Ongizatearen eta desgaitasunaren arteko hesiak gainditu nahian

Julene Sorarrain 2024ko aza. 27a, 09:30

Naomi Mendizabal, Alicia Figueroa eta Justi Hidalgo, Garai Ona Elkarteko kideak. (Julene Sorarrain)

Garai Ona elkarteak jarduera fisikoa eta osasuna uztartzen dituen programa berria sortu du. Desgaitasunen bat edo mendekotasuna dutenei zuzenduta daude saioak.

Alicia Figueroak 30 urte daramatza Orion, eta 20 urte, aldiz, desgaitasunaren eta mendekotasunaren munduan. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziatua da, eta minbizian eta patologian espezializatua. Gainera, saskibaloi jokalari profesional ohia da, eta gaur egun Donostiako Askatuak saskibaloi taldearekin lan egiten du. Hainbat proiektu sortu izan ditu Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin eta Hegalak Zabalik fundazioarekin, eta orain garai berri bati ekin dio. "Lan utzialdia eskatu dut orain arte egin ezin izan ditudan gauzak egiteko, eta hortik sortu da Garai Ona elkartea. Nire lanbidea eta elkarte berria uztartu nahi ditut".

Ongizatearen "hesiak"

Garai Ona elkartea familiartekoen, osasun teknikarien eta desgaitasunen alorreko pertsonen artean sortu dute. Bizitza kalitatea hobetzera eta ongizatera bideratutako ariketa fisikoko eta osasuneko jarduerak egiteko aukera handirik ez dutenei zuzenduta dago. "Administrazio publikoak hainbat laguntza eta kirol instalazio eskaintzen dizkigu, eta gero eta programa gehiago daude desgaitasunen bat dutenei zuzenduta. Baina, patologiei eta ezintasunei dagokienez, ez dago hainbesteko eskaintzarik. Autonomoek parte har dezakete programa gehienetan, baina, aldiz, mendekotasuna duten eta arreta pertsonalizatuagoa behar duten pertsonek, ariketa fisikoa beren beharretara egokitzea behar dute, osasunaren aldez aurreko ebaluazio bat eginez", azaldu du Figueroak.

Kirol zentroetako "hesiak" hor daudela gaineratu du, eta herritar gehienei zerbitzuak emateko prest dauden arren, Figueroak aldarrikatzen du zenbait pertsona kirol zentroetatik "kanpo" geratzen direla. "Desgaitasunaren munduan, egia da lehiaketa kirola egiten duten pertsonek, oro har, irteerak badituztela. Mendekotasun handiena dutenek, kirolari izango ez direnek eta osasunagatik egiten dutenek, ordea, ez dute erraza beren udalerrietan kirol jardueraren bat egitea. Kirola egiteak aukera ematen digu osasuna, segurtasuna, autoestimua eta sozializatzeko gaitasuna hobetzeko, eta aukera horrek denen eskuetan egon behar du".

Elkartearen barruan, Ona programa sortu dute, ongizatean eta osasunean oinarrituta. Saioak bi begiralek gidatzen dituzte; alde batetik, Naomi Mendizabal teknikariak, eta bestetik, Justi Hidalgo soziosanitarioak. "Teknika asko ezagutzen dituzte, eta ariketak indibidualizatzen dakite. Profil ezin hobeak dira laguntza gehiago behar duten pertsona horientzat. Desgaitasunak eta era guztietako zailtasunak dituzten pertsonak ditugu saioetan, eta beren beharretara egokitu behar gara".

Figueroarentzat hori da erronka: ariketa fisikoa bakoitzaren beharren arabera egokitzeko leku bat aurkitzea, taldean. "Osasun eta kirol programa honekin hasi gara, baina 30 helburu ezberdin ditugu hainbat arlotan aldaketak egiteko".

Ona programaz gain, Onarte programa ere hasi dira lantzen. Tailerren bitartez, ariketa fisikoa eta terapia artistikoa uztartu nahi dituzte, terapia mota horretan espezializatuta dauden begiraleen laguntzaz. "Urtarrilean jarri nahi ditugu saioak martxan, inguruko elkarteekin eta horrelako ikastaroetara iristeko aukerarik ez duten helduekin harremanetan jarriz. Helburua artea eta kirola uztartzea da".

Helduekin egindako saio bat, Kosta tailerrean. (Garai Ona Elkartea)

Erronka berriak

Elkarteko kideak beren burua ezagutarazten ari dira, eta inguruan duten laguntza sarea oso handia den arren, "atsekabetuta" sentitzen dira kirol egokituaren gaur egungo egoera ikusita. "Uste dugu online prestakuntza ez dela egokia hezkuntza esparru jakin batzuetarako, eta kirolaren munduan, zehazki, azalekoa dela uste dugu. Presentzialtasuna hain garrantzitsua denez, Gipuzkoako Foru Aldundiari prestakuntza programa bat eskaini nahi diogu, ariketa fisiko osasungarriarekin zerikusia duten gaien inguruan". Desgaitasuna edo menpekotasuna dutenez gain, bakardadea eta gizarte bazterkeria bizi dituztenei ere zuzendu nahi dizkiete tailerrak. Eta ikasturte berriari begira, minbizia duten pertsonei zuzendutako osasun eta ariketa programa bat sortu nahi dute.

Gaur egun martxan duten programa emakumeek soilik osatzen dute, baina astearte eta ostegunetako saioetan talde mistoak eratu nahi dituzte, gizonei ere beren lekua emateko. "Ariketa fisikoa oso lagungarria da jendearen osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko. Garai Onatik hori egituratu nahi dugu, langile profesionalen aldeko apustua eginez, eta talde txikiak sortuta, bakoitzaren beharretara egokituz eta zerbitzu espezializatua eskainiz".

Era berean, hamabost egunetik behin "aitzakia bat" izan nahi dute elkarrekin hainbat jarduera egiteko, besteak beste, bazkariak, dantza, nutrizioari buruz hitz egiteko edo artea sortzeko saioak. "Elkarte honek jendea aktibo mantentzea eta desgaitasunak dituztenentzako erosotasun guneak sortzea bilatzen du".

Orioko Udaletik laguntzak jaso ditu Garai Ona elkarteak, eta oraingoz bi talde sortu dituzte proba pilotua gauzatzeko. Datorren urteari begira, berriz, programa egonkortu nahi dute, eta jarduera fisikoa lantzeaz gain, beste hainbat esparru landu. Tailerretan parte hartzeko edo informazio gehiago eskuratzeko, info@garaiona.com helbidera idatz dezakete herritarrek, baita 635-75 13 39 telefono zenbakira deitu ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide