazteek... Denetarik aurki daiteke egitarauan; goizez nahiz arratsaldez izango dira ekitaldiak, eta, noski, gauez ere bai.

Beza Ijurko: Edozein ordutan izango ditugu ekitaldiak oriotarrek eta kanpotarrek disfrutatzeko.

"Asteburuan izango dira festak, eta horrek jendea erakartzen lagunduko du"

Zerbait berezia baldin badute sanikolasek, hainbat taldek eta eragilek parte hartzen dutela da hori, baita adin eta gustu desberdinetako herritarrei bideratutako ekintzak izaten direla ere. Ez al da hala?

L. I. : Sanikolasak beste edozein festa baino bereziagoak direla esango nuke, nahiz eta jai denak izan bereziak. Horretan, agian, badu zerikusia beste jai denek baino egun gehiago izateak festarako. Nik lehen aldiz parte hartu dut sanikolasetako Festa Batzordean. Sanpedroetan aritu izan naiz batzordeko lanetan, eta egia da kariño berdina jartzen dugula bi kasuetan, baina bi festak alderatu beharko banitu, sanpedroak, agian, parranda egiteko direla esango nuke, eta, aldiz, sanikolasak gehiago direla Orio herri gisa zer den erakusteko. Hori dela esango nuke desberdintasun nagusia.

A. A. : Nik lehen aldiz parte hartu dut Festa Batzordean, aurrez ez zidan atentziorik ematen eta. Oso eroso nengoen, festak besteek antolatuko zituztela pentsatuz. Baina, egia esan, ikusi dut lan asko dagoela egiteko, eta herriari laguntza emateko prest agertu naiz. Are gehiago, herriak behar gaituela uste dut. Zama handiena betikoek hartzen dute, baina ahal den neurrian laguntzen badugu eta zama hori arintzen badugu, ongietorria izango da beti laguntza.

Lau egunetako egitarau oparoa izango da, ekitaldiz betea. Lan handia eskatzen al du hori guztia prestatzeak?

A. A. : Lehen bilerara joan nintzenean ikaragarrizko lana zegoela ikusi nuen, eta pertsona gutxi. Festak antolatzea zere- gin zaila izango zela pentsatu nuen, baina bilerak aurrera joan diren heinean, arau edo pauso finko moduko batzuk ezarri ditugu: gauza batzuen antolaketa, adibidez, pertsona edo eragile jakin batzuen ardura dela zehaztu dugu. Horrela, nahiko antolatuta zegoen guztia, baina, egia da, era berean, eragile barruan ere antolatu egin behar direla xehetasun denak.

L. I. : Egia da hori. Nire kasuan, adibidez, ni joan naizen arren bileretara, gero eragilearengana joan, informazioa zabaldu eta lanak antolatu ditugu denon artean. Lana ez dago Festa Batzordean, lana atzeko aldean dago, eragilearen barruan egiten diren beste bilera guztietan. Adibidez, nahiz eta Festa Batzordearen lehen bilera irailean izan, gure eragilea sanpedroak amaitutakoan hasi zen sanikolasak lantzen. Izan ere, Durangoko Azokarekin batera izaten direnez festak, artista askok agenda okupatuta izaten dute.

"Festa gauarekin lotzen da, baina elektrotxarangari esker, arratsaldeko giroa ederra izaten da"

Lan horren guztiaren ondoren, festez gozatzeko aukerarik izango al duzue?

A. A. : Beti dago tartea horretarako! Ahal denean lagundu, eta libre zarenean, aprobetxatu. Lana eta aisia uztartzea bezala da, azkenean. Bi ordu izanagatik ere, aprobetxatzen saiatzen gara.

L. I. : Eta lanean gauden bitar- tean ere, gozatu egiten dugu. Txosnetan, adibidez, oso ondo pasatzen dugu, bestela ez ginatekeen han egongo. Boluntario gisa egiten dugun lana izan erren, pozik eta gustura egiten dugu. Ezin gara kexatu.

Zer da San Nikolas jaietan gehien gustatzen zaizuena?

A. A. : Niri bereziki ilusioa egin dit herri bazkariaren hitzordua berreskuratzeak. Egia da azken urteetan ere egin dela, baina orain arte herriko talde batek kozinatzen zuen bazkaria, eta aurten, aldatzea erabaki da: catering enpresa batek ekarriko du janaria, eta kuadrilla bakoitzak lagundu beharko du mahaien muntaiarekin. Kuadrilla bakoitzaren ardura izango da jana zerbitzatzea.

B. I. : Festa, ia beti, gauarekin lotzen da, baina elektrotxarangari esker, arratsaldeko giroa oso ederra izaten da, eta asko gustatzen zait adin desberdinetako herritarrak musikaren inguruan bilduta ikustea.

L. I. : Bigarren eguneko kontzertuen zain nago ni. Genero ikuspegia oraindik sartu gabe dugu festetan, eta pena handia dut, izan ere, protagonistaren rola duen emakume bakarra izango da kontzertuetan. Oso txikia da emakumeen presentzia. Dena den, bigarren egunean, Akaleia bezalako ema- kume indartsu bat igoko da eszenatokira, eta hitzordu horretarako gogoz nago.

"Gu saiatzen gara emakumeen presentzia indartzen, baina oraindik zaila egiten zaigu"

Hurrengo urtera begira, arlo horretatik hobetu nahiko zenituzkete festak? Edo zer egon daiteke hobetzeko?

L. I. : Pedagogia handia dago egiteko oraindik herrian. Herrian, eta musikaren munduan, orokorrean. Gu saiatzen gara emakumeen presentzia indartzen, baina oraindik zaila egiten zaigu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide